GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-07-24
Gotzon Garate - Idazlea
Euskararen egoera aztertzen

Euskaltzaleok, hau da, euskaraz jakiteaz gainera, euskara maite eta euskaraz arduratuta gabiltzanok, etorkizunari begira egoten gara.

Euskarak iraungo al du? Betiko galduko al da? Galdera honek kezkak ematen dizkigu.

Galdera horri erantzun egokia emateko, euskararen egoera aztertu behar da.

Ez dago ukatzerik gaurko egunean euskaraz sekula baino axolatuago gabiltzala. Benetan aintzakotzat hartu dugu. Euskal Herriko gizarteak euskararen balioa ezagutu du.

Ez dezagun ahaztu, ordea. Gizaldiz gizaldi euskaldunek berek gutxietsi dute euskara.

Euskara eta eskola bananduta ibili dira. Nola sartu eskolan txakur handirik balio ez zuen hizkuntza? Etxean erabiltzeko bakarrik balio zuen hizkuntza?

Min ematen digu baina egia zen. Euskara arloteen, ezjakinen eta boronoen hizkuntza zen.

Estimazio eskas hori garbi ikusten da Euskal Herri osoan. Milaka eta milaka dira gurasoak edo aita edo ama euskaldun izan eta euskaraz ikasi ez zutenak.

Dirua izan balitz, gurasoek pozik emango zieten diru hori seme-alabei. Baina euskara? Ezertarako balio ez zuen hizkuntza haurrei erakutsi? Zertarako? Mesprezio hau oraindik ere ikusten dugu Iparraldean. Euskaraz zoragarri dakiten gurasoek ez diete beren umeei erakusten.

Gauzak aldatu egin dira, halere. Gurasorik gehienek ezagutzen dute euskararen balioa. Orain euskara irakaskintzan sartu da, gazteen ikastetxeetan eta unibertsitatean ere bai.

Euskal Herriko erakunde asko daude euskararen alde, Euskal Gobernutik hasi eta lan zoragarria egiten duen Euskal Herrian Euskaraz talderaino.

Euskaltegiek zintzo jokatzen dute euskara zabaltzen eta ez dakitenei erakusten. Euskaraz ba da kazeta bat, aldizkariak, liburuak gero eta gehiago... Beraz, bada itxaropenari eusteko motiborik.

Baditu euskarak, ordea, erro-errozko gaitzak. Gaitz horiek sendatzeko gauza izango al dira euskaldunak? Nik hemen zortzi aipatuko ditut.

Hasteko eta bat, euskaldunok gutxi gara. Gu milioi bat izan beharrean txinoak bezala mila miloi bagina, gure hizkuntza salbaturik legoke.

Globalizazioan sartuta gauden une honetan miloi bat oso gutxi da.

Ehunka hizkuntza galdu dira eta laster beste ehunka galduko dira, mintzatzaileak gutxi direlako.

Halere gutxi izatea ez da euskararen gaitzik handiena. Gaitzik handiena beharrezkoa ez izatea da. Euskal Herrian erdara da beharrezkoa, espainola eta frantsesa.

Hamaika aldiz esan didate Europako eta batez ere New Yorko unibertsitateetan, beharrezko ez den hizkuntza luzaroan galdu egiten dela.

Hirugarrenez. Gure ondoan, bi hizkuntza bipil daude. Hegoaldean 400 milioi lagunek erabiltzen duten espainola. Hizkuntza indartsua, gizarteko alor guztietara aspaldi hedatu zena. Menderen mende erabilia eta administrazioan ongi finkatu zena.

Frantsesaz ere gauza berdina esan dezakegu.

Asko dira gure ondoan erdaraz hitz egiten dutenak eta ez hori bakarrik. Bi hizkuntza horiek gure herrian beharrezkoak dira.

Bosgarren gaitza. Frantses eta espainol gobernuak bere indar guztia frantsesari eta gaztelaniari laguntzeko erabiltzen dute eta ahal dituzten trabarik gehienak ipintzen dizkiote euskarari.

Ezkerretik eta eskuinetik, goitik eta behetik, zuzen edo zeharka, ezkutuan edo agerian, hizkuntza baten alde edo kontra Gobernu batek eduki dezaken eragina izugarria da.

Erdal Gobernu horiek badakite euskara dela independentziaren motorra, eta motor hori desegiten ahalegintzen dira beren indar guztiez.

