GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-07-22
Jesus Etxebarriaren «borroka bizia» goraipatu du Baionako Euskal Museoak
·1970 eta 1986 urteen artean zizelkariak izandako bilakaera ikusgai da Museoan datorren irailaren 10era arte

«Canción del mío Cid», «Udaberriko Sakroa» eta «genesia» Jesus Etxebarriak 1970 eta 1986 urteen artean landuriko obra nabarmenenak ikusgai dira Baionako Euskal Museoan ondoko irailaren 10era arte. Hiru ziklo horietan banatuta erakusketak hogeita hamar bat zurezko eskultura bildu ditu. Erakusketa horren bidez, Kanbon bizi baina sortzez arabarra den artistaren bizia omendu nahi izan du Museoak. Hala, urteetan izandako bilakaera agerian jarri du.

BAIONA

Jesus Etxebarria Barambio Arabako herri batean sortu zen 1916a urtean. Aurten 90 urte beteko dituela-eta, Baionako Euskal Museoak «ezagupena merezi duen» artista kanboar horri omenaldia egin nahi izan dio.

Olivier Ribeton museoko kontserbadoreak zera esan zuen: «Haren urtemga ospatzeaz gain, artistaren bizia omendu nahi izan dugu, borrokari loturiko bizia izan baita».

Museoko arduradunak Jesus Etxebarriaren biziaren lehen partean «besteentzat lan egiten» aritu zela gogora ekarri zuen.

«Familiakoak artistak zituen, eta gehienbat harria lantzen zuten. Hasieran Jesus Etxebarriak harrizko monumentu zenbait landu zituen, baina haren obra gehienak egurrezkoak dira. Kanbora bizitzera joan zelarik, bizi berria izan zuen, eta garai horretan hasi zen beretzat lan egiten», gaineratu zuen Ribetonek.

Jesus Etxebarriak, izan ere, hogei urte zituela Estatu espainoleko Gerra Zibilean parte hartu zuen Arabako batailan errepublikanoekin. 1937an Santoñan frankistek atxilotu zuten. Hasieran hiltzera kondenatua izan bazen ere, zortzi urteko kartzela zigorra eman zioten.

Toledoko Alcazarra berreraikitzen aritu zen garai horretan. 1944an aske utzi zutelarik Kanbora ihes egin zuen. Gaztetasuneko lehen urte horiek gogorarazi nahi izan ditu Euskal Museoak, beraz, eskaini dion omenaldiaren bidez.

Arteari lotua

Artista gisa bizi osoa eman dio bere obrari Etxebarriak. «Lantegian etengabe lanean izan da publikoaren ezagupenetik urruti», esan zuten EuskalMuseoko arduradunek.

Baztertua izan arren, Etxebarriaren lana behin baino gehiagotan goraipatua izan da. 1966an arte kritikaren saria eman zion Andre Maurois frantses ministro ohiak.

1979an Parisko Pompidou erakustokian erakusgai jarri zituzten haren obrak, eta 2005ean Gasteizen egina izan zen “Orain” taldearen erakusketan ere parte hartu zuen.

Jorge Oteizak, izan ere, talde horretan parte hartzeko proposatu zion Etxebarriari. Baionako erakusketaren estreinaldia ostegun arratsean egin zuten, eta Ribetonek Etxebarria Oteizarekin konparatu zuen; bi artisten obrak guztiz kontrakoak zirela nabarmendu zuen. «Etxebarriaren obrak ez dira kontzeptualak eta oso sentsualak dira», eman zuen aditzera Ribetonek.

Ondoko irailaren 10era arte zabaldua da Etxebarriaren erakusketa Museoan. Bertan artistak gaztetasunetik 1986ra arte izandako bilakaera ikus daiteke. Horretarako, museoak zizel lanak, hainbat gelatan jarriak, hiru talde edo ziklotan banatu ditu. Hain zuzen, 1970. urtean Etxebarriak egindako “La canción del mío Cid” hamaika obra polikromizatuek osatzen dute lehen zikloa.

«Serie horren bidez erbestea, sententzien injustizia, baina baita amodioa eta elkartasuna ere goraipatuak dira. Iberiako legenda bat landu arren, bere euskal nortasunaren sentimendua gaineratu dio artistak», argitu zuen Olivier Ribetonek.

Museoak finkaturiko bigarren zikloan, Igor Stravinsky konpositorearen musiketan inspiratua Etxebarriak eginiko “Udaberriko sakrua” obrak erakusgai dira. Kanboko herriko etxeari eskaini zion artistak hamar obraz osaturiko serie hori. «Konpositorearen erritmoa irudikatzeko euskal artearen sinboloak baliatzen ditu Etxebarriak, hau da, borobila, karratua, kakotsa, ilargia eta eguzkia», jarraitu zuen esaten museoko arduradunak.

Eta, azkenik, Museoko beste gela batean, 1965 eta 1986a artean Etxebarriak eginiko “Genesia” obra azaldua dago. Hamahiru zizel lanez osatua, Ribetonen esanetan, garai horretan «oso indar espresiboa» agertzen da eskulturetan.

«Jesus Etxebarria urteetan aritu da bere lantegian materiaren bihotzean argia sortzeko lan egiten. Eta azken serie horretan ikerketa horren emaitza ageri da», argitu zuen Museoko arduradunak.

Zizelaren laguntzarekin, azken serie horretan, haritz handietan lan tresnaren eragina adierazten utzi du artistak. Serie horren obra esanguratsuenak “Eguzkia, Ilargia eta Izarra” deituriko Luminarioak dira. 1965 eta 1969 urteen artean eginak, egur handi horien tartean argiaren eragina agerian jarri nahi izan zuela adierazi zuen azkenik Olivier Ribetonek.

Angelu, Kanbo eta Etxebarriaren kolekzioa

Jesus Etxebarriak obra ugari egin ditu, eta horietariko asko bilduma pribatuetan daude. Baina, urtez urte Lapurdiko bi herri lotu dira artistaren lanean; Angelu eta Kanbo. Bi herri horiek bilduriko obrak dira ikusgai Baionako Euskal Museoan. Horiekin batera, Etxebarriak berak atxikiriko lanak ere badaude. Artistak, bestalde, Baionako Museoko bilduma aberastu du, bi obra eman baitzituen erakustokia irekitzean. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Una resolución que interpela a Ibarretxe
Jendartea
Algo más de un millar de personas dice «no a la incineración» en Astigarraga
Euskal Herria
Duela 30 urteko «oilo-ipurdi» bera
Ekonomia
CNN compra La Naval por 16,7 euros el metro cuadrado, según la oferta a SEPI
Mundua
Israel amaga con una gran operación terrestre dada la resistencia de Hizbula
Mundua
Llega un cayuco con cinco muertos
Kultura
McCoy Tyner interpretará canciones nuevas y de la época de «Impulse!»
Kultura
«Euskarak gaurko bizimodua egiten den tokietan egon behar du»
Euskal Herria
El Ararteko acusa al Departamento de Balza de ocultación de pruebas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss