GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-07-24
Idoia ERASO
Zerutik bedeinkatutako pastorala
Eguraldiak lagunduta hilabetetan prestatutako Santa Engrazi pastorala antzeztu zuten atzo Santa Graziko biztanleek. Junes Casenave-Harigilek idatzitako antzezlan horrek Zuberoako herriari izena ematen dion santuaren biziaren berri ematen du. Ikuslea IV. mendera hurbiltzen duen istorio horrek duen gaurkotasuna nabarmendu nahi izan du idazleak, erlijioen intransigentzia eta ezkontza behartuen gaia gure egunetara gerturatuz.

Grisa hasi zen eguna atzo Santa Grazin, lainotua, euria noiz egingo zain ziren denak, baina santagraztarrak ez zeuden kezkatuta. «Hainbeste denboran antolatzen egondakoa ezin da zerutik hautsia izaten ahal, Santa Engrazik ez luke onartuko», esan zuen atzo alaitasunez pastoralaren antolaketa lanetan ari zen herriko emakume batek. Arrazoia ere bazuen, pastorala hasterako eguzki izpiek herria kokatzen den zirku itxurako arana argitu baitzuten. Santa Engrazik bere izena daraman herriak berari omenaldia egiteko prestatutako lana zerutik bedeinkatzeko era izan zuela esan daiteke.

Junes Casenave-Harigilek aurtengo pastorala betiko tradiziora hurbildu du Santa Engraziren biziaren berri emanez. Izan ere, santu baten bizitza kontatzen zuten hastapenean pastoralek. Oinarri guztiz kristaua duen tradizio hori baliatuta, apaiza ere baden Casenave-Harigilek egungo erlijioen arteko intolerantzia salatu du. IV. mendean hil zen santuaren biziak XXI. mendean zer ikasi asko eman dezakeelako ideia baliatu du.

Izan ere, Santa Engrazi kristautasuna onartzen ez zuten erromatarrek hil zuten bere gurasoek behartuta pagano batekin ezkontzeko bidaia egiten ari zen bitartean. Erlijioen arteko intolerantzia eta emakumeak ezkontzera behartzea salatzen du, zenbait tokitan gaur egun ere ezkontzen ez diren emakumeak erretzen dituztela oroituz.

Zaragozan hil zen santua 303. urtean eta mende batzuk geroago lapur batzuk bitxiz beteta zegoen haren besoa lapurtu zuten hilobitik eta Zuberoara heltzean mirakulu batek bultzatuta lapurrek besoa han lurperatu zutela dio kondairak. Horren ondorioz, mendeetan zehar Santa Grazi erromesaldi tokia izan zen eta herriko biztanleek istorio hori zabaldu nahi izan dute pastoralarekin.

Ohiturak jarraituz, atzoko eguna mezarekin hasi zen, baina aurten santuaren omenez egindako XI. mendeko mezan izanak eta izenak bat egin zuten. Ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka irudikatzen duen pastorala bazkariaren ondoren hasi zen, lauretan.

Alaitasuna nagusi

Herrian zehar alaitasuna nagusi bazen ere, urduritasunaren tokia ez zen txikiagoa agertokiaren atzean emanaldia hasi aitzin. Ez zen gutxiagorako ere jokoan zegoena ikusita; hilabeteetako lana, eta pastoraleko errejentak aipatu bezala, «herriaren ohorea». Jan-Pierra Recalt errejentak indar handiarekin gidatu zituen bere antzezleak pastorala hasi aitzin, eta ahots gogorrarekin holako hitzak zuzendu zizkien bere ondoan begirada urduriarekin ziren herriko biztanleei: «Bi hitz esanen ditut lehenik eta behin: diziplina eta kontzentrazioa. Pastorala tripekin egin behar da eta kontuan izan herriaren ohorea defendatzen ari garela».

Errejentaren indar hori antzezlanean bertan ere sentitzen zen, batez ere erromatar «gaiztoak» agertzen zirelarik. Orduan ikusleen pozak gora egiten zuen, txaloak eta irriak estratetan zehar zabaltzen ziren-eta. Izan ere, arizaleek gaizto eta bortitzen papera ahots eta mugimendu zakarrekin arras ongi helarazten zuten ikusleengana.

Euskal Herriaren alderdi paganoa Satan eta Zankagorri agertzen zirelarik ere nabarmentzen zen. Bi gazteek santagraztarrek dantzari onak diren fama nonbaitetik datorrela erakutsi zuten. Eta estratetako ikusleek txalo kolpe handiekin ordaindu zuten.

Sei deabruk eskainitako beste dantza batek ere ikusleak piztu zituen, dantza ederki egin zuten bost heldurekin batera zazpi urteko gaztetxo santagraztar batek bikain egin baitzuen dantza. «Harrigarria da zeinen ongi dantzatzen den dantzari txikia zazpi urtekin eta zeinen ongi mugitzen den», esan zuen ikusle batek.

Santa Engraziren papera egin zuen Joelle Hustuk ere ikusleak plazerrez bete zituen bere ahots boteretsuarekin eta bere plantarekin. Urduri hasi zuen eguna, nahiz eta agertoki gainean ez zitzaion batere nabaritu. «Orain arte ez naiz konturatu egin behar nuenaz, baina gaur goizean oso urduri esnatu naiz. Erran behar ditudan 28 bertsoetaz oroituko naizela espero dut», aitortu zuen antzezpena hasi aitzin, eta lortu ere egin zuen.

2007an Gamere-Zihigan apezpikuak eta aingeruak Satanekin eta Zankagorrirekin borrokan ikusteko aukera izanen da. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Denuncian la alta mortandad de peces en el río Arga a su paso por Iruñea
Euskal Herria
Otxandio rinde homenaje a los supervivientes del bombardeo de 1936
Euskal Herria
Mila konpromiso zituen gizonari agurra
Mundua
Otra escalada de violencia en Irak causa 60 muertos
Kultura
Zerutik bedeinkatutako pastorala
Kirolak
Landis gana un Tour de circunstancias
Kirolak
Hondarribia logra su cuarta bandera tras una espectacular lucha con Orio
Mundua
Israel no descarta el envío de fuerzas de la OTAN a la frontera con Líbano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss