GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-06-23
Xabier Unanue - EGIko Aberri Batzordeko kidea
Zorionak, Montenegro!

Joan den hilean Montenegrok bere independentzia aldarrikatu zuen. Izan ere, maiatzak 21ean, montenegroarren botoen %55,5 independentziaren aldekoak izan ziren parte-hartze oso altua izan zuen erreferendumean (ia %87). Orain negoziaketak hasiko dira Serbiarekin, bien arteko bizikidetza berria arautzeko. Erabakitzeko eskubidea, negoziatzeko betebeharra... indartzen doan printzipio bat.

Seguru asko Montenegro ez da Euskal Herriarentzako eredurik egokiena: Europar Batasunetik (EB) kanpo, asko sufritu duen eta sufritzen ari den lurralde baten... Lehenago ere esan digute abertzaleoi Euskal Herria «balkanizatu» nahi dugula, eta ez onerako hain zuzen... Horregatik gure ereduak beste batzuk dira: EB barruko estatu independenteak. Montenegroko prozesuaren legezko oinarria gorabehera, zerak dauka guretzat garrantzia: hura garatzeko metodoa independentziaren gaineko erreferenduma, eta haren emaitza, nazioarteko komunitateak, EBk eta Serbiak, denak ontzat eman dutela, gero eta ohikoagoa den printzipio eta praktika arrunta berretsita. Eta EBren praktika arruntaren adierazle den neurrian interesatzen zaigu batez ere. Montenegrok berak ere EBra begiratzen du, erreferendumaren ostean eginiko adierazpenen harira. Bruse- latik erantzuna berehalakoa izan da: lehenbailehen hasiko dira Montenegrorekin integraziorako negoziaketak.

Sarri galdetzen digute Euskal Herri independente bat oparoa izan daitekeen Espainiatik eta EBtik kanpo. Baina kontua da EHk independentzia lortuko balu ez dagoela argi zergatik utzi beharko liokeen EBren parte izateari, eta zergatik galduko lukeen oparotasuna. EH independente batek Espainia parte den eta EBren eratzaile diren nazioarteko tratatuei lotua jarraituko lukeen ikusteko, lehengo eta behin, juridikoki, zuzenbide publikoari aditu behar diogu, 1969ko, 1978ko eta 1986ko Vienako Konbentzioen harira nazioarteko tratatuen jarraipenaren arazoa aztertzen duten arauei. Bestalde, nazioarteko praktika arruntari eta EBren beraren praktikari aditu behar zaie. Horrela, ikusten da gaur egun jarraipenaren aldeko hautua dela nagusi, eta, EB, Montenegroren kasuan ikusten denez, europar Estatuak barneratzearen alde dagoela beti, baldintza ekonomiko eta giza eskubideak betez gero, are gehiago jadanik EBren parte badira.

Orokorrean EB barruan herrialde txikiek abantaila ugari dituzte: Merkatu itzel baten parte izatea bermaturik dagoela, independentzia lortzeak ez du salerosketetarako trabarik suposatzen. Bestalde, Estatu gisa negoziatzeak bere errepresentatibitatea handitu egiten du, estatu handiez gain, izatez EB oraindik orain estatu independenteek osatutako klub bat baita, eta estatuen botoek populazioaren botoek baino indar handiagoa dute. Aldiz EBtik kanpoko beste merkatuekin negoziatzeko orduan, negoziaketak EBk eramango ditu. Merkatuaren dimentsioa eta norbere merkatugai eta zerbitzuak saltzeko askatasuna bermaturik daudela, estatuaren tamaina handia traba bihurtzen da, eta txikitasuna abantaila: Estruktura administratiboen neurri mugatuak kostu admi- nistratiboak murriztu eta malgutasun handiagoa ematen dio herrialdeari, baldintza gero eta aldagarriagoek irudikatzen duten ekonomia globalizatu eta deslokalizatu batean. Iraganean ez bezala, gaur egun sistema ekonomikoaren barne sinergia positiboak dimentsioa baino garrantzitsuagoak dira oparotasuna bermatzeko. Azkenik, goi mailako ekonomiako erabakitze guneak kanporatu ditugun neurrian (EB-ra) hurbilekoenaren kudeaketarako erabakitze guneak lurralde murritzago batera mugatzeak gobernua goberna- tuetara hurreratu eta bere kontrola eta gardentasuna errazago egiten du.

Horiek horrela, EH, baita EAE bera ere, arrazoizko estatu independente izan daiteke EB barruan, orain bezain oparo edo oparoago. Zenbakiei aditzea besterik ez dago: EAEk 2,1 milioi biztanle ditu, eta EBren batezbesteko per capita errentaren %122,9. Euskadi-Nafarroa-Akitania eskualde- aren pisu ekonomikoa (BPG) EBren % 1,3 zen 1998an, ordutik handituz joan dena. Zenbaki horiek alderagarriak dira EBren parte diren hainbat estaturekin, horien artean oparoenak: Luxenburgo (0,41 milioi biztanle eta EBren BPGren % 0,21), Irlanda (4 milioi biztanle eta EBren BPGren %1,09). Tamaina ekonomiko antzekoa edo txikiagoa dute Finlandiak, Hungariak, Danimarkak, Lituaniak, Letoniak... Herri txikien artean daude biztanle aberatsenak dituzten herrialdeak, hau da, BPG per capita altuena dutenak: Luxenburgo (EBren batez besteko per capitaerrentaren %221,9 du), Irlanda (%140,4) eta Holanda (%124,8). Espainiak, aldiz, % 98,01 du beste estatu handien azpitik.

Hortaz, Montenegrorekin ez ezik, Luxenburgorekin amets dezakegu geuk, hori bai, Montenegrori bezala erabakitzeko eskubidea ematen badigute. Orain dagokiena montenegroarrei zorionak ematea da, etorkizun oparoa izan dezatela desiratu, eta, eurak nahi duten bezala, Europar Batasunera azkar sartzea. Gure partetik, Euskenburgotik, zorionak Montenegro! -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Errauste planta edo parte hartzerik eza
Jendartea
El Pleno decide ubicar la incineradora en Landarbaso
Jendartea
Multan a Iberdrola con 300.000 euros
Jendartea
El proceso de paz, Osasuna y Volkswagen, protagonizan las pancartas de San Fermín
Euskal Herria
Gantxegi queda en libertad y el juez Grande-Marlaska encarcela a Harocarene
Euskal Herria
Osakidetzako lan deialdian euskararen ezagutza eskaera ez da %20ra iritsiko
Ekonomia
Elorrieta: «Dos de cada tres euros de la imposición directa son de rentas del trabajo»
Kirolak
Revuelta africana contra los «yankees»
Mundua
Israel anuncia que mantendrá su política de «asesinatos selectivos»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss