GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-26
Xorroxin irratia: 25 urte Baztan-Bidasoako uhinak astintzen eta askatzen
Eskailerak jarri, lehen solairuko gela librera igo, eta leihoari ostiko bat emanda sartu ziren gazte batzuk Erratzuko eskola zaharrean. Han jaio zen Xorroxin irratia, 1981eko martxoaren 19an. Ordutik eskualde osora zabalduz joan da, irrati aske izatetik soldata jasotzen duten langileak izatera pasatu daŠ Aldatu ez den zerbait ere bada, ordea: umilki eta euskaraz herritarrengana iristeko ilusioa.

Euskal Herriko tokiko irrati zaharrenetako batek, Nafarroa iparraldeko Xorroxinek, 25 urte bete ditu. Ospatzeko, inguruko rockeroen lanak biltzen dituen diskoa kaleratu eta Oskorriren kontzertua antolatu zuten. Heldu diren hilabeteetan ere zer edo zer egitekotan dira. «Oraindik ez dugu ezer erabaki, baina ziur asko irratsaioren bat eginen dugu jendearen aitzinean», esan zuen Josetxo Apezetxea esatariak.

Denboran gibelera egin, eta Erratzuko ur-jauziaren izena duen irratiak lehenengo urratsak nola egin zituen ekarri zuen gogora kazetariak: «1978an hasi ziren Baztandarren Biltzarra Elkartearen inguruan zebiltzan gazteak estudio txiki bat sortzeko ideia garatzen. Hiru urte geroago, Erratzuko eskola zaharreko gela libre batean baimenik gabe sartu, eta lanari ekin zioten. Xumuxu eta Joseba Igarabide izan ziren sustatzaile nagusiak. Gehienbat musikari buruzko saioak egiten zituzten, baina gizarte mugimenduei aterabidea ematen ere ahalegindu ziren».

1985. urte inguruan irrati libreen goraldia izan zela nabarmendu zuen Apezetxeak. «Xorroxin ere irrati askea zen: bakoitzak nahi zuena egiten zuen inori azalpen handirik eman gabe, eta ez zegoen lanposturik. Baina urteak joan ahala, hutsune bat bazela ikusi zuten, egunero gutxienez ordubeteko emisioa ziurtatu beharra zegoela. Pertsona batek egunean lau ordu ordainduta lan egitea erabaki zuten azkenean. Berak bizkarrezurra izanen zen saioa egitea zen asmoa, eta hori gainerako programekin hornitzea. Pixkanaka-pixkanaka lanpostuak sortzen joan ziren horrela», adierazi zuen.

Orain, Xorroxinen astelehenetik ostiralera ari diren zortzi langileek soldata jasotzen dute, baita larunbatetan ari denak ere. Musu truk diharduen jende ugari ere bada: laguntzaileak, herrietako berriemaileak, ostiralero ‘Jo ta Rock’ saioa egiten duten Bortzirietako gazteak...

«Irratiaren langintza profesionalizatzeko ezinbestekoa izan da diru sarrerak handitzea. Administrazioak ematen digun laguntza edozein arrazoi dela-eta bertan behera geratuko balitz, larri ibiliko ginateke. Alde horretatik, publizitateak babestu egiten gaitu, geuk sortutako diru sarrera delako. Bazkide batzuk ere baditugu, 120 bat. Kanpaina handiagoa egin beharko genukeela iruditzen zait, 300-400 bazkide izatera irits gaitezkeen ikusteko. Agian 25. urteurrena une egokia izan daiteke horretarako», adierazi zuen Apezetxeak.

1998an Xorroxinek Nafarroako Gobernuaren lizentzia lortu zuen, urte askotako borrokaren ondotik. Lesakan izan zen lehiaketa. Aurretik, irratikoek hainbat ekitaldi egin zuten herritarrei informazioa emateko eta, ahal izanez gero, proiektua aberasteko.

«Lesakan estudio txiki bat martxan jartzea oso garrantzitsua izan zen, inguru horretako jendearengana hurbiltzea ahalbidetu baitzuen. Baztanen hasi baginen ere, helburua eskualde osoko irratia izatea da: Baztangoa, Bortzirietakoa, Malerrekakoa, Bertizaranakoa...», azaldu zuen.

