Mikel Aramendi
Lobbya
Etengabeko ariketak ematen duen bizkortasuna eta trebeziarekin, Mendebaldeko beste herrialdeetan bezalaxe, Estatu espainoleko lobby israelzalea amen batean hasi da Libanoren aurkako erasoari ba- besa eta laguntza emateko ahaleginean. Edertu ezingo direnak edertzen eta konbentzitu ezingo gaituztenok konbentzitzen denborarik galdu gabe, benetako ahalmena eta aginte politikoa dutenei, borondatez ez bada derrigorrean, Tel Aviveko gobernuari komeni zaiona xuxen-xuxen egitea hobe izango dutela gogoraraztea estrategia pragmatikoa goiburu dutela. Horrela, eta ez beste inola, ulertu behar da Zapaterori ipini zioten kefiaren inguruan hainbat hedabidek eta «iritzi sortzailek» (Zapateroren adiskideak omen batzuk, alajainkoa!) ezarri nahi izan duten ekuazioa: palestinarra, zernahi eta nolanahi, terrorista da. Edota «Israelen defentsa eskubidearen» inguruko lardaskeria guztiak. Gizateriaren aurkako delitu latzenetako ba- tzuen (genozidio saioen, eraso gerraren, xenofobiaren...) apologia egitea zein merkea eta, bide batez, «onargarria» bilaka daitekeen frogatzen du, besteak beste. Indartsuaren alde aritzeko, ez dago mugei kontu egin beharrik. Noski, lobby lan itsusi bezain eraginkor honi dagokionean ere, ez da berdin Inperioaren erdigunean egon edo periferiako bazter honetan hauetan ibili. Hemen, gehienera, sinboloei buruzko iskanbila tranpatiak sortzen diren bitartean, Estatu Batuetan, aurtengo udaberri osoan, ikusgarrizko debatea eman da J. Me- arsheimer eta S. Walt politologoek argitara emandako “The Israel Lobby and US Foreign Policy” izkribuaren inguruan, non egileek salatzen baitute aipatu lobbyak Estatu Batuen kanpo politika biziro baldintzatu eta desorekatzen duela Israelen, eta ez beste inoren, mesedetan. Erantzunak, jakina, entzun eta irakurtzekoak izan dira. Izan ere, argitasunak kalte larria egiten die ilunbetako lanbideei. Horrexegatik agian, Espainian Israelen aldeko lobbya badenik ere ukatzen duenik ere bada. Lobbylari hauetako gehienen kasuan, ordea, asaldatzen nauena besterik da: «honen aurrekoetakoren bat ere, bera ez bazen, han izango huen ba 1940ko urriaren 20an Madrilgo Zezen Plazan!». M. Lalanda, R. Ortega Gallito eta P. L. Vazquez ziren toreatzaile. Palkoan, uniformez, omendua: Heinrich Himmler, SStako Reichführera. Hura baitzen ahaltsuena orduan. -
|