GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-07-22
25 urte dira Mattin bertsolaria hil zela
1916ko urrian jaio zen Mattin Treku bertsolaria Ahetzen eta herri horretan hil zen gaur hogeita bost urte, 1981eko uztailaren 22an. 65 urteko mundualdia egin zuen eta, gorabehera larriak bizi izango bazituen ere, jendaurrean agertu zuen aurpegia erabat irribarretsua izan zen. Berak Auspoa bildumarako idatzi zituen bi liburuak eta hil ondoan Mari Treku alargunak idatzitakoa bildu ditu bakar batean Antonio Zabalak. Liburuaren izena «Mattin bertsularia» da.

Azken mendeko bertsolaritzaren aurpegirik irribarretsuena izan zen. Antonio Zabalak, Auspoako hiru liburuak bildurik, berrargitaratu duen “Mattin bertsularia”n ageri diren argazkiei begira jartzen bagara, ez dugu Mattinen bakar bat ere serio edo gogotxarturik aurkituko. Izan ere, patxadan bizitzea gustuko zuen gizona baitzen, berari buruz kontatzen den pasadizoa egia bada. Semea txikia zelarik, aitak bizikletan jarraitzen omen zion eskolara. Bueltan zetorrela, auzoko gizon batek ea nondik zetorren galdetu omen zion. Mutikoa eskolara eramatera joan zela, arrebaren etxean bazkaldu zuela eta emaztearen bila zihoala erantzun omen zion. Auzoko gizonak ordulariari begiratu eta honela esan omen zion:«Zaude oinon oren erdi bat gehixeago eta berriz tenorea duzu bilarat gateko...».

Semea parisera

Mattin bertsolaria hil eta urtebetera argitaratu zuen Mari Treku alargunak “Mattin, nere gizona” eta liburu horrekin zabaltzen da Zabalak orain atera duena.

Mari Trekuk egin duen Mattinen argazkian argia da nagusi, baina badira itzalak ere. Alargunak atzera begira jarri eta aletzen dituen oroitzapenak oso argitsuak dira. Mulienea etxeari eskaintzen dion atalean, esaterako, deskribapen nostalgikoak egiten ditu. «Bizitza goxo bat ereman dugu elgarrekin. Egun guzia lanean ariturik, arasa heldu zenean, kartetan hartzen ginen, sos pixka bat jokatuz. Negua zelarik, gaztainak suan emanik, aritzen ginen zoinek hobekienik erre. Gero, Mulieneko arnotik edan baso bat edo biga, berdin xahatotik ere. Gure arasaldeko filma hola iragaiten zen. Denbora hetan ez zen telebisionerik, ez eta ere radiorik. Jurnalak noiztenka erosten ziren berrien jakiteko», kontatzen du. 1950eko hamarkadako kontuak ziren. Bikoteak izan zituen makurrak gainetik bezala pasatzen ditu. Mattinek familia handia izan nahi zuen eta seme bakarra izan zuten, beste bat bidean galdu baitzitzaien eroriko baten ondorioz. Eskolako kontuak, Mulieneko mahastia, mobileta berriari eskaintzen dion atala, Urtezahar egunean Sarako gazteekin egiten zuen eskeko ibiliari buruzko gorabeherak eta beste hainbat pasarte umore handiz kontatuak daude. Atal oso bat eskaintzen dio Mari Trekuk Mattinen ateraldiei ere. Baina bada atal bat garaiko bizimoduaren gogortasuna adierazten duena ere. “Semea Parisen” da izenburua eta postan lanean hasi eta Parisera nola bidali zuten kontatzen du.

«Muliene ontasunez ttipiegi baita, semea igorri zuen fatur (postari) Bidartera. Bi urte pasatu zituen han eta postako nagusiak konkurrak pasarazi ziozkan. Konkurretan on hartua izan zen. Baina nahi bazuen segitu lan hortan, behar zuen Pariserat joan. Etxerat etorri zenean paperak erakutsi ziozkan aitari, erranez:

­Aita, orain zer egin behar dut? Pariserat gan behar dut ala etxean egon?

