Kartzela eskaera haurtzaindegiko hiru langileentzat
·Hiru akusatuen defentsa abokatuak beren absoluzioa eskatu du
Gasteizko Primeros Pasos haurtzaindegiko zuzendariarentzat eta bi langileentzat 3 urteko kartzela zigorra eskatu du Gasteizko Fiskaltzak, «haurrei tratu txarrak etengabe ematea» leporatuta. Akusatuen defentsa abokatuak, aldiz, beren absoluzioa eskatu du.
GASTEIZ
Gasteizko Fiskaltzak eta salaketa aurrera eramaten ari diren akusazio partikularrek hiru urteko kartzela zigorra eskatu dute Primeros Pasos haurtzaindegiko zuzendari-arentzat eta beste bi langileentzat. Haurtzaindegiko guraso talde batek Gasteizko Adin Txikikoen Fiskaltzari jakinarazi zionean ikastegiko langileria beren seme-alabak gaizki tratatzen ari zirelako ustea zutela, lehenengo ikerketak egiten hasi ziren. Fiskaltzaren akusazio idazkiak laburbiltzen duenaren arabera, 2001, 2002 eta 2003 urteetan, akusatuek «nahita eta kontziente izanda» adingabeak iraindu zituzten, eta, horrez gain, tratu txar fisikoak etengabe eman zizkieten. Testuak zehazten duenaren arabera, langileek haurrak jipoitu egiten zituzten, eta, era berean, «iletik tira eta besoetatik arrastaka» eramaten zituzten. Fiskalak ziurtatzen duenez, jokabide horiek guztiak bazkalorduan errepikatzen ziren gehienbat. Herri akusazioa Clara Campoamor elkarteak aurrera eramaten du, eta hiru urteko kartzela zigorra eskatu zuen haurtzaindegiko langileentzat, «tratu txarrak ematea eta haurrak iraintzea» leporatuta. Horrez gain, herri akusazioak salatua gaitasunik gabe uzteko ere eskatu zuen. Clara Campoamor elkarteko abokatu Jose Miguel Fernandezek adierazi zuenez, litekeena da epaiketa uda ostean hastea. Era berean, haurren gurasoek osatzen duten akusazio partikularrak aipatutako zigor berberak eskatu dituztela ziurtatu zuen. Akusatuen defentsa abokatuak, aldiz, absoluzioa eskatzen duela jakinarazi zuen. Jose Miguel Fernandezek jakinarazi zuenez, gaur egun Primeros Pasos haurtzaindegiak zabalik jarraitzen du, eta, gainera, akusatuak lanean jarraitzen dutela nabarmendu zuen. Bere garaian, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak haurtzaindegia ikertu zuen, eta «ikastokiko langileriaren jokabide eta profesionaltasunak hezkuntzarako giro atsegin eta zuzena» nabarmentzen zuela ondorioztatu zuen.
|