Bizkaiko hondartzek euskaraz irakurtzearen alde egin dute
Bizkaiko hondartza nagusiek martxan jarri dute euskarazko irakurketa eta aisia bultzatzeko gunea, «Irakurtzeko Txokoa» izenburupean. Umeen artean irakurketa eta ohitura osasuntsuak sustatzea helburu duen proiektu hori doakoa izango da, uztail osoan, asteartetik igandera bitartean.
Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko hondartzetan egingo dituzte ekintzak. Bizkaiko hondartzetan ipinitako guneek aukera paregabea eskaintzen diete 4 eta 12 urte bitarteko umeei, ipuinen eta informazioaren bitartez ondo pasatzeko. Proiektuaren xede nagusia euskarazko irakurketa bultzatzea bada ere, umeek eguzkiaz babesteko ohitura hartzea ere badute helburu.Horregatik, ipuinen txokoan sartzen diren ume guztiek eguzkiaren aurrean babesa izan dezaten neurriak hartuko dituzte; krema bota eta eguzkitarako betaurrekoak eta txanoa ipini.
Berritasunak
Askorentzat hori guztia berria izango den arren, aurten zenbait berritasun sartu dituzte, betiere, funtzionamendua hobetzeko helburuz. Horien artean, aipatzekoak dira eguraldi txarrari aurre egiteko prestaturiko txoko bereziak. Izan ere, aurreko urteetako guneez gain, aurten leku bereziak antolatuko dituzte eguraldiarekin arazoak izanez gero, prestaturiko jarduerak han egiteko. Horrekin batera, aldaketa gehiago daude. Aurten, liburu gehiago sartu dituzte, guztira, 450 daude eskuragarri liburutegian. Gainera, adinez txikiak direnek liburuak bertan irakurtzeko aukera izateaz gain, etxera eraman ahal izango dituzte. Horrekin batera, umeei ipuinak kontatzeko gune berezia ere egongo da. Guztira, sei ipuin kontatzeko sei ordu hartuko dituzte. Une oro egongo diren begiraleek ume guztiak ondo zaindu ahal izateko, 50 pertsonako taldeak egingo dituzte. Era berean, guztiek ekintzaz gozatzeko aukera izan dezaten, hamabost minuturo talde berria sartuko da. Ekintza horretan kontatuko dituzten ipuinek bi funtzio dituzte, dibertigarriak izateaz gain, didaktismoan egongo baitira oinarrituta. Hala, ondo pasatzeaz gain, baloreetan hezteko aukera aprobetxatuko dute; horretarako aproposak diren ipuinak interpretatu, eta, batik bat, berdintasuna aldarrikatzen dutenak edota naturaren babesaren gainekoak aukeratuko dituzte. Aurreikusitako aldaketa horiek guztiak aurrera egiteko, antolatzaileek kanpoko laguntza izan dute. Izan ere, ekimena Uribe Kostako Euskara Sailak sortu badu ere, beste askoren laguntza izan dute, besteren artean: Hezkuntza eta Gizarte Zientzietako Fakultatea, Mondragon Unibertsitateko Haur literaturako mintegia eta Educats: kultura eta espektakuluak.
Berritasunak
Lekuak ere berebiziko garrantzia izango du, ekimen horretarako dekoratu berezia egin baitute. Guztira, 300 metro koadro ditu, bi zati handitan banatuta ume txikienentzat. Alde batetik, irakurtzeko lekua dago. Bertan, liburutegira sartzeko aukera izango dute, betiere begirale batekin. Beste alde batetik, ipuinak irakurtzeko lekua dago, eta bertan, aktoreak egongo dira lanean, umeei ipuinak irakurtzeko prest. Dekoratuak ere paper garrantzitsua jokatzen du. Detailerik ez zaio falta, 20ko hamarkadako hondartzaren plantak egiten dituen dekoratua egin dute, eta begiraleek garai horretako bainujantziak jantziko dituzte giroa indartzeko. Beraz, argi dago dena oso ondo pentsatuta dagoela. Ordutegiari dagokionez, ekintzak 12.00etan hasiko dira, 14.30ak arte, eta, arratsaldez, 17.00etatik 20.00ak arte. -
BILBO
|