Donostian kalitatea eta kultura erabiliko dituzte turistak erakartzeko
DONOSTIA
Donostiako alkate Odon Elortzak turismorako plana aurkeztu zuen atzo, Donostian. Hori joan den ostiralean onartu zuen hiriko gobernuak. Honela, Turismo Gizarteari aurkeztu diote plana, eztabaidarako, analisirako eta aldaketetarako «plan ireki» moduan. Plan horrek kalitatea, berrikuntzak eta kultura proposatzen ditu, besteren artean, hiri turistiko bat garatzeko ardatz moduan. Elortzaren hitzetan, kalitate kontzeptua hiriko zerbitzu eta gune publiko guztiei ezarri behar zaie, hala nola, taxiei, hondartzei edota eskaintza gastronomikoari. Era berean, alkateak nabarmendu nahi izan zuen kalitatezko turismoa bultzatu nahi izateak ez duela adierazi nahi turismo elitistaren edo baztertzailearen alde egin nahi denik. Donostiak familien eta gazteen turismoa behar duela onartu zuen, eta hori lortzeko, prezio eskuragarria duten hotelak eraikitzea bultzatuko dute etorkizunean. Donostiako alkateak aipatu zuenez, hiriak «iraultza» bati eman beharko dio hasiera, eta gune ezagunak modu berritzailean kudeatu beharko dira, Victoria Eugenia antzokia edo San Telmo museoarekin orain arte egin duten bezala. Alde horretatik, etorkizunean Igeldo eta Urgull mendietan egitasmo berritzaileak bultzatuko dituztela baieztatu zuen alkateak. Garapen iraunkorra kontuan hartuko dutela azaldu zuen Odon Elortzak atzo, eraikuntza berriek paisaian inpakturik eduki ez dezaten, paisaia bera errespeta dezaten eta ez ditzaten energia-baliabideak gehiegi kontsumitu etorkizunean.
Berrikuntzak Saguesen
Donostiak «hutsune handiak» dituela aipatu zuen alkateak, eta Saguesek «erremate» bat behar duela adierazi zuen. Haizearen Orrazian Eduardo Chillidaren eskulturekin egin bezala, Saguesen ere horrelako eskultura handi bat ezartzea proposatu zuen. Era berean, terraza eta talasoterapia izango dituen hotel baten eraikuntzaz hitz egin zuen. Surfean aritzen direnentzako hainbat instalazio ezartzeko asmoa ere erakutsi zuten atzo. Plan horretan hiriak dituen hainbat gabezia azaltzen dira. Zenbait garraiobideren falta, adibidez; aireportuarekin edo tren zerbitzuekin gertatzen den bezala.Plan berri horrek Donostia «jaialdien hiri» moduan sustatu nahi du. Horretarako, zinema jaialdiak, esate baterako, programa zabaldu beharko duela aipatu zuen.
|