- Bizkaiko Txapelketa
Lapazaranek oso erraz irabazi du
DONOSTIA
Jon Lapazaranek jantzi zuen atzo Otxandion Bizkaiko txapela. Kirolari horrek herrialde horretan gainerakoei alde handia kentzen zien orain dela hiru urte sega uztea erabaki zuenean, eta aurten berriro itzuli denean ez da ezer aldatu, lehen zegoen alde horrek jarraitzen baitu.Atzo 700 kilo pasako aldea kendu zion bigarren postuan amaitu zuen Goioagari. Azkenekoari, berriz, 1.300 kilo pasako aldea atera zion. Ordubeteko lana izateko, aldea ikaragarria da, eta garbi dago Bizkaian Lapazarandik besteetara dagoen aldea ikaragarria dela. Atzo, bigarren posturako eta azkeneko posturako borroka dezentea izan zen, hala ere. Jende dezente batu zen Otxandion finala ikusteko asmotan. Belarra, berriz, ona zegoen, nahiz eta azkeneko euri jasek apur bat nahastuta eta etzanda utzi zuten. Horrek segalarien lana zaildu egin zuen, baina, hala ere, txukun moztu zuten belarra. Saioa hasi aurretik Lapazaran zen irabazteko faboritoa,
eta berehala ikusi zen aurreikuspenak bete egingo zirela. Sailetan segituan
hartu zuen aurre, eta bere sega kolpeak ez zeukan gainerakoekin zerikusirik.
Bigarren posturako emozio handi samarra izan zen, ia beti parean aritu baitziren
Goioaga eta Albizua, baina, azkenean, Goioagak bederatzi kilogatik lortu zuen
bigarren postua. Zigorrei dagokienean, Lapazaran ez gainontzeko guztiek zigor
bakarra jaso zuten, eta, ondorioz, 20 kilo kendu
zizkieten.
|