Albokarien topaketa Hernanin
·Datorren larunbat eta igandean egingo dute Mariano Barrenetxearen omenez
HERNANI
Hernaniko Musika Eskolako Albokari Taldeak antolaturik eta Euskal Herriko albokarien laguntzarekin, 1994. urteaz geroztik, urtez urte, albokarien Hernaniko topaketak egin dituzte. «Albokazale guztientzat jadanik ezinbesteko bilakatu den topaketa hauen helburu nagusiak hiru dira. Batetik, Euskal Herriko albokari eta alboka ikasleei elkar ezagutzeko eta elkartzeko aukera ematea. Bestetik, alboka munduan gertatzen ari diren berrikuntzak eta lantzen ari diren musikak ezagutarazteko aukera ematea. Eta azkenik, soinu-tresna hau eta bere musika ezagutaraztea eta gerturatzea», azaldu dute antolatzaileek.
Euskal Herriko Albokarien Hernaniko 13. Topaketa datorren larunbatean eta igandean izango da, eta Mariano Barrenetxeak protagonismo berezia izango du aurten. Larunbatean, Galdakaon jaiotako musikari eta ikertzailearen ekarpenak abiapuntu dituen emanaldia entzuteko aukera izango da “Hernani” Musika Eskolako Albokari Taldearen eskutik. 19.00etan, Biteri kultur etxeko areto nagusian izango da. Igandean, berriz, 10.30etik alboka doinuak entzungo dira Hernaniko kaleetan. Eguerdi-partean, alboka egileen azoka-erakusketa egingo dute Ezkiaga pasealekuan, baita Euskal Herriko hainbat lekutatik iritsitako albokari taldeen emanaldia ere.
18.30ean, albokari guztiek kalez kale kalejira eginda amaituko da aurtengo festa. Eguraldi txarra eginez gero, Ezkiaga pasealekuko ekitaldiak Sandiusterri aretoan izango dira.
|