GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-07-24
Jabier LERTXUNDI | Autoalternatiba sistema bultzatzen duen Itzarri enpresako koordinatzailea
«Langileek erantzukizunik hartu ezean, lehiakortasuna pikutara joango da»
Ekonomian doktorea izateaz gain, Jabier Lertxundi Itzarriko koordinatzailea da. Enpresa hori autoalternatiba izeneko sistema bultzatzeko jaio zen duela hiru urte. Erabakiak langile guztien artean hartu behar direla defendatzen duen filosofia hori lantokitan barneratu nahi du Itzarrik. Mementoz, zenbait enpresatan aplikatzen saiatu dira.

Itzarriko ordezkari Jabier Lertxundik autoalternatiba sistema zer den eta zer onura ekar ditzakeen azaldu zion GARAri. Filosofia horrek langileen parte-hartzea besterik ez duela bilatzen aipatu zuen. Autogestioa, hitz batean. «Niri egiteagatik ordaintzen didate, ez pentsatzeagatik» esaldia alboratzeko garaia dela nabarmendu zuen.

­Zer da Itzarri?

Aholkularitza antzeko zerbait, enpresei autoalternatiba nola aplikatzen den erakusten diena.

­Autoalternatibaren bitartez beste mundu bat posiblea dela aldarrikatzen duzu. Baina zer da autoalternatiba? Zeintzuk dira sistema horren ezaugarriak?

Autoalternatiba autogestioa da. Horrela izanik, sistema honen ezaugarri nagusia parte-hartzea da. Ekoizpen prozesuen lehen adarra pentsatze ahalmena da, kapitalismoan aprobetxatu gabe dagoena, bakar batzuk arduratzen baitira pentsatzeaz planifikazioa egiterakoan. Eta zer da planifikazioa? Pentsatze ahalmena paper batean islatzea plan estrategikoak eta urteko planak egiteko, enpresen funtzionamendua hobetzeko, sindikatuetan parte-hartzea sustatzekoŠ. Prozesuaren bigarren adarra ekite ahalmena da, hau da, zer egin nahi den adostu ondoren, helburuari ekitea. Kontua da gure kulturan desoreka handia dagoela prozesuaren bi adar horien artean. «Niri egiteagatik ordaintzen didate, ez pentsatzeagatik» esaldia desoreka horren ondorioa da. Bada autoalternatibak horrekin puskatu nahi du, langile guztiek erabakien partaide izan behar dutela defendatzen baitu. Eta horretan gabiltza, sistema hau enpresetan aplikatu nahian.

­Kapitalismoak berak sistema honen beharra duela diozu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Langileek enpresetan erantzukizunik hartu ezean, lehiakortasuna pikutara joango da azkenean. Enpresek jendearen parte-hartzea behar dute. Berritzeko, adibidez, jendeak buruari eragin behar dio. Jendeak parte hartu behar du, beraz. Sistema honek horretarako balio du, parte-hartzea ahalbidetzeko eta sustatzeko.

­Zein enpresa mota dira egokienak alternatiba aplikatzeko?

Aurrerakoiak diren enpresekin soilik lan egiten dugu, hori da gure baldintza. Kontuz izan behar da, sistema guztiak bezala hau ere manipula baitaiteke. Enpresa batek langileen pentsatze ahalmena indartu nahi duela esaten badigu plangintza hobetzeko, baietz esan aurretik, pentsatze ahalmen hori zertarako indartu nahi duen galdetzen diogu. Etekin gehiago ateratzeko xedea duela erantzunez gero, ezetz esango diogu, etekinak banatzeko ez badira bederen.

­Euskal Herriko enpresa jakin batzuetan lan egin duzue. Adibiderik emango al zenuke?

Oiartzungo Diana Teknologia enpresarekin egin dugu lan, adibidez. Horiek sistema informatiboak egin eta saltzen dituzte. Hiru garraiolari sindikatutan ere izan gara, baita Arabako Curtidos Salvatierra enpresan ere. Horiek merkatuko arazo bat daukate. Bertan lan egin ostean, zerbait lortu genuen: pentsamendu estrategikoak bateratzea eta jendeari eztabaidaraztea. UAGA nekazari eta abeltzain sindikatuan ere zerbait lortu zen. Kasu honetan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin zuen zerikusirik. UAGAkoek argi daukate emakumeen parte-hartzea beharrezkoa dela. Alor hori oso egoera kaskarrean dagoenez gero, ez dute irtenbiderik ikusten, baldin eta emakumeak eta gazteak sartzen ez badira. Eta lortzen ari gara. Hasieran egin genuen neurketan boluntarioen batzarretan biltzen zirenen %3 emakumeak ziren; gaur egun, berriz, %18. Hurrengo urtean hauteskundeak izango dira eta zuzendaritza batzordean bi emakume izatea espero dute. egun ez baitago emakumerik.

­Autoalternatiba arrakastaz aplikatu den kasuren bat ezagutzen al duzu?

Bitxia da, baina Alemaniako Munduko Futbol Txapelketan adibide bat dugu. Frantziako selekzioko jokalari Willy Sagnolek onartu zuen selekzionatzaileak jokalarien esku utzi zuela taldea eta autogestioak eraman ziela finalera.

­Delako panteismo filosofia oinarri hartuta, Euskal Herrian autoalternatiba praktikan jartzeko beste herrialde batzuetan baino ahalmen gehiago dagoela adierazi duzu behin baino gehiagotan. Baina zer esan nahi du panteismo filosofiak?

Panteismoa zure bizitza ez mugatzea da. Panteismoaren arabera, zu ezin zara oihan batera joan eta zuhaitz bat moztu etekinak ateratzeko. Zu ere zuhaitz hori zara. Euskal Herrian filosofia hori mantentzen da oraindik.Hain zuzen ere, natur baliabideak ezin direla pribatizatu. Mendi edo oihan bat galduz edota erreka bat kutsatuz gero, dugun altxorretako bat galtzen dugu, horiek baitira bizirik irauteko ditugun benetako baliabideak. Gizakien altxorra ez da bankuan dagoena, ingurunean dagoena baizik. Horrenbeste manipulatu dute gure burua, horri ez diogula garrantzirik ematen. Marra bat egiten badigute autoan haserretu egiten gara; harrobi baten aurretik pasatzen bagara, ordea, ez dugu ezer esaten.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Denuncian la alta mortandad de peces en el río Arga a su paso por Iruñea
Euskal Herria
Otxandio rinde homenaje a los supervivientes del bombardeo de 1936
Euskal Herria
Mila konpromiso zituen gizonari agurra
Mundua
Otra escalada de violencia en Irak causa 60 muertos
Kultura
Zerutik bedeinkatutako pastorala
Kirolak
Landis gana un Tour de circunstancias
Kirolak
Hondarribia logra su cuarta bandera tras una espectacular lucha con Orio
Mundua
Israel no descarta el envío de fuerzas de la OTAN a la frontera con Líbano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss