Bazkaria egin bitartean aprobetxatu behar izan dut gaurko artikulua idazteko. Alboan, ezkaratzean, arrautzak egosten ari dira, beraz, gutxi gorabehera hamar minutu dauzkat lehenbiziko paragrafoak idazteko. Horrelaxe izaten da normalean, eguneroko behar anodino eta prosaikoak poesiarekin nahasten dira. Normalean izan beharko litzatekeen modura.
Suposatzen dut horixe gertatuko zitzaiola Arestiri ere, edo, behintzat, horixe imajinatzen dut, betaurrekoak beti paper artean, paper anodino eta aspergarriak batetik eta bertsoz betetzeko premia zeukaten paper zuri metak bestetik.
Aresti, idazle moduan, denona da, altxor kulturala esan ohi dena, eta abar eta abar. Baina, errealitatean Aresti batzuena da gehiago beste batzuena baino. Esan genezake Aresti portuko langileena dela. Bailandra zurietan, eguzkitan, Ken Folleten nobelak irakurtzen dira.
Poesia mailu bat dela esaten zuen hark, eta nik, baten batek erromantikoa edo klasikoa edo aintzinakoa naizela esango duela jakinda ere, nik oraindik orain horretan sinesten dut. Zenbat gauza esaten dizkiete herriari, batzuek eta besteek. Jendea manifestazio eta mitinetara joaten da eta arengatu egiten zaie. Ondo. Baina inork gogoratzen du gerora ezer? Berba horiek alde egiten dute haizearekin batera, edo udako beroaz urtu egiten dira dzanga artean.
Aitzitik, nork ez du nire aitaren etxea, adibidez, ezagutzen, nork ez du ulertzen, nork ez du gogoratzen, norentzako ez dauka zentzu berezia. Oso entzuna, ados, baina iraunkorra. Poesiaren gaitasunari ez zaio behar besteko garrantzirik ematen.
Eta ez naiz politikaz ari, munduaz ari naiz. Inguratzen gaituen mundu gris, zoro eta ulertezin hau geureganatu eta besteek ikusten ez duten ikuspuntuaz begiratu; orduan, bere funtsaz jabetu eta gero, ariketa horretan indarrak emanda, besteei eskaini, trukean ezer eskatu gabe. Hortxe daukazue poesiaren zentzu eskergaitza, eta, era berean, gaitasun amaiezina.
Gaur hasi dira aurtengo poesia egunak Ean, urtero Gabriel Arestiren Etxeari egiten dioten ekarpen xumea. Bere etxe horrek beti zutik iraun dezan ahalegina egin beharko da; beraz, bere irudiari eutsi. Hura beti saiatu zen egia bilatzen, aurkitzen eta besteoi erakusten. Ea gaur egungo literaturaren mundu indibidualista, elitista eta hain lausengu merke honetan horrelako zerbait egiteko gai garen.
Eta orain barkatu, bazkaria zain daukat. -