Unai ARTETXE 
 DONOSTIA
Nahi baino denbora gehiago itxaron behar izan du, baina azkenean iritsi zaio Isuntzari garaipen batez gozatzeko unea. Lekittarra ontziak atzo lortu zuen Camargon denboraldiko aurreneko garaipena, eta Kantauriko Arraun Elkarteko (KAE) lehen multzoko sailkapen nagusiko bigarren postura egin du jauzia. 
Ohorezko txandan aritu ziren bizkaitarrak, San Pedrorekin, Trintxerperekin eta Getariarekin batera. Lekittarra eta Libia nor baino nor aritu ziren estropada guztian zehar, eta gipuzkoarrak aurretik ziren arren, bien arteko aldeak oso txikiak izan ziren. Lekeitiokoek azkenengo txanpan hartu zuten aurrea, eta azkenean helmugako baliza segundo biko aldearekin pasatu zuten. Trintxerpe, 20 segundora, eta Getaria, minutu erdira, ondoren helmugaratu ziren.
Estropadako hirugarren denborarik onena bigarren txandan aritutako Ondarroak egin zuen. Antiguako Amak gogotsu ekin zion lanari, eta lehen maniobra burutu ostean txanda goitik behera agindu zuen. Donostia Arraun izan zen bigarren, 11 segundora, Hondarribiaren eta Itsasoko Amaren aurretik.
Lehen txandakoen artean Pontejos izan zen onena, Camargoren, Zierbenaren eta Santanderren aurretik.
Camargoko sailkapena
 
	1. 	Super BM Isuntza Grafilur 	 19:21.54
	2. 	Sanpedrotarra 	 2.33ra
	3. 	Ondarroa	 9.23ra
>	4. 	Pontejos Repsol	 20.48ra
	5. 	Donostia Arraun Lagunak	 21.20ra
>	6. 	Hondarribia Pasquier	 21.82ra
	7. 	Trintxerpe	 23.84ra
>	8. 	Camargo	 29.48ra
	9. 	Getaria Indaux	 32.91ra
>	10. 	Zierbena Bahias de Bizkaia	 34.64ra
	11. 	Itsasoko Ama	 36.42ra
>	12. 	Ciudad de Santander	 36.48ra
Lehen multzoko sailkapen nagusia
   
	1. 	Sanpedrotarra 	 41 puntu
	2. 	Super BM Isuntza Grafilur 	 35
	3. 	Getaria Indaux	 34
>	4. 	Ondarroa	 30
	5. 	Donostia Arraun Lagunak	 30
>	6. 	Trintxerpe	 28
	7. 	Hondarribia Pasquier	 25
>	8. 	Itsasoko Ama	 23
	9. 	Pontejos Repsol	 18
>	10. 	Zierbena Bahias de Bizkaia	 18
	11. 	Camargo	 17
>	12. 	Ciudad de Santander	 13