Lore ERRIONDO eta Irati ICIAR | UEUko zuzendaria eta ikastaroetako arduraduna
«Iparraldean inoizko daturik onenak lortu dira matrikulazioari dagokionez»
Atzo amaitu ziren Iruñean UEUren udako ikastaroak. Ia
hausnarketarako astirik gabe, Erriondok eta Iciarrek balorazioa egin digute.
Zer nolako balantzea egiten du UEUk behin udako ikastaroak amaituta?
Oso gustura gaude. Alde batetik, Baiona eta Iruñeko eskaintza orekatu egin da aurten. Izan ere, bai antolatzaileen aldetik bai ikasleen aldetik, Iruñekoak udan nahiko sartuta egiten direla baloratzen da, eta jendeari ikastaroa ikasturtea bukatu bezain pronto egitea gustatzen zaio. Horrek Iparraldeko ikasle gehiago egoteko aukera eman du. Iparraldean inoizko daturik onenak lortu dira aurten ikasle kopuruari dagokionez.
Leloak, Sutraiak (ber)piztu!, Ipar Euskal Herria omendu nahi izan du. Nabaritu al da hori?
Kanpainak informazioa helarazteko, jendearengana iristeko eta UEU hor dagoela gogorarazteko balio izan du. Harreman sarea ireki nahi genuen bertako premiei erantzun ahal izateko. Izan ere, EAEn, adibidez, asko baliatzen gara EHUren sareaz, baina Iparraldean propagandarako beste bide batzuk landu behar dira, besteak beste, ez dagoelako bertako unibertsitaterik. Ikasle potentzial gutxiago dago UEUn matrikulatzeko, euskaldun alfabetatua izateaz gain, udan ikasteko astia eta gogoa eduki behar delako. Helburua ez zen bat-batean Iparraldeko ikasle asko geureganatzea, eskaintza ere ez baita euren beharretara beren-beregi egokitutakoa izan. Hala ere, Iparraldeko ikasleen ehunekoa lau aldiz biderkatu da eta ikasleen %10 izatera iritsi da Baionan.
Hogeita hamalau urteko historia du UEUk. Zer aldatu da?
Garai batean jendea ondo pasatzera etortzen zen, lagunak egitera. Bazegoen aukera ikastaro bakoitzetik gustukoenak ziren hitzaldietara joateko, sail zehatz batean matrikulatu gabe. Baina aldaketa asko izan dira, UEU bizirik dagoen seinale, gizartea ere asko aldatu baita 34 urteotan.
Eta zeri eutsi dio UEUk?
Ikasle eta irakasleen arteko hurbiltasun eta tratu zuzenari. Talde txikiak izaten direnez, irakaslea gehiago iristen da ikasleengana eta hauek ere gehiago jaso dezakete; harremana, beste kasu batzuetan ez bezala, existitu egiten da. Beraz, estilo pedagogikoa eta metodologia ez dira aldatu.
Eta aurrera begira, zer?
Udako ikastaroak antolatzeaz gain, UEU urte osoko erakundea den heinean, helburu moduan du unibertsitate mailako ikasketak urte osoan eskaintzea. Unibertsitate mailako formatu guztiak lantzen dira: graduatu ondokoak, irakasleei zuzendutako Garatu eta Irale prestakuntza ikastaroak, dibulgazio mailako eta espezialistentzako jardunaldiak... -
«XXI. mendeko erronka da sexuari dibertsitaterako gaitasuna aitortzea»
Maider ALTUNA eta Igor ERAUZKIN | Sexologoak
Bien artean gidatu dute UEUk Iruñean antolatutako sexologia ikastaroa. Horien amaiera heldu dela-eta, klaseetan ateratako ondorioak azaldu dizkigute: sexu hitzaren bilakaera historian zehar eta horren gaineko mitoak. Nondik gatoz, nor gara
eta nora goaz sexua ardatz hartuta? Sexu hitzak historian zehar izan duen zentzua ezberdina izan da. Erreprodukzio tesiaren arabera, sexu hitzaren zentzu bakarra ugaltzea zen. Geroago, tesi hedonistak plazerrerako bide bezala ikusten zuen. Greziar aroan, gizon-emakumeen berezko gabezia nabarmentzen zuen, eta, horregatik, sexuaren tesi erotikoak laranja-erdiaren mitoa sortu zuen. Ildo beretik, tesi septikoak gauza zikintzat hartzen du sexua, eta hori dela-eta, horretatik babesteko eskatzen digu, gaixotasunekin lotzen dituelako. Tesi errepresiboak senak erreprimitzea dakar, degenerazioaren beldur. Tesi zapaltzaileak, azkenik, emakumea menperatu egin du gizonarekiko sexu ezberdintasunean oinarrituta. Zein aplikatzen da
gaur egun? Gaur egun geruza horiek pilatuta ditugu eta gure jarrerak baldintzatzen dituzte, geruza denak bizi baititugu. Horregatik guztiagatik, XXI. mendearen erronka honakoa da: sexuari ezberdintzeko eta dibertsitatea sortzeko balioa aitortu behar diogu, identitate modura. Gizon-emakumeen elkarteei etekina ateratzen diogu, bakarrik egonda lortuko ez genukeena, gainera. Tesi sexuante hori eta bat gehi bat bi baino gehiago direla dioen tesi sinergikoa gailendu beharko lirateke. Zeintzuk dira bikote
idealen gaineko mitoak? Hainbat mito dago, esaterako, hautaketarena. Laranja erdiaren ideia erromantikoa ez da erreala, ez dago izaera bateragarririk. Bi lagun elkar ezagutu eta esparruak eraikitzen hasten dira, ez daude predestinatuta. Komunikazioaren mitoa ere oso zabalduta dago. Bikote onak asko komunikatu behar duelako ustea ere okerra da, komunikazioa hitz egitearekin lotzen delako. Isilik gaudenean ere komunikatzen dugu, ordea. Azkenik, maitasunak egoerak eta gizon-emakumeak aldatu egiten dituelako usteak ere ez du batere laguntzen. Garen bezala onartuak izatea eta onartuta sentitzea behar dugu. - GARA
|