Allianz-ek 7.480 langile kaleratuko ditu
Allianz seguru etxeak Alemanian 7.480 lanpostu murriztuko dituela jakinarazi zuen atzo, enpresak etekinak dituen arren. Talde horretako zuzendari batek azaldu zuen berregituratze plana «behar-beharrezkoa» dela etorkizunean «neurri gogorragoak» har ez daitezen. Lanpostuen murrizketa hori datozen bi urteetan gertatuko da.
FRANKFURT
Allianz seguru etxeak 7.480 lanpostu murriztuko ditu Alemanian datozen bi urteetan, enpresak etekinak dituen arren. Taldeko ordezkariek atzo adierazitakoaren arabera, iragarritako murrizketa hori berregituratze plan batean sartzen da, negozioaren eraginkortasuna hobetzeko eta bere jardueren modernizazioa lortzeko helburuarekin.Hain zuzen ere, Allianz Alemaniako 5.000 langile inguru kaleratuko dituzte, Dresdner Bank-eko beste 2.480 langilerekin batera. Lehengo murrizketari dagokionez, hainbat egoitza itxiko dituzte, hamar bulegorekin soilik geratuko baitira. Berregituratze plan horren leloa “3+One” izango da. Allianz seguru etxeko zuzendari Michael Diekmannek adierazi zuen sasoi onena dela enpresaren hazkundea bermatzen duten estrategiak bideratzeko. «Indarrezko posizio batean gaude eta halako gauzak egiteko gai gara», aipatu zuen, eta neurri hori hartu ezean etorkizunean «neurri gogorragoak» hartu beharko lituzketela esan zuen. Diekmannek onartu zuen etekinak dituzten enpresetan lanpostuak murriztea ez dagoela ondo ikusia Alemanian. Hala eta guztiz ere, neurri horiek «behar-beharrezkoak» direla berretsi zuen, eta etorkizunean horrelako egitasmoak aurrera eramateko «presio» handiagoa izango dutela argudiatu. «Badakit ideia hauen aurka jende asko dagoela Alemanian, hots, etekinak dituzten enpresetan lanpostuak murriztearen aurka. Baina Alemanian, azkeneko urte hauetan, seguru etxeen negozioan batez ere, bezeroak eta merkatu kuota galtzen joan gara», justifikatu zuen Allianzeko zuzendariak.
|