GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-22
Apaizac Obeto espedizioa
Bidaiak lehorrean izango du segida
XXI. mendeko erosotasunak XVI. mendeko arrantzaleen bizimoduagatik ordezkatuta abiatu zen orain sei aste Apaizac Obeto espedizioa. Behin etxera itzulita, bidaiaren amaiera iritsi dela esatetik urrun, espedizioa hasi besterik ez dela egin ziurtatu dute bidaiariek, eta oinak lurrean jarri eta egunerokotasunera itzultzeko denbora beharko dutela aitortu badute ere, epe laburrean forma hartzen joango diren zenbait proiekturen gainean mintzatu dira; akiturik dauden arren, oraindik ere geratzen zaie arrantzaren historia berreskuratzen jarraitzeko indarrik.

DONOSTIA

Espedizioa ez da amaitu. Horixe ziurtatu dute Apaizac Obeto proiektuaren lantaldeko kideek, eta sei astez Ternuan euskal arrantzaleen aztarnei jarraika ibili ostean, historia berreskuratzen hasi besterik ez direla egin ziurtatu dute. Quebecetik Red Bayraino zazpiehun itsas milietan zehar ­1200 kilometro inguru­, XVI. mendeko marinelen larruan sartu eta naturaren eta Ternuako itsasoaren mende bizi izan dira bidaiariak, eta abenturaren alderdi aipagarrienak etxeratu eta hurrengo egunean bertan azaldu zituzten, Donostiako Aquariumean.

Bidaia geografian zehar, sentipenen bidez eta denboran atzera eginez egitea lortu dutela-eta, pozarren azaldu zen patroi lanetan aritu den Xabier Agote Albaolako kidea: «Ez genuen espero espedizioa antolatzeko indarra, kemena eta baliabideak izango genituenik. Gure asmoetako bat orain arte liburuen bidez ezagututako historia bizitzea zen, eta egin dugu», esan zuen. Euskal itsas-historia gizartera hedatzeak duen garrantzia nabarmendu zuen Agotek, eta eskerrak eman zizkion Jon Maia espediziokideari, bidaian zehar kronista papera bete baitu.

«Itsas-historiaren pasarterik inportanteena ezkutaturik egon da orain arte, eta hemendik aurrera ere hori berpizten jarraituko dugu», azaldu zuen. Izan ere, zenbait proiektu dituzte esku artean eta bidaiaren ikus-entzunezko dokumentala eta liburua argitaratuko dituztela nabarmendu zuten. Argazki erakusketak eta hitzaldiak ere ez dira faltako, eta, beraz, espedizioaren berri izan nahi duenak ez du aitzakiarik izango.

Mi’kmaqtarrak eta euskaldunak

Kanadarrek eta indigenek proiektuarekiko erakutsi duten jarrera ere goraipatu zuen Agotek, ekainaren hasieran espedizioari ekin ziotenetik euren laguntza etengabe jaso baitute.

Mi’kmaq etniako indigena bat, Aaron, Behotuk ontziko tripulatzaileetako bat izan da, eta etnia horrek euskaldunekin historian zehar izan duen harremanaezagutzeko aukera izan dute. Hizkuntzen arteko bateragarritasuna begi bistakoa dela aipatu eta XVII. mendera arte harremanak izan zituztela ere azaldu zuten.

Espedizioko kideek era berezian gogoratzen dute Mi’kmaq herriarekin igarotako denbora; festa bidezko harrera antolatu zieten, eta, bertako musika Jon Maiaren bertsoekin nahastuz, une gogoangarriak bizi izan zituztela ziurtatu zuen bertsolariak: «Gogoa genuen mi’kmaqtarrekin batzeko, ezagutzeko... Eta herrixka txiro horretan, ordura arte aurkitu ez genuen kultura aberastasunarekin egin genuen topo».

Bidaiariek garai hartan arrantzaleen kanpaleku zirenak ere bisitatu zituzten, eta guztietan egin zieten harrera bikaina izan zela nabarmendu dute. Ontzia gerturatzen ikusi orduko harridura aurpegia jartzen omen zuten: «Baina, euskaldunak ginela esan eta denek zuten gure herriaren berri, denek zekiten zerbait gure kulturaren gainean». Euren oinordekoek euskaldunei buruzko istorioak kontatzen zizkieten mi’kmaqtarrei. Esate baterako, orduko euskaldunak lanbro artean nabigatzen onenak zirela esan eta Mi’cmaq herriak euskal txalupak arrantzarako sarritan erabili dituela aipatu omen zieten. Tripulazioaren hitzetan, mendeetan zehar ona izan zen bi herrien arteko harremana, eta hori guztia egiaztatzeko aukera izan dute Apaizac Obeto espedizioaren bidez.

Aurkezpenean Oarsoaldeko Garapen Agentziako, Pasaiako eta Lezoko Udaleko eta Irusoineko ordezkariak ere egon ziren. Era batera edo bestera, denek eman diote laguntza proiektuari eta denek nabarmendu zuten espedizioak euskal arrantzaleen eta baleontzien historia berreskuratzeko bidean duen garrantzia.



