BILBO
Hogei talde eta hogei etapa. Pastel goxoa banatzeko. Guztiak prest ziren irteeran, gogoz beterik. Errepideak agindu du eta, noski, saiatu diren arren, ez dute denek pozik amaitu. Bakar batzuek bete dituzte helburuak, zorroa beteta. Edonola ere, Parisera heldu direnak irribarretsu azaldu dira. Discoveryk kale egin du; ezbairik gabe, denek espero zuten baino askoz gutxiago eman dute Azevedok onena 19. sailkaturik, Hincapiek, Savoldellik eta Popovychek. Azken horrek saioa eskuratu zuen, baina sari xumea da. Bruyneel zuzendariaren mutilek ezin izan diote jarraipenik eman Armstrongen bideari. Lehia Egoi Martinez nafarrak eskaini du errepidean. Hincapiek elastiko horia jantzi zuen hasieran, baina ezinean azaldu ziren goiz, eta ez dute burua altxatzerik izan.
CSC taldean, Sastrek Basso liderraren eta lagunaren lekukoa hartu zuen eta oso ongi aritu da, batez ere, erasoan Alpeetan. Egia esan, podiuma merezi zuen, baina indarrik gabe heldu zen larunbateko erlojupekora eta galdu egin zuen. Bestetik, lasterketan Schleck nabarmendu da, Alpe d’Huez gainean irabazi zuen eta etorkizuneko txirrindularia dela erakutsi du. Voigt alemaniarra ez da esku hutsik joango etapa lortuta; Zabriskiek, berriz, ez du mailarik eman erlojupekoetan.
Primerako zazpikotea
Zazpi txirrindulari besterik ez zituen T-Mobile taldeak Estrasburgoko irteeran eta guztiek sekulako maila erakutsi dute; horregatik taldekako sailkapena erdietsi dute alemaniarrek. Harrigarria eta itzela. Bigarren aldiz, Klodenek podiuma zapaldu du. Gorriak ikusi dituen arren, ez du inoiz amore eman eta erlojupekoan Sastre menderatu du. Honchar beteranoa bikain aritu da erlojupekoetan eta liderra ere izan da. Kessler-ek Caubergeko saioa irabazi zuen eta Rogers eta Sinkewitz gazteek primerako maila eman dute. Azkenik, Mazzoleni Klodenen itzala izan da Alpeetan.
Hasi baino lehen Mancebo liderra galdu zuten arren, Ag2r taldekoak oso ondo lehiatu dira eta ustekabeko sariak pilatu dituzte, hala nola, Dessel liderra izan zen, Calzatik saioa poltsikoratu zuen eta Moreau eta Dessel bera aurreneko hamarretan sailkatu dira. Arrieta protagonista izan da lasterketan zehar eta Astarlozak onenak eman ditu Alpeetan. Gerolsteiner taldeak elastiko urdina erakutsi du Tourrean, baina saririk gabe bukatu du. Edonola ere, pozik egoteko lasterketa egin dute, Leipheimer-ek pot egin duen arren, baita Totschnigek ere. Estatubatuarra, behintzat, aurreneko erlojupekoko porrota konpontzen saiatu da, alferrik, ordea. Fothenek elastiko zuria jantzi zuen, baina Cunegok kendu zion Alpeetan.
Altxor polita pilatu du Rabobank taldeak, lau etapa Menchov, Rasmussen eta bi Freirek eta mendiko saria Rasmussekin lortu baitituzte, baina ez dute xedea burutu, hau da, podiuma zapaldu. Menchovi luzea egin zaio Tourra eta 6. sailkatu da; Iruñeko errusiarrak sua eman du. Boogerd lehiatsu ibili da eta maila oso ona eman du.
Davitamon-Lotto taldeak helburuak bete ditu Tourrean, McEwenek hiru etapa eta elastiko berdea irabazi baititu. Petacchirik gabe, esprinter onena dela agertu du australiarrak. Agian, Evansek gehiago ematea espero zuten, baina ezin izan du eta 5. sailkatu da.
Phonak-ek Tourra irabazi du talderik gabe Pirinioetan eta Alpeetan. Gutierrez eta Botero taldetik at, oso bakarrik geratu da Landis mendiko etapetan eta Merckx besterik ez du izan gertu. Ahultasun hori hartuta eta ulertuta, oso ondo mugitu dira egunero eta besteen lana aprobetxatu dute. Horregatik, ordu erdi eman zioten Pereirori eta Landisek dena konpondu zuen Morzinen.
