DONOSTIA
Kantauriko Arraun Elkarteko (KAE) liga erregular biak amaitu dira. San Pedro jaun eta jabe izan da lehen multzoan, eta jokatutako hamabi estropadetatik erdietan gailendu da. Hala, lehiaketako lidergoa eskuratzeaz gain, Libia ontziak Traineruen Kluben Elkartera (TKE) igotzeko txartela eskuratu du, eta irailaren 16an eta 17an, Asturiasko Castropol herrian, lehen multzoan bigarren sailkatutako Isuntzarekin eta Ipar-mendebaldeko Ligako aurreneko bi sailkatuekin, Meirarekin eta Amegroverekin, hain zuzen ere, igoera aurre-kanporaketa jokatuko du. Bigarren multzoan, ostera, Kaiku izan da talderik onena. Bizkaitarra trainerua hasieratik amaierara arte maila mantentzeko gai izan da, eta hamar estropadetatik zortzitan izan da azkarrena.
KAEren Liga nagusian oso estropada politak ikusi dira. San Pedrok sei garaipen bildu ditu; Isuntzak eta Getariak, aldiz, bina, eta Pontejosek eta Camargok, bana. Ikurrina bereganatzetik gertu geratu diren talde asko ere badaude. Lehiaketako liderra, esate baterako, hirutan geratu da bigarren postuan; Getaria eta Ondarroa birritan; eta Isuntza, Trintxerpe, Pontejos, Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia, behin.
Bigarren multzoan, aldiz, Kaikuk zortzi garaipen lortu ditu, eta beste estropada bietan bigarren izan da. Ur Kirolak izan da, hain zuzen ere, ikurrina bi horiek eskuratu dituen taldea. Urola Kosta ere lehia horretan izan da, baina azkenean garaipenik gabe geratu da.
Lehen multzoko estropadak
1. San Pedro (uztailak 9) San Pedro
> 2. Santurtzi (uztailak 15) Getaria
3. Trintxerpe (uztailak 22) San Pedro
> 4. Camargo (uztailak 23) Isuntza
5. Santander (uztailak 29) San Pedro
> 6. Lekeitio (uztailak 30) San Pedro
7. Ondarroa (abuztuak 5) Getaria
> 8. Donostia (abuztuak 6) Isuntza
9. Hondarribia (abuztuak 12) Camargo
> 10. Getaria (abuztuak 15) Pontejos
11. Zierbena (abuztuak 26) San Pedro
> 12. Pontejos (abuztuak 27) San Pedro
Lehen multzoko sailkapen nagusia
1. San Pedro 127 puntu
2. Isuntza 110
3. Getaria 90
> 4. Trintxerpe 84
5. Ondarroa 79
> 6. Pontejos 73
7. Donostia Arraun 73
> 8. Zierbena 67
9. Santurtzi 61
> 10. Camargo 59
11. Santander 56
> 12. Hondarribia 54
Bigarren multzoko estropadak
1. Donibane Lohizune (uztailak 9) Kaiku
2. Donostia (uztailak 16) Ur Kirolak
3. Lutxana (uztailak 22) Kaiku
> 4. Algorta (uztailak 30) Kaiku
5. Areeta (abuztuak 5) Kaiku
> 6. Zumaia (abuztuak 6) Kaiku
7. Portugalete (abuztuak 12) Kaiku
> 8. Deustua (abuztuak 20) Kaiku
9. Colindres (abuztuak 26) Kaiku
> 10. Portugalete (abuztuak 27) Ur Kirolak
Bigarren multzoko sailkapen nagusia
1. Kaiku 98 puntu
2. Ur Kirolak 74
3. Urola Kosta 73
> 4. Portugalete 68
5. Lutxana 64
> 6. Donibane Ur Joko 44
7. Colindres 43
> 8. Deustua 36
9. Raspas 32
> 10. Algorta 17
Igoera kanporaketari begira
KAEko kanporaketak jokatuko dituzten taldeak hurrengo larunbata noiz iritsiko zain daude. Izan ere, lehen mailako azken bi sailkatuak, Hondarribia eta Santander, Ur Kirolen eta Urola Kostaren aurka arituko dira hurrengo urteko denboraldiari begira. Kaikuk lehen mailara igotzeko txartela eskuratu du bigarren multzoko lider izanik, eta, beraz, kanporaketa jokatuko duten lau ontziek hurrengo urtean lehen mailan egoteko txartela bakarra izango dute lehian.
Lehen proba larunbatean izango dute Lekeition; eta bigarrena, berriz, hilaren 9an, Sestaon. Estropada bietan, lehian izango diren lau ontzien artean denborarik onena lortutakoak eskuratuko du hurrengo urtean lehen mailan aritzeko txartela.
Kanporaketa jokatu duten lau taldeez gain, Lekeition KAEko lehen multzoko beste ontzi guztiak izango dira lehian, Kontxan arituko den Donostia Arraun izan ezik, ikurrina eta diru-sariak eskuratzeko asmoz. Estropada, hala ere, ez da puntuagarria izango.
Sestaon ere, kanporaketa jokatuko duten ontziez gain, KAEko bigarren multzoko traineruak izango dira lehian. Bertan ikurrina eta diruak izango dira jokoan.