Donostiako Alde Zaharrean dena prest dago Xiberoa Egunerako
Zuberoako herri kultura hobeto ezagutu nahi duenak aukera bikaina izango du bihar Donostian. Zuberoako izaera bultzatu nahi duten hainbat eragile hartuko ditu hiriburuak, Xiberoa Eguna egiteko. Eguna ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte Artesana Elkartekoek, Zuberoako zenbait ekoizle eta kultur eragileeekin batera. Herrialde horri zuzenduriko jaia egiten den lehen aldia den arren, ez dute antzeko esperientzia errepikatzeko asmoa ukatzen.
DONOSTIA
Zuberotarrak izango ditu gonbidatu Donostiak bihar. Egun horretan, hiriburua «askori ezezagun» egiten zaien herrialdez jantziko da, Xiberoko Eguna ospatzeko.Xiberoko Eguna Artesana elkarteak antolatutako «SasoikUA» kanpainaren barruko ekitaldietako bat da. Egitasmo hori Artesana elkartearen egoitza aldaketa dela medio abiarazi zuten maiatzaren 14an. Elkarteko kide den Juanjo Perez Beltza’-k azaldu digunez, Donostiako Soraluze kaletik Euskal Herria kalera aldatuko dute egoitza urte amaieran eta hori aitzakiatzat hartuta ekitaldi kulturalak antolatu dituzte auzoko bizilagunei begira. Kanpaina maiatzaren 14an hasi zen, elkarteak bere urteurrena betetzen zuen egunean, hain zuzen. Egun hartan, elkarteko kideek afari bat egin zuten Artesanako egoitzan, 1918. urtetik han egon ostean, bertan ospatuko zuten azken urteurrena baitzen. «Ekainean hitzaldi bat eta jende helduarentzako festa bat antolatu genuen: horixe izan zen «SasoikUA» kanpainaren lehen ekitaldi publikoa», esan du Juanjok. Xiberoko Eguna kanpaina horretako bigarren ekitaldia da. Zuberoa zergatik aukeratu duten galdetzean, honakoa erantzun digu Artesanako kideak: «Euskal Herriko zazpi probintzietatik ezezagunena egiten zaigun herrialdea da, beharbada, Zuberoa. Lapurdi gertu geratzen zaigu gipuzkoarroi eta Nafarroa Beheari dagokionez, harekiko harremana estuagoa da Nafarroa Garaiari esker. Ez dugu inolako beste asmo berezirik izan, Zuberoa atsegin dugun herrialdea da eta horregatik sortu da gure interesa». Behin herrialdea aukeratuta, bertako kultur eragileekin eta Zuberoako produktuak ekoizten dituzten pare bat talderekin jarri ziren harremanetan: Idoki Elkartea eta Azkorria Kooperatiba. Osagai horiek guztiak batu eta horrela egin zuten Xiberoa Eguna antolatzearen aldeko apustua. Biharko jai giroa bermatua dago Donostian. Goizean, Mauletik abiatutako autobus bat etorriko da hirira. Bertan etorriko dira elikagai, disko, liburu eta Zuberoako beste zenbait produkturen ekoizleak, baita egunari doinua jarriko dioten zenbait musikari ere: Mixel Etxekopar, Amaren Alabak eta Zuberoako pastoralean parte hartzen duen Oiherkoren Txaranga. Juanjok azaldu duenez, Artesana Elkarteak Donostiako Goizaldi dantzari taldea gonbidatu du, musikari zuberotarrek ere bertokoaz goza dezaten. Hamaiketatik aurrera hasiko da festa azokarekin batera. Azokan Zuberoako produktuak izango dira ikusgai eta erosgai: elikagaiak, diskoak eta liburuak izango dira bertan, arratsaldeko zortziak arte. Hortik aurrera, hara bertaratzen direnek, dantza, kantua eta bazkaria izango dituzte. Euskal Bilerako kideei eta beste zenbait elkarteri agurtzeko tartea ere hartuko dute. «Egitasmo honek harrera ona izango balu, eredutzat hartu eta antzeko ekitaldiak egingo genituzke uztailero», azaldu du Artesanako kideak. Izan ere, bere hitzetan, Euskal Herriko gainerako herriekiko elkartasuna erakusteko ez dago ekitaldirik zehaztuta eta Artesana elkarteak bere gain gustura hartuko lukeen egitasmoa izango litzateke. Artesana elkartetik herri arteko anaitasun egun honetan parte hartzeko deia luzatu dute: «Guztiok zaudete gonbidatuta Zuberoako festa handira».
Zuberoako izaera helarazteko hainbat gonbidatu
A.G.
DONOSTIA Xiberoa Egunak herrialde horren inguruan dagoen ezagutza handitzea du helburu. Horretarako, Zuberoatik etorriko diren gonbidatuen artean, bertako ekoizle eta kultur eragileak daude batik bat. Ekoizleen artean, Idoki Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartea eta Aizkorria Kooperatiba ditugu. Idoki Elkarteak hainbat ekoizpen biltzen ditu bere barnean, denak ere, elikadurari lotutakoak. Elkarte horretako produktuak Ipar Euskal Herriko azoka askotan daude eskuragai, baita Donamartirin, Sohutan eta Atharratzen dituzten saltokietan ere. Azkorria Kooperatiba, berriz, 17 ekoizlek osatzen dute eta beraien jarduna AOC Ossau Irati izendapeneko gaztan oinarritzen da. Azokan ikusi eta erosi ahal izango diren produktuez gain, ordea, musika izango du lagun Donostiara bertaratzen den orok. Oiherkoren Txarangaz gain, arratsaldeko bostetatik aurrera, Mixel Etxekopar eta Amaren Alabak taldearen kantu saioez gozatu ahal izango dute bertan dauden guztiek. Mixel Etxekopar Zuberoan oso ezaguna den abeslaria da. Musika tresna ugari jotzen ditu, besteak beste, txistua, txirula eta ttun-ttuna. Zenbait diskoren grabaketan ere parte hartu du Etxekoparrek eta Zuberoan kantuan hasten diren abeslari gazteei laguntzen die. Amaren Alabak taldea, berriz, 18-20 urte bitarteko sei gaztek osatutako taldea da. Gaur egungo abestiez gain, eta orain dela hiru mendetako abestiak ere kantatzen dituzte. Gainera, batzuetan antzezpenak ere egiten dituzte beren emanaldietan. Egitaraua
11.00-20.00: Zuberoako produktuak erakutsi eta saltzeko
azoka, Zuloaga Plazan. 12.00: Zuberoatarrei ongietorria emateko salda eskainiko
da, Artesana Elkartean. 12.15: Kalejira-Poteo-Kantu saioa OIHERKOREN txarangaren
laguntzarekin, Alde Zaharrean. 13.30: Pintxo gonbidapena Euskal Billeraren partetik. 14.30: Zuberoatik etorritako taldearekin bazkaria,
Artesana Elkartean. 17.00: Kantaldia AMAREN ALABA eta MIXEL ETXEKOPAR-en
eskutik, Zuloaga Plazan.
|