Emakumeak dira protagonista Uda Erakusketako obretan
·Hugues Maurice Arcachongo eskultore ospetsua da aurtengo ekitaldiaren gonbit nagusia
DONIBANE GARAZI
Uda Erakusketak ateak zabaldu zituen ostiral gauean. Urteroko tradizioari eutsiz, artisten obrak ikusgai dira Izurako pentze, pareta, ostatu, eliza eta beste hainbat lekutan. Horrekin batera, Hugues Maurice Arcachon herriko artista ospetsua gonbidatu dute aurten, eta haren erakusketa berezia ere ikusgai dago herrian abuztuaren 20ra arte. XVII. edizioa du aurten Izurako Uda Erakusketak. Haize Berri kultur etxeak antolatua, Donejakueko ibilaldiaren bidegurutze garrantzitsua den herrixka horrek EuskalHerriko eta kanpoko artistak jasotzen ditu udako bi hilabeteetan. Urtean zehar belarra eta zuhaitzak nagusiki ikusten diren gune baztertuenetan artisten obrei utziko diete lekua, eta ezohiko paisaia sortuko dute. Oraingoan hogei bat artisten obrak ikusgai dira. ‘‘Emakumea’’ gai nagusi dutela, artistak gehien inspiratzen dituen arte forma askatasun osoz baliatzeko aukera izan dute, eta horren emaitza abuztuaren 20ra arte ikusten ahal da Izuran. Parte hartzaileen artean, artista ospetsu eta ezezagunak, gazte eta helduak daude. Juan Luis Goenaga urtero parte hartzeko usaina hartu duen artistarekin batera, Loretxu Bergouignan, Bizidekiko Guillaume Ospital, Bastien Prost, Stephane Agasseau, Irene Borda, IñakiOlazabal, Josette Dacosta, Zoe Bray, Pette Etxebarria, aitziber Akerreta, IñakiViquendi edo Andoni Guiressen lanak daude. Beti ere tradizioari eutsiz, Haize Berrik artista ospetsu bat gonbidatu du erakusketa berezia egiteko. Azken urteotan nagusiki Euskal Herriko artisten lanak azaldu dituzte, eta Hugues Maurice Arcachon herriko eskultorearen erakusketa egitea erabaki dute. Duela zenbait urte Baionako Bonnat Museoan agerraldia egin zuen artistak, eta arrakasta handia izan zuen. Donibane Garaziko herriko etxearen laguntzarekin, Hugues Maurinen lanak apezpikuen etxean azalduak dira. Gerlaren ondotik Ameriketako Estatu Batuetara bizitzera joan zen. Haren arteak arrakasta lortu ondoren, berriz ere, Arcachon herrira joan zen. Han zura eta burdinarekin eginiko forma bereziak lantzen ditu.
|