BAIONA
Haur Hezkuntzako ume txikiek eta Lehen Hezkuntzako gaztetxoek atzo hasi zuten ikasturtea Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Nafarroan irailaren 7an hasiko dira, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hilaren 8a izango dute lehenengo eskola eguna gaztetxoenek. Ipar Euskal Herriko ikastetxe publiko eta pribatuetan euskararen presentzia hazi egin da. Seaskak Haur Hezkuntza eskainiko duen beste ikastola bat sortu du Baigorrin, Ortzaizeko ikastolaren parte dena. Bestalde, hezkuntza publikoak ikasketa elebiduna eskainiko du sei eskola gehiagotan. Arbonan, Bidarten, Getarian, Amorotzen, Baionako Maligaryn eta Biarrizko Thermes Salinesen. Horrek hiriko Alsace Haur Eskolako haurrei ikasketa elebidunak jarraitzeko aukera emango die.
Ipar EuskalHerrian diren 145 ikastetxeetatik gaur egun 55etan eskaintzen dituzte ikasketak euskaraz; hau da, %38n. Ikastetxe horietatik 25 Ikastolen Federazioarenak dira; izan ere, Baigorriko zentroa da hogeita bosgarrena. Atzo, 1.545 haurrek hasi zituzten eskolak Seaskako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan. Hurrengo astean, 533 Seaskaren hiru kolegioetako batean hasiko dira, eta 185, lizeoan. Orotara, 2.263 haur eta gaztek ikasiko dute Ikastolen Federazioaren ikastetxeetan; hau da, iaz baino 90 ikasle gehiagok.
Baigorriko ikastola berrian 12 haurrekin hasi dira,
baina ikasturtea bukatzerako beste bi ikasle gehiago izango dituzte. Ikastetxe
berri hori ikasleen gurasoen nahiari esker egin ahal izan dute. Gurasoek herriko
Basa Haizea elkartearen eta Seaskaren sostengua eta laguntza ekonomikoa izan
dute. Baigorrin irakasle batek eta laguntzaile batek egingo dute lan.
Irakasle euskaldun gehiago
Irakasle euskaldunen kopuruak gora egin du azken urteotan, bai eta ikasgela kopuruak ere. 2004an 91 irakasle lanpostu zeuden; aurten, berriz, 106 irakasle euskaldun izango dira. Hazkunde hori argia izanik ere, Seaskaren etengabeko borroka den iraskasle lanpostuen egokitzapenean aurten Euskararen Erakunde Publikoari konfiantza erakustea erabaki du. Horiek hala, hezkuntza nazionalak diruz lagundu ez dituen bi lanpostuak Ikastolen Federazioak ordaintzea erabaki du, eta gero EEPri hori ordaintzeko eskatzeko asmoa du.1994an Seaskak Hezkuntza Nazionalarekin hitzarmena sinatu zuenetik irakasle lanpostuak bere gain hartzen dituen lehen aldia da. Aurreko urteetan, mobilizazioen bitartez behar zituen lanpostuak diruz laguntzea lortu zuen. Barne finantzaketa horregatik izango ez balitz, Baigorriko ikastola ezin izango lukete ireki.
Ikastolen Federazioak eta Hezkuntza Nazionalak negoziazioak abiatu dituzte, pedagogia eta hizkuntza oinarriak, irakasle lanpostuen finantzaketarako irizpide komunak eta bilkura egutegia finkatuko dituen hitzarmen bat sinatzeko. Lehen bilkura uztailean izan zen, eta pedagogia eta hizkuntza oinarrietan adostu ziren.
Euskararen Erakunde Publikoa
Bilkura horiek EEPren lanari esker abiatu ziren. Horregatik, Seaskak bilkuretan parte hartzeko eskatu zion, baina erakunde publikoko arduradunek ezezkoa eman zuten.EEPko zuzendari Jean-Claude Hiriartek ikasturte hasiera honetan egindako lana positibotzat jo du. Erakundea lan horretan aritzen den lehen aldia da; izan ere, duela urte eta erdi soilik sortu zuten, eta iaz aholkularitza lana besterik ez zuen egin. Aurten, berriz, irakaskuntza publikoan sortu diren sei ikasgela elebidunen atzean dago EEP. Herriko etxeei beren herrietan inkesta bat egiteko eskatu zuten, gurasoek haurrak eskola elebidunera igorriko lituzketen jakiteko. Baietza eman zuten sei herriko etxeetan ireki dituzte ikasgelak. Seaskak komunikazio arloan irakaskuntza publikoari emandako sostengu ekonomikoa ez jasotzea salatu du.
Lau eguneko astea Ipar
Euskal Herriko zentro guztietan
Haurren erritmoa errespetatzea xede duen lau eguneko asteak Estatu frantsesean arrakasta handirik ez badu ere (%25), Ipar Euskal Herrian Haur eta Lehen Hezkuntzako zentro guztietan ezarria dute. Horrek ikasturtearen hasiera astebete aurreratu du, bosgarren eguneko orduak berreskuratu ahal izateko. Horretaz gain, ikasturtea geroago bukatzen dute batzuek, eta larunbata batzuetan eskolak hartzen dituzte beste batzuek. -