TOLOSA
Tolosako Udalak gerontologiko berria eraikitzeko joan zen asteartean azaldu zuen asmoak ustekabean harrapatu ditu herritarrak eta zerbitzu horren aldeko plataformak atzo adierazi zuenez, aurreproiektua aurkeztu bada, «herritarrek egindako lanari esker» izan da.
Aurreproiektu berria biharko deituta dagoen manifestazioa baino lau egun lehenago aurkeztu izana salatu zuen plataformak. «Gerontologiko publikoa, erdigunean kokatuta eta kalitatezkoa» eskatzeko deitu du martxara, eta, taldearen ustez, «oso larria» litzateke aurkezpenaren xede bakarra «gerontologikoaren aldeko herrita- rren nahia isilaraztea» izatea.
Horrez gain, zerbitzua egingo bada, egindako mobilizazioei eta presioei esker izango dela nabarmendu zuen, eta Udaletxearen «benetako nahia» itxierarekin erakutsi ziela adierazi zuten. Hortaz, aurreproiektu berriaren aurkezpenak «arrazoia» ematen diela aldarrikatu zuen.
Horregatik guztiagatik, herri plataformako kideek zenbait galdera planteatu zituzten. Alde batetik, gerontologiko berria aurrera eramateko inbertsioa nola bideratuko den jakin nahi dute. Era berean, Udalari eskatu duten proiektua noizko egongo den bukatuta zehatz dezala.
Hala, gerontologiko berri bat lehenbailehen behar dutela aldarrikatu zuten, eta herritarrei manifestaziora joateko deia egin zieten.