Ikus-entzunezko dokumentala eta liburua, Durangoko Azokarako prest
Apaizac Obeto espedizioko tripulazioak Irusoinkako talde bat izan du bidelagun Ternuako bidaian zehar, eta helburuetako bat euskal arrantzaleen historia berreskuratu eta gizarteratzea dela aintzat hartuz, bidaiaren kronikak jasotzen dituen ikus-entzunezko dokumentala argitaratuko duela iragarri du Irusoinkak. Azken sei asteetan jasotako ikus-entzunezko material guztia antolatzeko astia beharko den arren, Durangoko Azokarako kaleratzea espero du Irusoinkak, eta, bertako ordezkariek azaldu dutenaren arabera, bideoak bidaiaren alderdi sentikor eta gertukoenak batuko ditu. Hartara, euskal arrantzaleen historia eta Ternuan utzitako aztarnak gizartearen eskura jartzeaz gainera, espedizioko kideen sentipenak ere bilduko ditu dokumentalak. Bere aldetik, Jon Maia idazle eta bertsolariak espedizioan zehar idatzitako kronikak liburu batean bilduko ditu. Euskal Herrira itzultzean azaldu zuen legez, testu bakoitza «pasioz» idazten ahalegindu da, eta bidaiaren gogortasunak dezente zaildu omen dio lana. -



Gaur arte iraun du XVI. mendeko euskal arrantzaleen aztarnak
A.A.

DONOSTIA

Espedizioko kideen ordezkaritza lanak betez, Jon Maia bertsolari eta idazleak ­espedizioan, arraunlari eta kronista lanak bete dituenak­ Ternuako bidaiaren nondik norakoak kontatu eta xehetasunak eman zituen. Aipatu zuenez, Amerikako iparraldean topatu dituzten euskal arrastoek erakarri zuten bereziki Maiaren arreta eta, azaldu zuenez, espedizioko kideentzat «zoragarria» izan da zenbat aztarna dagoen ikustea.

Bidaian zehar arrasto horietako ugari ikusi badituzte ere, toponimiari dagozkienek esanahi berezia hartzen dute: «Ederra da portu batera iristea eta euskaldunek portuari izen hori zergatik jarri zioten konturatzea». Adibide moduan, Opor Portura iritsi zirenekoa kontatu zuen: «Portua babestua eta lasaia zela ohartu ginen. Une horietan historiaren zergatiaz jabetzen zara, eta gu duela ehunka urte egindako ibilbideen eta garai hartan utzitako aztarnen zergatia ikusiz joan gara».

Aztarna horien haritik, portuetan egindako harrerak nabarmendu zituen, eta, gehienetan, XVI. mendeko arrantzale haien berri bazutela azaldu zuen: «Izugarria izan zen; jendeak bazuen gure historiaren berri, denek esaten ziguten zerbait euskaldunei buruz. Pozgarria izan da, askotan euskaldunok munduan dugun entzutea gertakari mingarriengatik dela uste baitugu, baina duen itsas historiagatik ere munduan ezaguna da Euskal Herria». Itsas historiaren gainean ere mintzatu zen: «Mende askotan gainerako munduko herrialdeen aurretik joan den itsas historia dugu».

Euren ibilbidean zehar topatu dituzten historialari, arkeologo eta adituez gain, portuetan topatu dituzten arrantzale xumeekin izandako hizketaldiak izan zituen gogoan Maiak, eta euren aiton-amonek euskaldunei buruz kontatutakoek orain arte iraun dutela nabarmendu zuen.

Red Bay, gizateriaren ondare

Quebec izan zen bidaiaren abiapuntua eta tripulazioak hango arrantzaleen bizimodua eta egoera aztertzeko aukera ere izan zuen. Maiak bertako herritarren eskuzabaltasuna goraipatu zuen: «Hunkigarria izan da, euren etxeetara ere eraman gaituzte».

Red Bay «munduko itsaso ondarearen santutegi nagusi» bezala deskribatu zuen, eta laster gizateriaren ondare izendatua izango dela zehaztu zuen; «euskaldunek han utzitako ondareari esker». Kontatu zuenez, bertan lurperaturik lau euskal galeoi daude Kontxakoa baino txikiagoa den badia batean ­horien artean San Juan izenekoa, espediziorako erabili dutenaren originala­, euskaldunek egindako labe eta upeltegiak ere aurki omen daitezke, eta bertan lurperatuta 140 euskal arrantzaleren gorpuak omen daude. «Aintzinako euskal mundu oso bat dago Red Bayn, eta mundu osoko lekurik garrantzitsuenetako bat da. Euskaldunok berreskuratu beharko genuke Red Bayrekiko dugun lotura», esan zuen.

«Edozein baldintzatan»

XVI. mendeko arrantzaleen gisara bizitzea ez da batere erraza izan espedizioko kideentzat, «tokatzen ziren baldintzetan» eta haizearen, ur korronteen eta eguraldiaren mende bidaiatu behar izan baitute. Bidaiariek honakoa azaldu zuten: «Nabigatzea ez zen erraza, edozein baldintzatan egin behar izan baitugu lan; egunero aurkitu behar zen lotarako leku bat, inoiz ez genekien ez noiz ez non ez zein baldintzatan porturatuko ginen. Ezta noiz jaiki beharko genuen ere. Itsasoak egiten utzi digun guztia egin behar izan dugu». Etxera itzulita, bizi izan duten esperientzia asimilatzeko «denbora dezente» beharko dutela ziurtatu dute.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Una resolución que interpela a Ibarretxe
Jendartea
Algo más de un millar de personas dice «no a la incineración» en Astigarraga
Euskal Herria
Duela 30 urteko «oilo-ipurdi» bera
Ekonomia
CNN compra La Naval por 16,7 euros el metro cuadrado, según la oferta a SEPI
Mundua
Israel amaga con una gran operación terrestre dada la resistencia de Hizbula
Mundua
Llega un cayuco con cinco muertos
Kultura
McCoy Tyner interpretará canciones nuevas y de la época de «Impulse!»
Kultura
«Euskarak gaurko bizimodua egiten den tokietan egon behar du»
Euskal Herria
El Ararteko acusa al Departamento de Balza de ocultación de pruebas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss