Ikasturte berria, erronka eta zalantzak
Lapurdin, Nafarroa Beherean era Zuberoan ikasturte berria hasi da. Etxeko txikiekin inauguratu dute aurtengo eskolako «itzulera operazioa», ama eskola eta lehen hezkuntzan. Bitartean, Nafarroa Garaian txikiek oraindik ere oporretako azken egunak dastatzeko aukera izanen dute, irailaren 7a arte ez baitira eskolara itzuliko eta, azkenik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako umeak egun bat geroago hasiko dira, irailaren 8an. Hurrengo asteotan ertain eta goi mailetako ikasleen txanda iritsiko da. Atzoko eguna, dudarik gabe, gazi-gozoa izan zen haur eta guraso gehienentzat. Udako giroa atzean utzi eta urte luze bati aurre egiteko ibilbideak alde on eta txarrak baititu. Lehendabizi onak aipatzearren, eguneroko bizitza eta harreman sarea berreskuratzeko aukera; alde txarrak askoz gehiago izanik, baten bat aukeratzea zailagoa da. Oporraldi osteko sindromeaz hitz egiteak aproposa dirudi. Ipar Euskal Herrian ikasturte hasiera erronka berriz beteta etortzeaz gain, konpondu gabeko arazo anitzekin datorrelako. Hala ere, berri onak nagusitzen dira. Ikasturte berrian ume gehiagok euskara ikasteko aukera izanen dute. Ikastoletan izena eman duten haur eta gaztetxoen kopurua etengabe gora doa. Orotara, 2.263 haur eta gaztek ikasiko dute aurten ikastoletan, iaz baino 90 ikasle gehiagok. Seaskak ikastetxe berria ireki du Baigorrin. Bestalde, ikasgela gehiago irekitzeaz gain, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak ahalegin berezia egin du lanpostu gehiago sortzeko. Nahiz eta oraindik ere finantzaketaren gainean zalantza ugari izan, Euskararen Erakunde Publikoari konfiantza emanez hartu du Seaskak bere eredu pedagogikoa sustatzeko berebiziko garrantzia duen erabakia. Erakunde horri Hezkuntza Nazionalaren eta ikastolen arteko bitartekari lana egitea egokitu zaio, eta ikasturtean bere benetako balioa eta borondatea frogatzeko aukera bat baino gehiago izanen du. Oro har, irakaskuntzak dituen erronkak eta beharrak betetzeko ez dago girorik Parisen. Hala nola, irakaskuntza publikoan azken urteotan etengabe murriztu dute irakasle kopurua. Hartara, iaz Sohütako, Larresoroko edo Baionako ikastetxetan izan ziren protestei jarraituz, atzo Bidarteko gurasoek itxialdia egin zuten herriko eskolak dituen beharrak bete ditzatela eskatzeko. Ikasturte hasieran, asmo berri anitz, baina, tamalez, han-hemenka arazo zaharrak ere antzematen dira. -
|