Ainara LERTXUNDI
Mila konpromiso zituen gizonari agurra
«Mila konpromiso» zituen gizon eta apaizari, «duintasunaren aldeko gerrillariari», Jose Manuel Balentziaga Balentxiri, azken agurra egin zioten atzo ehunka lagunek Donostiako kaian. Urtetan presoen,behartsuen, drogazaleen, hiesa dutenen eta abarren alde eginiko lananabarmendu zuten. Han izan ziren errepresaliatu politikoen argazkiak,baita haien mezua ere. Krabelin gorri eta lore sorta ugari gelditu ziren itsasoan bere errautsekin. Santa Klara eta badia izango ditu zaindari.
Mila esker Balentxi. Zure ametsak gauzatuko dira», zioen taularen gainean ipinitako pankartak. Horixe bera islatu nahi izan zuten Donostiako apaiz euskaltzale eta abertzalearen omenez atzo eguerdian kaian egin zen ekitaldian esku hartu zutenek. Arlo desberdinetako kideek urteetan preso politikoen, txiroen, drogazaleen, hiesa dutenen eta abarren alde eginiko lana nabarmendu zuten. «Ederra da betetzeko gelditzen zaigun hutsunea», adierazi zuen aurkezleak ekitaldiari hasiera emateko. Minutu bat lehentxeago, Balentxiren ilobak haren errautsakikurrin baten gainean ipini zituen txalo beroen artean eta txalapartaren soinuak lagunduta. «Hilik ere mina ematen diezu etsaiei, ostiral iluntzea arte ez genekien-eta omenaldi hau egiterik posible izango genuen, denak oztopoak izan dira, baina, azkenean, egin dugu, zuk horrenbeste maite zenuen kaian», gaineratu zuen hizlariak. Ondoren, banan-banan, Balentxirekin lanean jardun diren talde eta erakundeetako kideak hitza hartuz joan ziren. «Elizak izan behar lukeenaren eredu izan zara; baztertuei eta presoei zure laguntza emanez. Euskal Herria maite izan duzu, baita euskara ere. Beti edozertarako prest», adierazi zuen kristau elkarteko kide batek. «Isilik joan zara eta txundituta gelditu gara. Borondate handikoa, tematia, ezerk ez zintuen iritziz aldarazten. Ondo tratatu ez zaituen Elizarengan fedea zenuen, familiarengan, Euskal Herriarengan, gizakiarengan», gaineratu zuen Hiesaren aurkako Gipuzkoako Elkarteko ordezkari batek. «Zu ez zara gure gurasoak bezalakoa, batzuetan gu bezalako ume handia izan zara. Jateko orduan biluztu edo lerde-zapi bat ipini duzu, sardana dantzatu diguzu eta gu hor egon gara begiak zabalik. Gure abenturaren heroi hilezina», plazaratu zuten Balentxiren «koadrilako umeak» eta Gernikako lagunak. Askatasunaren izenean, Juan Mari Olanok Balentxik ez zuela inolako bidegabekeriarik onartzen nabarmendu zuen. Ekainaren 25ean Baionan Ibaetako Foroak deitutako manifestazioan egin zuen topo berarekin. Hobe esanda, Irunen egin zen mobilizazioan, Polizia espainolak eta frantsesak «berriro muga jarri baitzieten. «‘Nortzuk dira horiek mugak jartzeko. Zerbait egin behar dugu, honek ezin du horrela jarraitu’, esan zidan oso hasarre», gogoratu zuen Olanok. «Pozik zegoen garai hauekin, baina mesfidati ere bai. Dena den, ziur zegoen gure buruaren jabe izatea eta errepresaliatu guztiak etxeratzea lortu dugula», adierazi zuen. Musika ere ez zen falta izan ekitaldian. Internazionala eta Eusko Gudariak abestuz agurtu zuten. Itsasoan krabelin gorri eta lore sorta ugari gelditu ziren bere errautsak babesten. -
Badajozen dauden preso politikoen gutuna
Aupa Balentxi!Espainiako harresitzar hauetan zure azken berriak ustekabean hartu gaitu. Ohiturik geunden zure berri izateaz edozein mobilizazioren bidez, dela presoen alde, langileen aldarrikapenekin, AHT-ren aurka, euskararen alde, eta hemen irribarre bihurri batekin janzten genituen ezpainak. Oraingoan, hotz utzi gaitu zure berriak. Ai Balentxi! Eta zorigaiztoko uztailean, gainera. Antxon, Olaia eta Oihane bezalaxe, konpromiso eta duintasunaren olatuetan txanpa ederki egindakoak, zu bezala. Zorigaiztoko uztaila! Milaka hitz luza ditzakegu zure omenez, baina..., zuk, guk bezala, hitzak baino ekintzak nahiago izan dituzu beti. Beraz, bi aipamentxo: lehena, askok nabarituko dugula zure hutsunea eguneroko lubakietan. Bigarrena, bihar- ko Euskal Herri askatu eta sozialistan, herriaren ondoan, gure ondoan izango zaitugula pozarren. Guk ez dakigu, sinesten eta amesten zenuen zerua baden edo ez, dakiguna da zerurik bada bertan zarela eta, dagoeneko, San Pedrok amnistiaren alde pegatina paparrean ezarri duela eta Herria 2000 Eliza aldizkariaren alea ere besapean izango duela. Balentxi, txiroen laguna, presoen anaia, militanteon kidea, ikusi arte! Badajozko kartzelan garen euskal preso politikoak, zu ezagutzeko aukera ere izan genuenok. Idoia Lopez, Jon Zubiaurre, Alfontso Sebastian, Mikel San Argimiro, Joseba Arizmendi. -
|