Bere irakur zaletasun eskasaz esaten denaren erdia bederen egia bada, litekeena da Bush lehendakariarentzat ezezagunak izatea Mendebaldeko garaikide gehienok noiz edo noiz, nola edo halako bertsioren batean, irakurri behar izan ditugun Grimm anaien ipuinak. Hala balitz, eguneroko digest-ak prestatzen dizkioten aholkulariek, edo Negropontek berak, gaurko parada profitatu beharko lukete eguneko txosten-bildumaren artean Hamelingo xirulariaren kondairaren la- burpentxoa tartekatzeko. Etxe Zuriko mahai gainean dituen nahasteetako batzuk ulertzeko argitxoren bat ea pizten zaion kaskoan.
Alemaniar tradizioak dioenez, gaurko egunez («San Joan eta San Paulo egunez, hots, ekainaren 26an»), agertu omen zen Saxonia Garaiko Hameln-en kolore askotariko arropak zeramatzan xirulari bat... Sasoi hartan, arratoiz josirik zegoen herria; inork ez zuen uztak salbatzeko edota izurriteak ekiditeko modurik aurkitzen. Xirulariak, haatik, esan omen zien hamelindarrei: «Zer emango didazue zuen arratoi guztiak desagerrarazten baditut?». Sinesgogor baina etsita, hamelindarrak ez ziren itzulinguruka ibili: «Denak akabatzen badituzu, schilling bana emango dizugu herritar bakoitzeko».
Hortik aurrerakoa ere ezaguna da: arratoiak (999.999 omen, tradizioak dioenez) Wesser ibaian itoarazi zituen xirulariak. Baina zor zitzaiona jasotzera joan zenean, hamelindarrek muzin egin zioten schilling bana ordaintzeari. Eta xirulariak, herritarrak mezetan zeuden bitartean, bere soinu-tresna berriro joz herriko ume guztiak eraman omen zituen bere atzetik, dantza eta dantza, auskalo nora...
Makina bat idatzi da Grimm anaiek jaso eta ospetsu egin zuten herri-kondaira honen sorburu historikoaz, eta teoria ezberdinak eraiki dira hartaz. Gutxiagotan hausnartu da, ordea, ipuinaren edukiak planteatzen duen auzia, politika edota estrategiaren munduan hain unibertsala: premia larri batetik ateratzeko ezinbestekoa den aliatuak, agindu zaion edo espero duen ordainik gabe aurkitzean, berean, baina aurkari moduan, jarraitzeak erakar dezaken galera handiagoa.
Ez dakit Hamelingo xirularia eta, demagun, Bin Laden (iraganean) edo Karzai eta Malikiren artean Estatu Batuentzat eman daitezkeen kidetasun ikusgarriez jabetzeko gauza ote den Bushen garuna. Baina, gutxienez, konturatuko al da mezetan denbora gehiegi emateak dituen arriskuez! -