A.A.
DONOSTIA
Apurka-apurka Kantauriko Arraun Elkartearen lehen multzoa badoa aurrera eta gaur hirugarren estropada jokatuko dute Pasaian (17.00, Pasaiako Badia). Trintxerpek antolatuko duen XXII. Pasaiako Ikurrinak sailkapen nagusian lehen zuloak irekitzeko balioko du edo, batek daki, agian, egoera oraindik gehiago nahaspilatu dezake.
Oraingoz, Getaria dago lider 20 punturekin, Santurtzi bigarren postuan dago 19rekin eta San Pedro hirugarrenean 18 punturekin.
Badirudi hiru horiek direla traineru indartsuenak denboraldi hasiera honetan, baina Trintxerpek etxean lehiatzeak ematen duen adorearekin eta Isuntzak goian egoteko taldea baitaukate sailkapeneko lehen postuak gehiago estutzen saiatu beharko dute.
Lehen txandan Pontejos, Zierbena, Ciudad de Santander eta Donostia Arraun arituko dira. Bigarrenean Camargo, Hondarribia, Isuntza eta Ondarroak egingo dute arraun. Hirugarren eta azken txandan lehiatuko diren beste lau ontziak Trintxerpe, San Pedro, Santurtzi eta Getaria izango dira.
Pasaiako estropadak sekulako garrantzia izango du, gainera, taldeentzat asteburu gogorra izango baita. Gaur arratsaldeko probaz gain, lehen multzo horretako hamabi traineruek beste hitzordu bat izango dute bihar eguerdian Camargon. Orain artean, estropada bakarra izan dute ontziok asteburuan, baina hemendik aurrera egindako esfortzua bikoizten hasi beharko dute.
Gaurko probako irabazleak 2.160 euroko dirusaria eskuratuko du, bigarrenak 1.800 eurokoa eta hirugarren sailkatuak 1.320koa. Ordezkarien bilera 15.30ean egingo dute.