Erratzun zeudelarik, herri inguruan soilik aditzen ahal zen irratia. Bagordi mendian errepikagailua ezarri zutenetik, ordea, leku gehiagotan entzun zitekeen, ia Baztan osoan. Gero- ago, Bagordi baino mendi garaiago batean jarri zuten, Legaten, eta horri esker jende gehiagorengana iritsi zen Xorroxin. Larrungo errepikagailuak, berriz, Bortzirietara eta Lapurdiko kostaldera ere heltzea ekarri zuen.

Aurreneko urteak Erratzun eman ondoren, Xorroxinekoak Elizondoko Fortenea ostatura joan ziren. Bertan zeudelarik, bi aldiz sartu ziren guardia zibilak, eta behin irratia itxi ere egin zuten. Mari Karmen Irungarai esatariak azaldu zuenez, gorabehera horien ondoren, tabernari kalterik ez egiteko, Saskaitz Plazako Manolo Irigoienen etxabera eraman zuten irratia. «1991 eta 1999 arteko urteak, aldiz, Iruritan eman genituen, alokatutako etxola zahar batean», esan zuen.

Azkenik Elizondora itzuli ziren, Baztango Udalak San Frantzisko Xabier eskolan tokia utzi baitzien. Orain, agudo alde egin beharko dutela jakinarazi diete, eskola hazten ari delako eta eremu handiagoa behar duelako. «Xorroxinek lau aldiz aldatu behar izan du lokalez, eta langileoi kokalekua finkatzea gustatuko litzaiguke. Pozik eginen genuke kanpaina bat dirua lortu eta geure lokala izateko. Udalak beste toki bat eskaini digu, ordea, eta ez dakigu kanpaina egitea egokia izanen litzatekeen. Zenbait hilabeteren buruan argituko da zer gertatuko den», adierazi zuen.

Laster, bi webgune

Fermin Gartxitorena kazetaria Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroaz mintzatu zen: «Euskal Herri osoko hainbat irratiren arteko elkarlanaren ondorioa da sare hori. Gehienok herri edo eskualde mailakoak gara: Antxeta, Arrakala, Eguzki, Gure Irratia, Zintzilik... Nafarroa Behereko Arrosa herrian, Euskal Herria Zuzenean jaialdian, irratien mugimenduari eskainitako jardunaldia izaten zen urtero. Han, informatikak emandako aukera aprobetxatuz, lanak trukatzeko leku bat sortzeaz solastatu ziren».

Xorroxinekoek interesgarriak iruditzen zaizkien saioak hautatu eta sarean jartzen dituzte beste irratiek erabil ditzaten, eta besteek egindako lanak hartzen dituzte ekoizpena aberasteko.

«Nafarroako tokiko irratiok beste proiektu bat ere badugu saioak trukatzeko. Interneten bidez egiten denez gero, materiala digitalizatu egin behar izan dugu, eta hori onuragarria izan da. Lehen, musika jartzean maiz trabatzen ziren diskoak. Orain ez dugu halako arazorik», esan zuen langileak.

Aurki, Nafarroako tokiko irratiek eta Arrosakoek webgune bana jarriko dute martxan. «Lehenengoa osatuagoa izanen da, diru laguntza gehiago duelako: informazioa entzuteko aukera eskainiko du eta saio batzuk sarean egonen dira. On line emititzeko aukera ere aztertzen ari gara». -

ELIZONDO


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Dos muertos como consecuencia del vuelco de un todo-terreno en una pista forestal en Trapagaran
Euskal Herria
«Buscan criminalizarnos, ya sea Batasuna, Aralar o ETA»
Euskal Herria
«La batalla de Noain no ha terminado»
Ekonomia
Mittal logra hacerse con Arcelor tras elevar su oferta hasta los 40 euros por acción
Mundua
Erresistentzia Gobernura gerturatzeko asmoz «amnistia» iragarri du al-Malikik
Mundua
Israel, listo para una incursión «masiva» en Gaza tras el secuestro de un soldado
Mundua
Escasa afluencia de los italianos en el referéndum
Kirolak
Los lusos supieron obtener una mayor rentabilidad del barullo
Kirolak
El sumario desvela la implicación de 58 corredores en una compleja trama
Euskal Herria
La represión se ha disparado en 90 días de alto el fuego de ETA
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss