Bilgune Feminista, Media Markten kontra
DONOSTIA
Euskal Herriko Bilgune Feminista, Media Markt enpresaren aurka hartu dituzten neurriak direla eta, pozik azaldu zen atzo bidalitako prentsa ohar batean, baina «gure kaleetan eta gure komunikabideetan» ikusten diren iragarkien gainean luze hitz egin behar litzakeela argi utzi nahi izan zuten. Enpresa askok erabiltzen dituzte iragarki sexistak, sexuak oraindik saltzen duelako, eta emakumea da ia beti kaltetuen irteten dena. Emakumeen papera objektu soil izatea dela salatu zuten eta, aldi berean, historikoki sistemak inposatu dituen rol eta eginkizunak betikotu egiten dituztela ikusarazi nahi izan zuten. Gasteizko Gobernuari autokritika egiteko proposamena luzatu zioten, berdintasun legeak bultzatu, alde batetik, eta gero «etxeko komunikabideetan» eraso sexistak eguneroko gauza direlako Eitb-n, eta ez dutelako «horrekin guztiarekin amaitzeko inongo asmorik dagoenik azaldu, eurekin kontaktuan jarri garenetan». Ohar horrekin azken egunotan Media Markt-en iragarkiekin izandako polemika nolabait itxi nahi izan dute.
|