Emakunde ez dela Kontserba sektoreko langileekin bildu argitu du ELAk
·Sindikatuaren ustez, Emakumearen Euskal Erakundeak emakume horien egoerarengatik «arduratu» behar du
BILBO
ELAko Kontserba sektoreko arduradun Juan Carlos Polok salatu zuen Emakunde Emakumearen Euskal Erakundea erakunde-kanpainekin eroso dagoela dirudiela, baina ez duela lur errealera jaitsi nahi; hain zuzen, egunero-egunero Kontserba sektoreko langileak diskriminatzen dituzten tokira.
Polok Emakunde «ekintza guztietan» egoten dela esan zuen, eta oraindik langile horiekin hitz egitera ez dela «makurtu» argitu. «Ez da ezer egon, ezta bilerarik txikiena ere», azaldu zuen.
Emakume horiek orain hilabete bat Emakunderi laguntza eskatu zioten langile horiei guztiei egiten zieten genero-bazterkeria dela-eta, eta ondoren, emakumeen elkarte baten bidez berretsi zuten eskaera. «Langileen %90 emakumeak dira, eta ez dugu esan nahi Emakundek lan arazoa konpondu ahal duenik, baina bai ikertu behar duela eta emakume horien egoerarengatik eta dagoen bazterkeriarengatik arduratu», gaineratu zuen.
Bestalde, orain aste batzuk, sektorean gehiengo diren ELA, LAB eta ESK sindikatuek Cebek Bizkaiko patronalari hitzarmenerako azken proposamena egin zioten, eta oraindik ez dute erantzunik izan. Poloren ustez, patronal horrek negoziatzeko duen «borondate txikiaren» adierazle da hori.
|