Euskal musikariekin gau luzea Sopuertan
Bosgarren ekitaldia du aurten Kantaurialdeko musikari so Sopuertan egin ohi den Mendebala jaialdiak. Galiziatik Carlos Nuñez eta Lamatumba bertaratuko dira, Xuacu Amieva izango da Asturiasko ordezkaria, eta lau euskal talde igoko dira taula gainera: Euri Ttanttak, Zura, Mal de Ojo eta Gose. Izan ere, bertoko sorkuntzari babesa eman nahi dio bilkurak.
SOPUERTA
Ostiralean eta larunbatean egingo da Mendebala jaialdia; lehenengo eguna, ‘‘Euskal Herriko bestelako musikak’’ lelopean. Antolatzaileek bertoko sorkuntzari babesa eman nahi izan diote aurten. Izan ere, haien ustez, XXI. mendearen hasieran beharrezkoa da oraindik orain folka existitzen dela oroitaraztea eta aldarrikatzea. «Egun, funtsezkoa da taldeek eta abeslariek gure musikaren transmizio eta berriztapenean egin duten lana eta sormena aitortzea, ahal denik eta begirune eta laguntza handiena eskainiz, hala oinordetza kulturalaren jarraipena bermatzen delako». Argudio horri erantzungo dio aurtengo ekimenak.Euri Ttantak taldeak irekiko du ostiral gaueko kontzertua. Amurrioko banda 2003. urteaz geroztik jardun da jendaurrean. Haizearen eta errekaren hotsetara hurbiltzen dira abesti batean baino gehiagotan. Arabarrek Zurari emango diote lekukoa. Banda horrek badu disko bat, ‘‘Ilargi handi zauri zarae’’. Lorca eta Lauaxetaren poemetan oinarritutakoa da, eta oso harrera ona izan du. Bossanova, jazza eta hip hoparen eraginetatik edaten du. Mal de Ojo da EuskalHerriko hirugarren ordezkaria. Boskotearen lanik berrienak ‘‘Mestijaia’’ du izenburu. Rumbatik abiatuta, son, pasodoble eta dantzarako zein ongi pasatzeko beste erritmo batzuk nahasten dituzte donostiarrek. Azkenik, Goseren proposamena ezagutzeko aukera izango duMendebala jaialdiko publikoak. Arrasateko hirukoteak trikiari buruzko kontzeptu berri bat garatzen du, elektronikarekin uztartuz. Larunbateko gauari, berriz, Xuacu Amievak emango dio sarrera. Ibilbide luzea du egina gaita jotzaileak, eta, hala, izen ezaguna da jada bai Asturiasen bai handik kanpo. Tradiziotik edaten du, eta gaitarako herriko melodien artxibo zabala du, daudenen artean osatuenetakoa. Carlos Nuñez sobera ezaguna da folk munduan. Vigon sortua da, eta 18 urte besterik ez zituen The Chieftains irlandarrekin Charlton Heston eta Oliver Redden ‘‘La isla del tesoro’’ filmeko soinu bandarako jo zuenean. Lehenago ere, 12 urterekin, bakarlari gisa jarduna zen Lorienteko Orkestra Sinfonikoarekin (Bretainia). Gaita eta pikoko flauta jotzen ditu, baina beste tresna ugariz inguraturik agertzen da agertokian; gitarra, bouzouki, biolina, soinua, kontrabaxua eta perkutsioa izaten ditu ondoan. Lamatunba izango da Mendebalatik igaroko den azken taldea. Soinu freskoa dakar reggae, rock, rumba, sanba, funka eta beste batzuk uztartuz. Aurreko urteetan bezala, artisau azoka izango da bi egunetan, ostiralean goizaldeko ordu biak arte. Larunbatean euskal dantzen erakustaldia egingo dute, 18.30ean, Urreztieta eta Ibai Lorak taldeekin.
|