Mattin, burua apaldua, isilik zagon. Halako kolpe bat bezala sendi zen haren baitan. Nigarra jautsi zitzaion bi begietatik. Hartu zuen semea bi besoen artean:

­Jean-Pierre gaizoa! Ikusten diat, hi harat ganez gero, neke izango dela berriz itzultzea. Gure etxea akabo izenen duk hi gabe. Ez diat kuraiarik izanen bakarrik lotzeko lanari.

Eguna etorri zenean, bihotza bete-betea genuen hiruek. Ez jakin zer erran elgarri». Biarrizko geltokian aita-semeak elkarri emandako agurra, ondoko egunetako tristura, semearen gutunak sukaldean nola irakurtzen zituen eta bizitzako pasarte triste horren beste hainbat kontu kontatzen ditu. Biarritzera itzuli zen arte bost urte igaro ziren.

Antonio Zabalak hiru liburuak elkarturik 361 orrialdeko liburu bakarra osatu du eta horietatik erdiak baino gehiago, 147 orrialde, alargunak idatziak dira. Horietan garaiko adiskideen argazkiak ere egiten ditu, hala nola Piarres Lafitte, Labegerie, Manuel Uztapide eta, noski, Xalbadorrena. Bertso lanari orrialde asko eskaintzen dizkio eta zer esanik ez azken urteetako omenaldi egun eta gorazarrei.

Lezoko jatorria

Mattin bertsolaria Ahetzeko Haarrieta baserrian sortu zen. Bere aita ere etxe horretantxe sortua zen, baina aitaren aita Lezokoa zen, karlisten bigarren gerran, mutil koskorra zelarik, gurasoekin Ahetzera joana.

1940an Mattinen familia Mulienea baserrira aldatu zen. Handik Gipuzkoako eta Nafarroako mendiak ikusten dira:Jaizkibel, Aiako Harria, Larrun, Ibanteli, Artxuria, Artzamendi eta Baigura.

1947ko uztailean ezkondu zen Mattin Maria Oilandegirekin. Arbonako alaba zen.

Familiatik zetorkion Mattini bertsotarako joera. Amaren lehengusu bat ­haren ama eta Mattinena anai-arrebak ziren­ bertsolaria zen. Hura ere Mattin zen izenez eta Gariador deituraz. Arrangoitzekoa zen eta bertso-paperak utzi zituen. Mattinen alargunak bere liburuan atal oso bat eskaintzen dio Garidor horri. «Arrangoitzeko herri bestak egin izan dire nere orroitean. Urte batez mundua bildu zen antzara jokoa egin zutelarik. Ondotik, Mattin Gariador eta Capdeville xaharrak pertsutan egin zuten saio bat guztiz pozgarria. Zer esku zartak heien ateraldiei!», dio Maria Trekuk. Bestalde, amaren aldeko aitonari ere bertso asko ikasi zizkion Mattinek. Aitona horren osaba ere bertsolaria zen. Mattin hura ere bai. Inhargue deituraz. Baina Xexenko esaten zioten. 17 urterekin Sarako bestetan hasi omen zen bertsotan. Goizean arbi-jorran jardun, etxean bazkaldu eta bizikletan joan omen zen Sarara. Bertsolari bakarra ari zen kantuan, Panpale esaten ziotena. Orduko gazteek ez zutela bertsotarako gogorik esaten zuen. Lagunek behartu zuten Mattin eta mahai baten gainetik hasi zen kantuan. Ez zen gehiago inoiz isildu. -

DONOSTIA


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Una resolución que interpela a Ibarretxe
Jendartea
Algo más de un millar de personas dice «no a la incineración» en Astigarraga
Euskal Herria
Duela 30 urteko «oilo-ipurdi» bera
Ekonomia
CNN compra La Naval por 16,7 euros el metro cuadrado, según la oferta a SEPI
Mundua
Israel amaga con una gran operación terrestre dada la resistencia de Hizbula
Mundua
Llega un cayuco con cinco muertos
Kultura
McCoy Tyner interpretará canciones nuevas y de la época de «Impulse!»
Kultura
«Euskarak gaurko bizimodua egiten den tokietan egon behar du»
Euskal Herria
El Ararteko acusa al Departamento de Balza de ocultación de pruebas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss