Ana TOLEDO | Euskaltzaina
«Euskarak gaurko bizimodua egiten den tokietan egon behar du»
Antzuolan egin zen Ana Toledo euskaltzainaren sarrera ekitaldia. Juan San Martin zenaren lekua beteko du Akademian. Hala, euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta hemeretzigarren zenbakia duen domina eskuratu zituen atzoko saioan. Euskaltzaindiko kideak, udal agintariak eta euskal kultura eta gizarteko aurpegi ezagunak bildu ziren Antzuolan .
Goizeko hamar eta erdietan elkartu ziren euskaltzain
osoak Antzuolan, Ana Toledoren sarrera ekitaldian parte hartzeko.
Zer sentitu duzu agiria eta diploma jaso dituzunean?
Oso hunkigarria izan da. Euskaldun batentzat ohore handia da euskaltzain oso izatea.Ez bakarrik ohore handia, baita ere erantzukizuna. Nik lehen-lehenik Antzuolako herriari eskertu nahi nioke egindako harrera ezin hobea, baita Udaleko herri ordezkariei ere.
JuanSanMartin ordezkatzera zatoz.Zer nabarmenduko zenuke haren figuraz?
SanMartin euskaltzain urgazle egin zuten 1957an. Oso hamarkada zaila izan zen, baita 60 eta 70ekoa ere. Hor daude diktadura frankistak ezarritako eskubide murrizketa, euskararen agonia, egiteko franko eta, gaurtik begiratzen badugu, orduko hainbat auzi, behintzat, gaindituak ditugu. Hori belaunaldi batek egin duen lanari esker izan da, belaunaldi bat bidegile izan delako eta bideak ireki dituelako. Hor dago JuanSanMartin. Lanerako egunaren ordu guztiak gutxi zituen eta euskara sustatzeari diren eta ez diren ordu guztiak eskaini zizkion.
Euskararekiko, zeintzuk dira zure kezka nagusiak?
Kezka nagusia erabilera da. Azken batez, erabiltzen ez den hizkuntza hizkuntza hila da. Erronka nagusia erabileran daukagu.Horrek ez du esan nahi beste erronkarik ez dagoenik. Esate baterako, momentu honetan jada euskara Internetera eraman behar dugu. Gertatzen dena da aldaketak berebiziko abiaduran datozela. Liburuak mendeetako tradizioa du eta orain liburutik web orrietara pasatzen ari gara. Euskarak gaurko bizimoduari erantzun behar dio eta gaurko bizimodua egiten den tokietan egon behar du.
XXI. mendean, oraindik ere, eguneroko bizitza euskaraz egiteko zailtasunak ditugu.
Gakoa hor legoke, eguneroko gure bizitzako hizkuntza izatea. Egun globalizazioaren, ezagutzaren gizartean bizi gara eta gizarte hori eleanitza da, duela berrogeita hamar urte imajina ezin genezakeen moduan da eleanitza. Gizarte eleanitz horretan gure eguneroko zereginetarako hizkuntza euskara izatea litzateke erronka.«Musen arnasatik Goi-arnasara, euskal
letren barrena» izan da zure hitzaldiaren izenburua. Zeri egiten dio
erreferentzia? Esaten nuen euskal letrak hiru indar nagusik bultzatuta garatu direla XX. mendearen erdira arte: Errenazimendua, Kontraerreforma eta Erromantizismoa. Musak aipatu ditut, euskal idazleak historikoki, XX. mendearen bigarren erdialdera arte, musa profanoak, musa dibinoa eta herriaren izaera izan dituelako inspirazio gune nagusi.
Jean Haritschelhar aukeratu duzu aitabitxi,
zergatik? 1980an-edo sortu zenEuskaltzaindiaren Literatura
Batzordea. Ni batzordearen sorreraz gero batzordeko kide naiz. Jean
Haritschelhar beti batzorde horretako kide izan da. Hamasei urte hauetan hilero
bileretan egon gara elkarrekin. Nire hitzaldia literaturaren alorrean kokatu dut
eta mintzaldiari Literatura batzordekide, egun batzordeburu dudanak erantzutea
iruditzen zitzaidan egokiena.
Miren Azkarateren ostean, bigarren emakumea zara Euskaltzaindian.Zergaitik horren presentzia urria?
Nik uste dut, poliki-poliki gizarteak berdintasunerako norabidea daramala, Euskaltzaindiak ere lerro horretan lan egingo duela eta kopuru hori gehituz joango dela. Egia da oso gutxi dela, baina nik benetan uste dut gizartea aurrera doala eta Euskaltzaindiak ere hala egingo duela. -
|