- KAE - 2 Multzoa
Lutxanak goiko postuetara hurbildu nahi du etxeko proban
A.A.
DONOSTIA
Lutxanak aukera ezin hobea du gaur bere etxean (Erandio, 13.00) emaitza on bat lortu eta sailkapenean tartea ireki duten Kaiku eta Ur Kirolaki zertxobait hurbiltzeko. Bi horiek, berriz, KAEko bigarren multzoko talde indartsuenak direla erakutsi nahi dute Erandioko uretan.
XIX. Erandioko Bandera denboraldiko hirugarren estropada puntuagarria izango da eta ontziek erlojuaren kontra egin beharko dute lan, irteera minutu bateko tartearekin hartuz. 5.556 metroko ibilbidea bost luzetan banatu dute antolatzaileek eta, beraz, traineruek lau ziaboga gainditu beharko dituzte. Irteera Erandioko kaiaren parean hartuko dute parte-hartzaileek, lehen eta hirugarren ziabogetarako balizak La Naval ontziola parean egongo dira eta bigarren eta laugarren ziabogetarako beste balizak Lutxana Arraun Elkartearen egoitzaren parean kokatu dituzte.
Ordezkarien bilera goizeko 11.30ean egingo dute Lutxanaren egoitzan eta hamar taldek hartuko dute parte estropadan: Kaiku, Ur Kirolak, Lutxana, Portugalete, Colindres, Donibane Ur Joko, Urola Kosta, Deustua, Algorta eta Raspas. Sei ontzi bizkaitar, hiru gipuzkoar lapurtarren laguntzarekin eta kantabriar bat nor baino nor Lutxanak antolatuko duen estropadan.
|