Lampreren lana
Baliteke Lampre Tourrean gehien lehiatu den taldea izatea. Eguneroko ihesaldietan sartu dira, baina ezin izan dute etaparik eskuratu, eta McEwenek Bennati gainditu du esprintetan. Cunegok gazteen elastiko zuria jantzi du eta Vila euskaldunak onenak eman ditu.
Valverde galdu zuten Etxabarri eta Unzue Caisse d’Epargne-Illes Balears taldeko zuzendariek eta Pereirok ordu erdi galdu zuen Pla de Beret gainean. Halere, galiziarrak ihesaldia harrapatu zuen eta Phonak taldearen baimenarekin horia harrapatu zuen. Alpeetan dohainak erakutsi ditu eta Landisek bakarrik gainditu du. Egia esan, bizitasuna eman dio lasterketari eta bigarren postua merezita erdietsi du. Arroyo eta Zandio eta Txente euskaldunek lan itzela burutu dute. Tossatok Boonenek nahi zuen etapa irabazi du Quick Step taldean. Flandestarra ezinean ibili da esprintetan; behinik behin, horia jantzi zuen eta zoramena eragin zuen Belgikan. Rujanok ere kale egin du. Azkenik, Garate ez da gehiegi azaldu baina ordekako saioetan lana egin zuen Boonenen alde. Taldekako sailkapenean azkenak izan dira.
Credit Agricole taldeko Hushovd aurreneko liderra izan zen lehendabiziko etapa irabazirik eta horrela amaitu du, besoak altxatzen atzo Parisen. Halgand lehiatsu agertu da, Caucchioli ezinean, eta Botcharov desagertuta.
Denboraldiko ibilbideari jarraipena eman dio Euskaltel-Euskadik Tourrean, eta hasieratik lehiatsu ibili da. Protagonismoa izan zuten aurreneko bi asteetan eta txirrindulari guztiek azaldu dute burua, batez ere, Unai Etxebarriak, Landaluzek eta Isasik. Liderren artean, Mayok lasterketa utzi zuen, gaixorik, eta Zubeldia faboritoen multzoa aritu da.
Casperrek Cofidisen helburua bete zuen bigarren etapan, esprinta irabazita, ezustean. Chavanel ongi ibili da; Moncoutie, ordea, ez da gehiegi azaldu eta, beraz, ez du azken bi urteetako etapa lortu. Moreni eta Verbrugghe ihesaldietan saiatu dira, zorterik gabe.
Protagonismo falta
Simonik eta Gomez Marchantek ez dute maila eman Saunier Duvalen; De la Fuente gazteak, ordea, bai, eta nola gainera. Sekulakoak egin ditu kantabriarrak eta mendiko elastikoa jantzi zuen, baina Alpeetan galdu zuen gero. Tourreko txirrindulari oldarkorrena izendatu du antolakuntzak. Millar bi urte eta gero itzuli da.
Fdjeux ez da gehiegi ikusi, Eisel, Casar eta Gilbert bakarrik, eta oso urrun izan dituzte garaipenak. Liquigas ahalegindu da eta protagonismoa izan du, saririk gabe. Di Lucasek oso goiz esan zion agur lasterketari, baina taldeak lan egin zuen esprintetan Paoliniren alde, eta Garzelli eta Quinziato nabarmendu dira.
Talde frantsesen xedea etapa eskuratzea zen eta hori Fedrigok erdietsi zuen Bouyges multzoan. Voeckler eta Pineau ahalegindu dira; Brochard eta Rous, berriz, desagerturik ibili dira.
Milram taldea Petacchiren inguruan egin zuten. Italiarrak belauna apurtu zuen Giroan eta gutxi eskaini dute Tourrean. Zabel esprintetan sartu da.
Mercadok lasaitasuna ekarri zuen Agritubel taldera mendiko lehendabiziko etapa irabazita. Helburuak bete zituzten. Hortik aurrera ezer gutxi erakutsi dute.
Tres equipos han sumado la mitad de las etapas
en juego
De los 20 equipos en liza, nueve no han mojado. Las 20 etapas no han estado muy repartidas. En concreto, tres equipos se han repartido diez victorias: Rabobank ha ganado cuatro etapas y Davitamon y T-Mobile tres. El otro equipo que ha doblado ha sido el CSC. Por el contrario, Gerolsteiner, Lampre, Caisse d’Epargne, Euskaltel-Euskadi, Cofidis, Saunier Duval, fdjeux, Liquigas y Milram se van de vacío de París. Unos los han merecido más que otros. -