Arrasatek Jokin Zaitegi euskaltzalea gogoraraziko du
ARRASATE. Aurten ehun urte bete dira Jokin Zaitegi euskaltzalea jaio zela. Hori dela-eta, Arrasateko Udalak haren omenezko ekitaldi bat antolatu du. Ignacio Lakuntza Arrasateko alkateak, Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiko ordezkariak eta Miren Azkarate Kultura sailburuak hartuko dute parte bihar, 18.00etan hasita, udaletxeko udalbatzar aretoan egingo duten ekitaldian.
Kanta-ikastaroak Donostiako hainbat auzotan
DONOSTIA. «Donostian kantuz» ekimenean, aurten ere kanta ikastaroak antolatu dituzte Donostiako hainbat auzotan. Ikastaroak baino gehiago kantazale topaketak dira. Ez dira abesbatzak, ezta ahots ona eskatzen, kantatzen gustatzea bakarrik. Intxaurrondon, Amara Berrin, Aieten, Antiguan eta Egian izango dira ikastaro horiek.
Kontzertu ugari «Ordizia kantuz» ekimenean
ORDIZIA. Hitzaro euskara elkarteak antolatuta, “Ordizia kantuz” ekimena egingo dute Ordizian, datozen egunetan. Hala, Asier Serranok kontzertu bat emango du bihar bertan; Arima Beltzak joko du hilaren 28an; Anari arituko da urriaren 5ean, eta Atoomoog, 12an. Ekimena urriaren 20an burutuko da, eta Pantxoak eta Peiok kantaldi bat egingo dute.
|