GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > PILOTA 2006-08-30
Patxi ZEBERIO | Erremonte jokalaria
«Ez dut uste finalak ligaxkako partidarekin antza handirik izango duenik»

Hamar bat egun badira Patxi Zeberiok Kursaal Torneoko finala jokatuko zuela jakin zuenetik eta itxarotea luze egiten ari zaio. Kantxara egokitzen joateko binakako partida jokatu zuen atzo Ionekin Altuna I.aren eta Urrutiaren aurka. Entseguan 40 eta 33 galdu arren, baikor azaldu zaio Elduaingoa GARAri, eta bere esperientzia aberatsean oinarritu nahi du garaipena.

­Ezkurrak min hartu eta finalera zuzenean: poz galanta baina...

Finala iristeko gogoz. Hamar bat egun badira finala jokatuko nuela jakin nuenetik, eta larunbata noiz iritsiko zain egon behar. Inguruko guztiak zorionak emanez, normala den moduan, eta azkenerako nahiko luzea egin zait. Ilusiorik ez dut galdu, ordea, eta neurketa jokatzeko irrikan nago.

­Eta sasoi betean iritsiko zara.

Fisikoki oso ongi nago. Txapelketa oso ongi prestatu dut eta hori kantxan nabarmentzen da. Joko aldetik ere, gustura. Bi norgehiagoka jokatu ditut aurtengo Buruz Burukoan, Urrutiaren eta Bitoriaren kontra, eta bietan pozik geratu naiz erakutsitako mailarekin. Egia da Migel Mariren kontra galdu egin nuela tanto bateko aldearekin, baina nire aurreneko partida zen. Eta Bitoriaren aurka ere oso egoki jokatu nuen, kolpez-eta fresko.

­Final-laurdenetako ligaxka izan da aurten berrikuntza nagusia eta, zuri nahiko ongi etorri zaizula esan daiteke.

Hala da. Batetik, lehiaketan bi partida behintzat jokatzeko aukera eman didalako eta, bestetik, aurrenekoa galdu arren Txapelketan aurrera jarraitu ahal izan dudalako. Buruz buru jokatzea bereziki nekagarria izaten da eta, alde horretatik, ez dakit ligaxka oso komenigarria den, baina niretzat behintzat ez dago aitzakiarik.

­Galdetu gabe esan didazu Urrutiaren aurka galdu egin zenuela ligaxkan. Antzeko neurketa espero al duzu?

Ez dut uste. Final guztiak bereziak izaten dira; beste giro bat egoten da pilotalekuan, eta presio handiagoa egoten da. Nik ez diot aurreko partidari begiratuko. Orduan berak tanto batez irabazi zuen, baina horrek ez du esan nahi larunbatekoa neurketa berdindua izango denik. Baliteke lehia estu bat irtetea edo baliteke norgehiagoka aurreneko tantotik erabat apurtzea. Hori ez da inoiz jakiten.

­Finaleko presioa aipatu didazu nahiz eta zuk esperientzia handiagoa izan eta faborito izan hasieratik.

Urte asko daramatzat buruz buru jokatzen eta esperientzia horrek abantaila pixka bat emango didala uste dut. Era berean, egia da Urrutia oso ongi moldatzen dela egun handietan. Berekin jokatu izan dut bikoteka eta ez da urduri jartzen den mutila. Faborito izatearena bizkarrean eraman beharko dudan pisua da, baina ez zait batere axola.

­Izan al zinen Urrutia eta Lizasoren arteko finalerdia ikusten?

Bai, bai, nire aurkaria gertutik ikusi beharra neukan (barrez).

­Eta? Gaztearen erakustaldia horrenbesterakoa izan al zen?

Beno... Aurreneko hamar tantoetan ez nuen ongi ikusi, kantxan jarri ezinik bezala ibili zen. Eta gero bai, sakatzen oso ongi ibili zen; pilota asko atzeratu zuen eta partida irabazteko gai zela sinetsi zuen. Esan beharra dago, hala ere, Lizasok behera egin zuela. Ez da Urrutiari merituak kentzeagatik, baina Iñakik ez zuen bere mailan jokatu, uste dut «gerra» gehixeago eman behar ziola.

­Azken urteotan bezala, aurten ere aurrelari bat eta atzelari bat finalean.

Hala tokatu da eta uste dut ikuskizunari begira hori ona dela. Bi atzelarik elkarren aurka jokatzen dutenean tantoa saketik egiten saiatzen dira beti, hori delako beren jokamoldea. Gure kasua, berriz, ezberdina da. Ez dugu oso fin sakatzen baina errestoan askoz min handiagoa egiten dugu. Saltsa hori interesgarria izango da.

­Biak atzo jokatuta zaudete.

Bai. Ez zait batere gustatzen kantxan sartu gabe denbora gehiegi egotea. Uste dut ona dela frontoia ez ahaztea, eta enpresak proposatu zigunez, bi aldiz pentsatu gabe eman nuen baiezkoa. Gaur gimnasioan saio arin bat egingo dut, bihar beste entrenamendu serio bat pilotariren batekin hautaketa baino lehen eta ostiralean lasai-lasai buelta txiki bat eman.

­Aukeraketa bihar duzue. Erremontean, ordea, ez da zalaparta handiegirik izaten, ala?

Ez. Kontuan izan behar da eskuz bi enpresa izaten direla tartean eta bakoitzak berea egin nahi izaten du. Gu, berriz, biok enpresa berekoak gara eta normala da haserrerik ez sortzea. Bestetik, oso zaila da erremonteko pilota bat lau edo bost kolpetan probatzea. Partida aurrera joan ahala ikusten da pilota bat egokia den ala ez.

­Eta zuri zer komeni zaizu?

Pilota zuzena izan dadila, sakeak paretan ezer arrarorik ez dezala egin. Eta karga pixka bateko pilotak badira, behetik ibiltzen direnak, hobe. Baina dagoenarekin jokatu beharko denez, hobe ametsik ez egitea.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Ikasturte berria, erronka eta zalantzak
Jendartea
Hospitalizado uno de los polizones que permanecen en Santurtzi
Euskal Herria
El PSOE da largas a las demandas para que los presos políticos vascos sean repatriados
Euskal Herria
D’Alema afirma que ETA es hoy un «movimiento político»
Euskal Herria
Bere burua biktimatzat du sutea dela-eta epaitu zuten Laudioko PPko zinegotziak
Ekonomia
Muere un trabajador en Allo cuando volvía a casa al término de su jornada
Mundua
74 hildako eta ia 100 zauritu Irakeko Diwanijatik gertu oliobidea lehertuta
Mundua
El neoliberalismo hizo más daño que Katrina
Kultura
Una OSE reforzada para la «Sinfonía alpina»
Jendartea
Arranca para los más pequeños el curso escolar en Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss