Jon Agirreren aldeko lanuzteak babes zabala lortu du Arrasaten
DONOSTIA
Jon Agirre Agirianori eta herriko gainerako preso politikoei elkartasuna adierazteko, baita beren eskubideak errespeta daitezen ere, ordu erdiko lan etenaldia egingo dute gaur, 12.30etik 13.00etara, Arrasaten, Jon Agirre Herri Ekimena plataformak deituta. Mobilizazioak talde politi- koen eta hainbat eragileren sostengu zabala lortu du. EAJ, Batasuna, EB, Herri Anitza, Aralar, Zutik eta EAE-ANV alder- diek nahiz ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek bat egin dute deialdiarekin. Horiez gain, Arrasateko beste elkarte eta antolakundeek babestu dute, hala nola: Segi, Askatasuna, Etxerat, EHE, Bai Euskal Herriari, AHT Ez plataforma, IA, Agako, Santamas eta Maritxu komisiñuek, Realeko jokalari Aitor Lopez Rekarte eta Mikel Gonzalez, G2 Mendi Espedizioko kide Josu Juan eta Ian Silbar, Mendieta Anaia eskalatzaileak, Iker Barandiaran, Maider Egues eta Kaittin Allende kazetariak, Ripeko musikari Jul Bolinaga, Txatxilipurdi elkartea eta institutuko zuzendaritza. «Jendeari animatzeko eta ekimen honetan parte hartzeko dei egiten diogu. Guztiok pixkatxo bat eman eta ahaleginak egin behar ditugu egoera honi buelta emateko», adierazi zion atzo GARAri Enrike Letonak, preso politikoohi eta Herri Ekimeneko kideak.
Beste urrats bat
Duela urtebete pasatxo ekin zioten lanari Agirre Agiriano aska dezaten, zenbait gaixotasun larri eta sendaezin ditu-eta. Udal taldeek, PSEk eta PPk salbu, bi mozio onartu zituzten, bata Euskal Herrira ekartzeko eta bestea 92. artikulua ezar ziezaioten. Espetxeetako erakundeak azken hori ukatu dio nahiz eta 25 urte preso eraman eta zigorraren azken hiru laurdenak aspaldi bete zituen. Legerian egondako azken aldaketak direla-eta, zigor osoa beteta ere ez da kartzelatik irtengo, «Parot doktrina» ezarriko baitiote.«Ordu erdiko lanuzte honekin urrats bat egin nahi izan dugu. Alderdi, sindikatu eta eragile guztiak egotea lortu dugu», nabarmendu zuen Letonak. «Babesa zabala da, horretan ez dago zalantzarik. Arrasaten azkenaldian egin diren manifestazio jendetsuenak Agirre Agiriano kaleratzeko eskatzeko izan dira. Bere egoera larriarekin batera, presoen eskubideen urraketa nabarmendu nahi dugu», helarazi zuen. «Arrasatekopreso Josu Etxeberriari minbizia atera eta operatzeko ekartzea lortu genuen. Hor dugu ere bai Iñaki Gaztañagaren kasua; hamar urtez luzatu diote espetxe zigorra. Jon eta beste guztiak etxera ekarri bitartean lanean jarraituko dugu», esan zuen.
Elkartasuna areagotu beharra
Egungo egoera kontuan hartuta, presoek Euskal Herrian egon behar luketela gaineratu zuen eta «prozesua aurrera joan ahala, kalean».Arrasateko esperientzia eta bertan lortutako sostengu handia beste herri batzuetan errepikatzera animatzen du. «Borroka armatuaren aitzakia jada iraganeko kontua da, beraz, ez dago aitzakiarik urratsik ez egiteko. Denon artean, elkartasuna areagotu eta aurrera egin behar dugu. Ekintzak egiten jarraituko dugu; une berezia bizitzen ari gara eta halako ados- tasuna lortzea oso garrantzitsua da», helarazi zuen. Gaurko deialdiak izan duen harrerarekin pozik azaldu arren, mobilizazio horrekiko EAk izan duen jarrera «harritzekoa» izan dela esan zuen; izan ere, ez da atxiki. Era berean, hilabeteko azken ostirala izanik, Etxerat-ek 19.30erako Udaletxe aurrean antolatu duen elkarretaratzean parte hartzeko deia egin zuen Jon Agirre Herri Ekimenak.
|