Mikel JAUREGI
Duela 30 urteko «oilo-ipurdi» bera
1976ko uztailaren 21ean Bergarako herriko plaza jendezl epo zegoen; udaletxe barruan, berriz, hainbat udaletako alkate eta zinegotziak. Foruak ezeztatu zituztela 100 urte betetzen ziren, eta urtemuga hori baliatu zuten hautetsi haiek herri eskubideak eta udalen funtzioa aldarrikatzeko. 30 urte beranduago, berriz elkartu dira, toki berean.
Duela 30 urteko goiz hura euritsua zen, atzokoaren antzik ez. Orduan Bergara jendez gainezka zegoen ikurrinak eta pankartak nonahi; atzo, ez zen halakorik. Orain 30 urte, udaletxeko batzar aretoan hainbat udaletako alkate eta zinegotziak zeuden aurretik, herrian barrena desfilea egin zuten, bakoitzaren herriko izen eta banderekin, jendetzaren txalo artean; atzo, 1976an elkartutako hautetsi haietako zenbait bildu ziren batzar aretoan. Txema Urrutia kazetariak idatzi eta Txalapartak argitaratutako “Alcaldes en lucha. El Grupo de Bergara en la Transición, 1975-1979” libu- ruaren aurkezpena zen aitzakia. Baina ekitaldia, nolabait, omenaldia izan zen, urte haietako lanaren gorazarre.Alkateen Mugimendua edo Bergarako Taldea bezala ezagututako horien jardunari hainbatek eskaini nahi izan zioten babesa:esaterako, Batasuneko Arnaldo Otegik, Mikel Zubimendik eta Juan Joxe Petrikorenak;Udalbiltzako presidente Loren Arkotxak; Aralarreko Juan Martin Elexpuruk; eta herritar frankok. 1976ko uztailaren 21ean Gipuzkoako herri horretan gertaturikoa jasotzen duen bideo baten emanaldiarekin hasi zuten ekitaldia: herriko plaza leporaino, hautetsiak desfilatzen, herritarrak «presoak kalera» oihukatzen eta “Eusko gudariak” kantatzen... eta, azkenik, Jose Luis Elkoro milaka herritar horiei zuzenduz: hain justu, hautetsi haiek adostutako «No es fácil» idatzia irakurtzen. Atzo berriz entzun zuten mezu hura. Txema Urrutiak idatziaren zenbait pasarte irakurri zituen, eta Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohiak adierazi zuen, modu batera edo bestera, «orduko aldarrikapenek bizirik jarraitzen dutela: euskararen ofizialtasuna, ikurrina, amnistia, Lizarrako 31ko Estatutua...». Elkorok bezala, Imanol Muruak nabarmendu zuen ekimen hura herri mugimendutik sortu zela, herriaren nahiei erantzutearren. Urtebete lehenago, 75eko uztailean, Arantzazuko borda batean eginiko bilera «klandestinoa» jarri zuen guztiaren sorburu «eztabaida handia izan genuen, eta bapo bazkaldu», eta Bergaran bizitutakoa deskribatu zuen: «Desfilean oilo-ipurdia jarri zitzaidan; gaur, berriro jarri zait». Horiekin batera ziren Pablo Gorostioaga (Laudio), Patxi Basauri (Elgeta), Prudentzio Larrañaga (Legazpi), Juan Ignacio Uria (Azkoitia), Jabier Errasti (Eskoriatza), Luis Arkauz (Oñati), Jose Mari Kortabarria (Antzuola), Iñaki Aristizabal (Oiartzun) eta Jose Antonio Altuna (Arrasate). Altunak hitza hartu zuen herri eskubideen alde jardun behar dela dei egiteko, alderdikeriak baztertuta. Gauza bera egin zuen Aristizabalek, Xiberta gogoraraziz: «Aukera bikaina izan zen hura gatazka gainditzeko, baina alderdikeriak zapuztu zuen. Orduan ez bezala, arduraz jokatu behar da gaur». -
|