Seigarren alderdi txarra. Guk euskaldunok ez diegu frantsesari eta gaztelaniari gorrotorik. Espainolek eta frantsesek eta Euskal Herrian bizi diren askok eta askok, ordea, ezin dute gure hizkuntza ikusi. Beren esku balego, gaur berton sinatuko lukete euskara lurraren azaletik iraungi dadin.

Atzerritar gobernuok badakite Euskal Herrian berton euskararen etsai asko daudela eta horien gainean ere finkatzen dira, euskarari aitzakiak eta trabak ezartzeko. Behin baino gehiagotan irakurtzen dugu gu garela erdaldunak zapaldu nahi ditugunok. Hara kontua! Ardiak omen dira otso amorratuak zapaltzen ari direnak.

Zazpigarren problema. Etorkinak. Behin eta berriz esango dut. Ni beti etorkinen aldekoa izan naiz eta izango naiz. Besoak zabalik hartu behar ditugu.

Gure kasua, ordea, oso berezia da. Madrilera doan etorkinak espainolez ikasten du. Eta Euskal Herrira datorren etorkinak ere espainolez edo frantsesez ikasten du eta oso bakan euskaraz.

Arrazoiez, frantsesa eta espainola baitira bizimodua ateratzeko behar diren hizkuntzak. Eta etorkinak ez dira turismoa egitera etorri, bizimodua atera eta ahal dituzten eurorik gehienak beren ahaide pobreei bidaltzeko baizik.

Etorkinak geldi araztea ez dago. Gero eta gehiago izango dira. Deustuko Unibertsitatean egin den lan soziologiko batek hori erakusten du.

Etorkin horietako bat 20 euskaldunen artean agertzen bada, 20 euskaldunak erdaraz mintzatuko dira, euskaldunak edukazio handia dutelako. Hau da, Euskaldunak koldar galantak garelako edo diruarentzat (tartean badago) hizkuntzarik eta nazionalitaterik ez dagoelako.

Lehenago euskaraz egitea zail bazen, orain, etorkinekin problema areagotu egin da.

Bestalde, etorkinek, guztira, erreferendum bat balego, Espainiaren alde emango lukete botoa, Canadan gertatu zen bezala. Horregatik galdu omen zuten independentistek bigarren erreferendumean.

Alderdi gaitz hauen ondorio euskara diglosia gorrian egotea da. Diglosia hori maiz agertzen da. Bat, adibidez: toki askotan gazteek ez dutela euskaraz egiten. Euskara pankartetan bakarrik erabiltzen dute, protesta egiteko.

Diglosia, berriz, hizkuntzalaritza pixka bat ikasi dutenek badakite ongi, hizkuntza desegitearen aurreneko urratsa dela.

Zein da gaitz guztion erremedioa eta botika? Ez gaitezen itsutu. Erremedio bakarra independentzia da. Gu geure buruon jabe izatea eta euskarari, desegin ez dadin, erremedioak ematea.

Geuk ikusi behar dugu euskarak ze botika behar dituen eta erremedio horiek emateko eskua libre izan behar dugu, Madrili eta Parisi baimena eskatzen jardun gabe. Autodeterminazioa lehenik eta indepen- dentzia gero. Horretan ipini behar ditugu gure indar guztiak. Pozgarria da ikustea Ibarretxek eta beste askok autodeterminazioaren alde egiten duten lana.

Asko eta asko saiatzen dira bide horretan. Azken aldian, berriz, talde bat dabil zintzo independentziaren alde lan egiten. Toki askotan eta Deustuko Unibertsitatean bertan ere beren pankartak eta agiriak ikusten ditugu. Pozgarri, zinez.

Argi eta garbi, itzuli-mintzuli ibili gabe, horiei «segi»tu behar zaie.

Ez dago inongo dudarik. Independentziarik gabe euskara luzaroan galdu egingo da. Beharrezkoa izango ez delako. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Denuncian la alta mortandad de peces en el río Arga a su paso por Iruñea
Euskal Herria
Otxandio rinde homenaje a los supervivientes del bombardeo de 1936
Euskal Herria
Mila konpromiso zituen gizonari agurra
Mundua
Otra escalada de violencia en Irak causa 60 muertos
Kultura
Zerutik bedeinkatutako pastorala
Kirolak
Landis gana un Tour de circunstancias
Kirolak
Hondarribia logra su cuarta bandera tras una espectacular lucha con Orio
Mundua
Israel no descarta el envío de fuerzas de la OTAN a la frontera con Líbano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss