VIENA
Kosovoko gerraz geroztik, lehen aldiz bilduko dira Serbiako eta Kosovoko goi-agintariak lurralde horren etorkizunaz mintzatzeko. Vienan izango da batzarra eta Nazio Batuen Erakundea bitartekari izango da. NBEk 1999tik kudeatzen du Kosovo eta nazioarteko tropak arduratzen dira horren segurtasunaz.
Serbiaren aldetik Boris Tadic presidentea eta Vojislav Kostunica lehen ministroa izango dira Austriako goi-bileran. Kosovoren aldetik, ostera, presidentea, Fatmir Sejdiu, eta gobernuburua, Agim Ceku. Bilera horrek kutsu sinbolikoa dauka, ez baita espero edukian aurrerapauso handirik ematea. Biek jarrera kontrajarriak dauzkate eta ez daude amore emateko prest.
Kosovoko agintariek independentzia nahi dute. Serbiako Gobernuak, aitzitik, aukera hori guztiz baztertzen du. Gehienez, autonomia gehiago emateko prest legoke, baina independentzia Balkanetako egonkortasunerako mehatxua dela argudiatzen du.
Martti Ahtisaari Finlandiako presidente ohia NBEko bitartekaria da eta lan handia edukiko du bi jarrerak hurbil daitezen.
Kosovori independentzia eman ezean, bertakoek borroka armatuari berriro ekingo dioten beldur dira batzuk. Kosovo bitan zatitzeko aukera ere aztertzen ari dira. Batetik, gutxiengo serbiarra eta, bestetik, musulmanak eta kroatak batuko zituen lurraldea. Bi milioiko populazioa du Kosovok, gehienak albaniarrak dira eta 100.000 inguru serbiarrak; gehienak iparraldean bizi dira. Dena dela, lurraldearen kulturen eta etnien arteko bizikidetzaren alde egiten dutenek ez dute zatiketa begi onez ikusten.
Serbiako eta Kosovoko ordezkariak aurtengo otsailean hasi ziren negoziatzen. Kulturaren eta erlijioaren ondarea eta ekonomiarekin lotutako gaiak jorratu dituzte baina horretan ere ez dira ados jarri.