Bidasoaldeko film laburren zinemaldiak hogeita hamabost lan aurkeztuko ditu
Azken bederatzi urteetan bezalaxe, iraila iritsi eta IX. Nazioarteko Film Laburren Bidasoaldeko Zinemaldiaren txanda heldu da. Aurten, 35 lan agertuko dituzte, eta Doneztebeko, Elizondoko, Berako eta Hendaiako egoitzei Lesakakoa gehitu diete. Zinemaldiko irekiera ekitaldia datorren ostiralean izango da Berako kultur etxean, eta bertan Pio Barojari omenaldia egingo diote hil zela 50 urte bete direlako. Edizio honetan, gainera, sarietan diru gehiago banatuko dute antolatzaileek.
IRUÑEA
Pio Barojak “Bidasoako herrialdea” deitzen zuena zinemaz jantziko da irailean. Zehazki, irailaren 4tik 15era, Lesakako, Berako, Doneztebeko, Elizondoko eta Hendaiako herriek IX. Nazioarteko Film Laburren Bidasoaldeko Zinemaldia hartuko baitute. Oraingo honetan, 35 lan proiektatuko dituzte; hain zuzen, jasotako 94etatik sailkatutakoak, eta lau taldetan banatuko dituzte emanaldirako. Horietatik «%60 baino gehiago» Madrildik iritsi dira. «Bertan daude zinema eskola eta estudio gehienak», azaldu zuenJon Abril Berako Kultura zinegotziak. Gainerakoak Estatu frantsesetik, Argentinatik edo Kubatik iritsitakoak dira. Euskal lanik, ordea, ez da iritsi aurten. «Hutsunerik baldin badago aurten, horixe da, euskarazko lanik ez dela iritsi, azken urtean ez baita ezer euskaraz ekoitzi», azaldu zuenAbrilek.
Emanaldiak
Emanaldiak lehenengo Donezteben eta Lesakan izango dira irailaren 4tik 8ra, eta Elizondon, Beran eta Hendaian ondoren, 11tik 14ra. Guztiak 20.00etan izango dira Hendaian izan ezik, bertan 21.00etan izango baitira. Donezteben hitzordua herriko zineman izango da; Lesakan, komentuko zelaian; Elizondon, berriz, museo etnografikoan; Beran, kultur etxean, eta Hendaian, azkenik, Cinema des Varietes-en. Jon Abrilek azaldutakoaren arabera, Bertizko Turismo Patzuergoak antolatutako zinemaldi horretan aldaketa ugari egin dute aurten aurreko edizioekin alderatuta. Batetik, filmak herri gehiagotan proiektatuko dituzte aurten Lesakan ere emango dituzte eta, bestetik, diru-sariak handitu dituzte. Horiek hala, lanik onenak Urrezko Iratzea eskuratuko du eta 4.000 euro; bigarrenak, Zilarrezko Iratzea eta 2.000 euro; eta natura edota giza balioak ongien islatzen dituen lanak, animazio lanik onenak, Akitania, Nafarroa eta EuskalAutonomia Erkidegoko zuzendari batek egindako lanik onenak eta aktorerik onenak Brontzezko Iratzea eta 1.000 euro jasoko dituzte. Euskarazko lanik onenak berez badu azken sari hori irabazteko aukera, baina, esan bezala, aurten ez da euskarazko lanik aurkeztu. Beste saririk ere egon badago, bata publikoak ematen duena eta bestea argazkirik onenarena, baina horiek ez dute dirurik jasoko. Bestalde, eta Pio Baroja hil zela 50 urte pasatu direnez gero, zinemaldiko antolatzaileek «omenaldi xumea» egingo diote idazle eta ikertzaileari. «Zinemaldiaren ostiral honetako irekitze ekitaldian, aktore batzuek errezitaldia eginen dute, haren lanaren errepasoa... Sorpresa izatea nahi dugu eta ezin dugu gehiago aurreratu; oso polita izango dela besterik ez», argitu zuen Abrilek. Irekiera eta itxiera ekitaldiak
IX. Nazioarteko Film Laburren Bidasoaldeko Zinemaldiaren irekiera ekitaldia ostiralean izango da 20.00etan Berako kultur etxean, eta bertan Pio Barojari omenaldia egingo diote. Itxialdia eta sari banaketa, berriz, irailaren 15ean izango da 20.00etan Elizondoko Lur dantzalekuan. -
|