BILBO
Antton Kazabonen berrogeita hamargarren lana merkaturatu du Gero argitaletxeak egunotan. ‘‘Niko eta zaldiko’’ du izenburu, eta Belen Lucasek egin ditu irudiak.Alboka bilduman argitaratu du Gerok liburu hori. Saila iaz sortu zuen, eta 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dauden irakurgaiez osatuta dago. Narrazio ilustratuak dira, euskaraz sortutakoak. «Normalean, euskaratik gaztelerara ez da itzulpenik egiten; alderantzizkoak egiten dira. Hauek euskaraz sortu eta gaztelerara itzulita daude», azaldu dio GARAri Marieli Ituartek.
Bigarren liburu batekin zabaldu dute Albokaren zerrenda: Karlos Santistebanek idatzi eta Enrique Morentek marrazkiz hornitutako ‘‘Txori katua’’. Santistebanek bere liburuaren itzulpena egin du, eta Joxerra Gartziak, Kazabonen ‘‘Niko eta zaldiko”rena.
Durangoko Azokarako beste bi lan iragarri dituzte. Jon Suarez Barrutia idazlearen eta Jokin Mitxelena marrazkilariaren artean egin duten albuma da horietako bat.
Iaz Alboka aurkeztu zuen; aurten, berriz, Abarka izena du Geroren sail berriak. «Proiektu zoragarria da esan du Ituartek. Markina-Xemeingo Udalaren laguntzarekin, Peru Abarka Ipuin Lehiaketa sortu genuen. Oinarrietan ez genuen adinari buruzko xehetasunik aipatu; beharbada, gehienetan, albumak umeentzako direla ulertu ohi delako. Gauza da helduentzako narrazio bat izan zela irabazle». Yolanda Larreategi markina-xemeindarrak eraman zuen saria ‘‘Zaharrak berri, euriak’’ idazlanarekin.
Lehiaketa eginda, Alboka saila indartzea zen argitaletxearen hasierako asmoa. Yolanda Larreategiren lana, baina, ez da umeentzako egokia. «Nahiko gogorra da, oso tristea», nabarmendu du Marieli Ituartek. Zahartzaroaz, bakardadeaz mintzo da. Horiek hala, Abarka saila sortzea deliberatu zuten. Elena Odriozolak jarri dizkio irudiak ‘‘Zaharrak berri, euriak’’ lanari. Testua irakurri zuen; ikaragarri gustatu zitzaion eta berehala onartu zuen.
Abarka sailerako beste narrazio bat prestatzen ari dira. AlvaroRabelliren lumak idatzitakoa da, Idoia Beratarbideren marrazkiekin lagunduta. DurangokoAzokan aurkituko dugun liburua da.
Saiakeraren arloan ere badu Gerok zer proposatu irakurleei. Joseba Aurkenerena irakaslearen ‘‘Iparraldean gaindi’’, alegia. Ipar Euskal Herriari buruzko lan bat da.
Liburuak atzo aurkeztu zituzten Bilboko Casa del Libro liburu-dendan. Antton Kazabonen 50. argitarapenaren kariaz, omenaldi xume bat eskaini zioten idazleari. Joxerra Gartzia kide eta lagunak olerki bat zuzendu zion.