- Sega
Lapazaran izan da finalerdietako lehen sailkatua
·Aranalde, Goikoetxea eta Gabirondo gazteluarrak ere, finalean izango dira
MAÑARIA
Ez zen inongo ezusterik izan, eta Lapazaran, Aranalde, Goikoetxea eta Gabirondo izango dira datorren igande eguerdian Otxandion jokatuko den Euskal Herriko finalean. Txapelaren lehia ere Mañarian zen izatekoa, baina belar gutxi dagoela-eta, azkenean Otxandiora pasatu dute.200 ikusle baino gehiago ez ziren batu atzo Mañarian. Belarra, berriz, gutxi eta ahul samarra zegoen, eta hori baieztatzeko, segalariek moztutako kilo kopuruan nabarmen daiteke. Lehen multzokoek, bigarrengokoek baino belar eskasagoa izan zuten. Lehenengo multzoan, Gabirondo, Goikoetxea eta Mariñelarena neurtu ziren. Gabirondo eta Goikoetxea parean aritu ziren sailetan. Mariñelarena ere ez zen oso aparte ibili, eta lehia oso estua eskaini zuten hiru segalariek. Belarrak amaitutakoan ere, eta bildu eta pisatzen ari ziren bitartean ere, gauzak ez ziren oso garbi ikusten. Mariñelarenak aurrera egin ote zuen zurrumurrua ere zabaldu zen une batetan, baina azkenean ez zen ezusterik izan, eta aurretik iragartzen ziren bi segalariek, Gabirondok eta Goikoetxeak, osabak eta ilobak, horrela baitira, aurrera egin zuten. Hala ere, sailkapena ikusitakoan, argi eta garbi geratu zen hiru segalarien artean egon zen berdintasuna, 28,5 kiloren barruan sartu baitziren hiru segalariak. 18 kilo eta erdigatik geratu zen kanpoan David Mariñelarena.
Alde handiagoa
Horien lanak amaitutakoan, bigarren multzoko segalariak plazaratu ziren. Lapazaran, Aranalde eta Alkorta. Hor ere ez zen ezusterik egon, eta aurretik iragartzen ziren biek egin zuten aurrera, Lapazaranek eta Aranaldek, alegia.Multzo horretan, sailetan hasieratik hartu zuen aurrea Jon Lapazaranek, eta amaiera bitarte horrela jarraitu zuen. Ez zen izan aurreko multzoan egon zen oreka hura, eta Lapazaranek 169,5 kiloko aldea kendu zion Aranalderi. Hark, berriz, 58 kilo eta erdi atera zizkion, hirugarren eta finaletik kanpo geratu zen Alkortari, nahiz eta Aranalderi zigor bat ezarri zioten, eta hogei kilo kendu. Atzoko finalerdiaren ostean, argi eta garbi geratu zen Lapazaran dela txapela janzteko faborito nagusia. Hala ere, kontuan izan behar da orain arteko saio guztiak ordu erdikoak izan direla, eta finala, berriz, ordubetekoa izango dela. Horrek erabat alda ditzake gauzak, baina bizkaitarra izango da faboritoa. Finala, datorren igande eguerdian izango da Otxandion, eta
bizkaitar bat eta hiru gipuzkoar izango dira lehian. Gipuzkoarrak, gainera,
denak herri berekoak dira, Gaztelukoak. Segur aski inoiz ez zen horrelakorik gertatuko.
Segalari berrientzako lehiaketa, Gaztelun
J.L.
MAÑARIA Gaztelu herria modan dago sega munduan, eta badirudi horrela jarraituko duela. Datorren igandeko Euskal Herriko finalean arituko diren lau segalarietatik hiru herri horretakoak izango dira. Gauza handia, dudarik gabe, Gipuzkoako herri txiki horrentzat. Segan lan asko egiten dute, eta horren eredu da abuzturako antolatu nahi duten sega txapelketa. Orain arte txapelketa ofizialetan inoiz aritu ez diren segalarientzako lehiaketa bat antolatu nahi dute, nazioarteko erara. Segako era hori indarra hartzen ari da Euskal Herrian, eta badirudi berriak ateratzeko bide garrantzitsua izan daitekeela,Gaztelun haientzat egingo dute-eta txapelketa, abuztuaren 15ean. Izena emateko epea abuztuaren 5ean amaituko da. Parte hartzeko izena eman nahi dutenek 943 67 37 83 telefono zenbakira deitu beharko dute. Parte hartzeko eskatzen den baldintza bakarra lehiaketa ofizialetan inoiz parte hartu gabea izatea da.
|