Batasuna eta Segi, prozesuarentzat nazioartean babesa bilatzeko lanean
Euskal Herriak bizi duen une politikoaren garrantziaz jabetuta eta gatazkaren konponbide demokratikoaren aldeko indarrak biltzearren, azken sasoian hainbat herrialdetara joan dira Batasuna eta Segi. Irtenbide demokratikoaren aldeko atxikimendua eta inplikazioa bilatzea dute xede. Indar abertzaleko ordezkariak Errusian izan berri dira, eta asteartean Helmut Markovekin bildu ziren Europako Parlamentuan. Gazte erakundeak, aldiz, Danimarkara egin du bidaia.
BRUSELA
Gatazka konpondu ahal izateko prozesu demokratikoa behar dela uste dute Batasunak eta Segik, eta bide horren aldeko indarrak eta babesa biltzen saiatzen ari dira azkenaldian, bai eta nazioartean ere. Batasuna buru-belarri ari da lan horretan. Horren adibide dira Jonan Lekuek orain aste batzuk Danimarkara egindako bidaia, eta Gorka Elejabarrietak eta Eusebio Lasak Norvegiara eginikoa; aste honetan, berriz, Ixidro Esnaola eta Lekue bera Errusiara joan dira «bertako eragile politiko eta komunikabideekin biltzera».Indar abertzaleak atzo azaldu zuen joan den asteartean Elejabarrieta Europako Parlamentuan egon zela, GUE Europako alderdiaren zuzendaritzako kide eta euskal prozesuaren aldeko friendship taldearen lehendakari Helmut Markov eurodi- putatuarekin bilduta. «Euskal Herriko egoeraz hitz egiteko parada izan zuten eta Batasunaren aurkako erasoen gainean interesa erakutsi zuen». Batasunaren aburuz, oso garrantzitsua eta beharrezkoa da nazioarteko inplikazioa «gatazkaren konponbidea demokratikoki bideratzeko». Gainera, zehaztu zuen azken hilabeteotan «atxikimendu andana» jaso duela eta nazioarteko eragile politikoak «beren esku dagoena egiteko prest» azaldu direla. Nazioarteko indarraren eta babesaren beharra Segik ere ikusi du, eta azken egun hauetan Danimarkan izan da herrialde hartako SUF gazte erakundeak gonbidatuta. Aste osoa egin dute han euskal gazte erakunde horretako ordezkariek, eta atzo prentsa adierazpenean azaldu zuenez, hainbat eragilerekin gazteak zein gizarte arlokoak bilkurak egiteko aukera izan dute egun horietan: SUFekin berarekin eta Alemaniako SOLID gazte erakundearekin egon dira, bai eta talde feministekin eta ikasle mugimen- duko ordezkariekin ere.
Elkarlanaren beharra
«Euskal Herriak bizi duen une politiko honetan oso garrantzitsua ikusten dugu nazioartean hemengo egoeraren berri ematea, bai eta gatazkaren konponbidean nazioartearen inplikazio ahalik eta zuzenena bilatzea ere», nabarmendu zuen. Dena den, beste zeregin baterako ere baliatu ei zuen bidaia: «Ikuspegi kapitalista batetik garatzen ari den Europako eraikuntza prozesuari aurre egin eta gazteon eskubideen defentsa egiteko, ezinbestekoa iruditzen zaigu Europako gazte ezkertiar eta iraultzaileen artean garatu beharreko elkarlana».«Helburu horri erantzuten dio azken urtean nazioartean egin dugun lan eskergak», gaineratu zuen. Besteren artean, Venezuelako Munduko Gazte Foroan, Palestinan, Irlandan, Alemanian, Italian eta Atenaseko Europako Foro Sozialean egon da Segi, eta kanpotik ere etorri dira Euskal Herrira (azkenekoz, Gazte Topagunera). Nazioarteko ildo horretan lanean jarraitzeko asmoa duela jakinarazi zuen, «internazionalismo aktiboa garatzen, bai eta ezkertiar eta iraultzaile diren gazte erakundeekin elkarlana jorratzen ere».
|