EAJren «zipaio izaera» salatu du Segik
·Lakuako Barne Sailaren agindupeko poliziaren jarrera gaitzetsi eta manifestaziora deitu du irailaren 9rako Zarautzen
DONOSTIA
Segi gazte erakundeak gogor salatu ditu igandean Lezon izan zen Gazte Egunean Ertzaintzak egindako mehatxuak, baita astelehenean Donostiako Letaman gaztetxean, Segiko materiala egotea argudiatuta, bi orduz egindako miaketa ere. Ertzaintzak GARAri esan zionez, ez du haren gainean «ezertxo ere» esateko.
Segik, berriz, honako hau salatu du: «Madrilek agindutakoari, zipayismo politiko gisa, men egitera ohituak bagaude ere, oraingoan gazteri independentistaren aurka jotzeko iniziatiba hartu du EAJk bere zakurren bidez».
Azken egunotan Ertzaintzak Segiren aurka jo du, eta gazte erakundeak «Harresiak bota ta independentzia irabazi» kanpaina abiatu zuenetik, dozenaka oldarraldi egotzi dizkio Lakuaren agindupeko poliziari. Donostiako manifestazioaren aurka egitea, bi gazteri buruan pistola jartzea Irunen, atxiloketak, Andoainen eta Gasteizen Segiko elastikoak kenaraztea edo pankarta eta kartelak kentzea aipatu ditu beste batzuen artean.
Gazteen pazientziaren muga «arras» gainditzen ari direla esan die Ibarretxeri, Balzari eta Imazi, eta taldeen «ilegalitate» eztabaida «antzuaren eta hutsalaren» bidez Euskal Herriko prozesua, «alderdi interesak direla-eta», oztopatu nahia egotzi die. «Euskal Herriak ematen dio Segiri bere alde eta gazteen eskubideen defentsan borrokatzeko zilegitasuna», eta ez Madrilek, Segiren esanetan.
Erantzunik gabeko erasorik ez dela egongo esan eta manifestaziora deitu du gazte erakundeak Zarautzen, irailaren 9rako, 19.00etan.
|