Naiara ARRIOLA | Monitorea
«Gure helburua eta egitekoa gaixoak gizarteratzea da»
Naiara Arriola Ibiltzen Erreabilitazio
Psikosozialerako zentroko begiralea da. Zentro horrek Agifes elkartearekin
harremanetan lan egiten du. Naiarari dagokionez, berak gaixotasun psikikoak
(eskizofrenia, arazo bipolarrak...) dituzten pertsonekin jarduten du. Bere lana
nolakoa den kontatu digu:
Zer gaixo tratatzen dituzue?
Elkarte asko daude, baina bakoitza gaixotasun konkretu batean zentratzen da. Kasu honetan, Ibiltzenekoak 18 urtera arte-edo bizitza normala eduki eta gero, agerraldi baten ondorioz, gaixorik gelditu diren pertsonak dira. Badaude beste batzuk Down sindromea duten gaixoekin aritzen direla. Guk eskizofrenikoak ditugu, arazo bipolarrak dituztenak...
Zer adinekoak?
Adin tarte zabala da oso:hogei bat urtetik 50-60ra.
Zenbat gaixo dituzue?
Gure programan 30 bat daude, egunero etortzen direnak. Gero, eguneko zentroan beste hogei bat egoten dira.
Zuen lanak zertan datza?
Urte guztian zehar Agifes elkarteak eta Ibiltzen zentroak ekintzak prestatzen dituzte. Ekintza guztiak gaixo hauek duten denbora librea betetzera bideratuta daude, ez baitute edo ezin baitute lanik egin. Ekintza horiek desberdinak dira:talde dinamikak, zinemara joan, museoetara, ibilaldiak gure inguruan, mahai-jokoak... Dena denbora librea betetzeko. Zerbitzu hau goizeko 11etatik arratsaldeko 6etara dago irekita, astelehenetik ostiralera.
Helburua zein da?
Guk integratzen laguntzen diegu. Gure helburua gizartean integratzeko ahal duten autonomia gehiena lor dezaten da.. Baita lan munduan ere. Bilatzen duguna sozializazioa da, etxean giltzapetuta gelditu ez daitezen. Izan ere, buruko gaixotasunek hori egiten dute, hau da, gaixoa etxean gelditu eta inora ez irtetea. Zentro honetara etortzeak eta eurek bezalako jende gehiago dagoela konturatzeak asko laguntzen die. Etxetik atera eta beste harreman batzuk egiten dituzte. Gainera, esker onekoak dira.
Udan zer aldatzen da?
Antzekoa da, aldatzen den bakarra da kanpora gehiago ateratzen garela, eguraldia lagun:hondartza, inguruko herriak...
Eta oporrik?
Agifesek programatzen ditu udalekuak eta horiek astebetekoak edo 10 egunekoak izan ohi dira. Monitoreak eta EAE guztiko gaixoak joaten dira bidaia horietara. Azkenekoan Lanzarotera joan dira.
Laguntzarik jasotzen duzue?
Diputazioetatik eta udaletatik badakit zer edo zer jasotzen dugula, baina ez dakit zenbat. Hori bai, inoiz ez da nahikoa izaten.
Familiek nola bizitzen dute egoera?
Karga handia izaten da. Horrelako pertsona bat etxean edukitzeak sekulako lana ematen du. Gaixotasun honek dituen ezaugarriak... Gaixotasunak suposatzen duen guztiagatik karga handia da familiarentzat. Eurek ere asko eskertzen dute gure laguntza. -
|