Berriro ere, lau elkartek euskararen jatorriari buruzko II. Biltzarra prestatzeko bat egin dugu: Euzko Izaera, Bizi-Hitza, Mikoleta eta ENA. Iazko emaitza biziki interesgarria izan zen, lehendabiziko aldiz euskararen jatorriari buruz sortu diren hainbat teoria batera azaltzeko aukera egon zelako: Kapanaga, Naberan, Arnaiz, Mendizabal eta Segurola izan ziren, besteak beste, hizlari Arantzazuko bilkuran. Aurtengo biltzarra Donostiako Aranzadin egingo da, urriaren 7an.Gaur egun ez dago gure hizkuntza milenarioaren sorreraz teoria bat onartuta. Baina hori baino kezkagarriagoa da zer gutxi lantzen dugun alor hau: jende gutxi, baliabide gutxiŠ interes gutxi. Beste gai askotan gertatzen den lez, euskararekiko interes gehiago dago atzerrian gure herrian baino.
Ez dakigu euskarak gaur arte irautea miraria izan den ala ez. Izan ere, esparru txiki-txiki baten hitz egin izan balitz bakarrik... agian, baina... Europako eremu zabal bateko hizkuntza izan balitz? ulertzekoa litzateke nonbaiten irautea, hots, gure txoko honetan.
Ez dakigu ziur, oraindik, Kapanagak eta Naberanek dioten moduan, euskaran hiru substratu daudela eta, ondorioz, seguruenik Europan hiru hizkuntz familia zeudela: mediterraniarrak, piriniarrak eta berebere-iberiarra. Ez dakigu ziur, Mujikak eta Segurolak esandakoaren arabera, euskara naturaren soinuen bibrazioez gizakiak egindako irakurketa den ala ez.
Baina gure senak diosku «pago» hitza ez zela latinetik etorri, ez genuela gure jatorrizko berba galdu, hori izan baita gure betiko berba. Hitz horren «go» osagaiak, Mujikak ederki azaltzen duen moduan, goian esan nahi duelako eta zuhaitz honen ezaugarria mendien goialdean egotea delako. Badakigu ere, gaztelaniazko «hacha» «atxa» idatzi beharko zela, hain zuzen ere hori izan zelako lehenengo aizkora, mendebaldean esaten den moduan, atx huts bat. Ez dakigu zelan gertatu zen baina, hizkuntza jolasteko denez, hona hemen ipuina:
Arabar-bizkaitarrak izan ei ziren harkaitzak aizkora moduan erabil zitezkeela ohartu ziren lehenak. Ehiztari talde batek ehizatu gura zuten orein baten gainean atx zati bat jausten ikusi zuen. Eurek be atx zati txiki bat hartu eta kolpatzeko erabiltzen hasi ei ziren.
Baina 40.000 urte geroago, Aiako Harrien inguruko nafar-gipuzkoarrek, asmakizuna hobetuz, makila bat lotu omen zioten haitzari eta, horrela, haitz-kora sortu omen zuten, alegia, «haitz»a eta «kora»piloa zituen tramankulua. Askoz ere praktikoagoa zela ikusita, euskaldunen artean berehala zabaldu omen zen eta, horregatik, gaztelaniaz bizkaierazko berba zaharra mantendu (hacha=atxa) eta euskaldun guztiok ekialdeko euskalkietan erabiltzen den «haitz» hitzetik sortutako aizkora erabiltzen dugu.
Euskal Herrian lehendabiziko aldiz antolatzen zen honelako biltzarra, erabat irekita partaideei. Hori izan zen lau elkarte batzean mahai gainean jarri zen erabakia: teoria bat ere ez baztertzea eta denek izatea aukera azaltzeko. Asmoa zera da, gaur arte sortu diren teoria guztiak ezagutzea eta, datorren urtetik hasita, lan konparatiboak egitea.
Urrian teoria eta gai interesgarri asko ekarriko dira Donostiako Aranzadin egingo den biltzarrera. Jon Baltzak, Deustuko Unibertsitateko irakasleak, euskararen eta euskaldunen adimen ikuspegiaren arteko harremanaz hitz egingo du. Bere esanetan, jatorri hitzak bi zentzu izan ditzake gutxienez. Historiaren begirada linealetik abiatuta eta istorioen zentzubidean abiatuta.
Iraide Ibarretxe Zaragozako Unibertsitateko Hizkuntzalaritza irakasleak Euskarazko onomatopeia hiztegi hirueleduna prestatzeko egin den lan lexikografikoa azalduko digu, baita hiztegi hau egiteko arrazoiak ere. Onomatopeiek azterlan linguistikoetan bete duten lekua, eta euskal onomatopeien ezaugarriei buruzko azalpen interesgarriak entzun ahal izango dira egitura, morfologia eta sintaxiaren ikuspuntutik aztertuta.
Imanol Mujikak, osasun egoeragatik, ezin izango du parte hartu, baina haren teoriak zabaltzeaz arduratzen diren Euzko Izaerakoak berari egindako grabazioaz arituko dira. Horretan fonema bakoitzaren esanahia azaltzen du eta, hori oinarri gisa hartuta, ehunka berbaren esanahia ulertzeko bide ematen du.
Estatutik hiru partaide izango ditugu ere Biltzarrean: Jose Luis Aleman ikerlea jadanik hilda dagoen Alexandre Eleazar idazlearen teoriaz arituko da. Horren arabera, antzina munduan hizkuntza bakarra hitz egiten zen, Elengoa. Bere iritziz, euskara horren ondorengoetako bat da, asko aldatuta, hala ere.
Antonio Arnaiz, Complutenseko irakaslea, izatez biologo eta medikua bada ere, antropologian dago buru belarri sartuta azken urteotan eta gene eta hizkuntzen arteko harremanez lan asko argitaratu ditu. Urte asko daramatza galdutako hizkuntzak ikertzen: hitita, etruskoera, minoikoera... Bere eskutik, hizkuntz tailer bat izango dute partaideek: iberiera zelan irakurri.
Armeniako Unibertsitateko Vahan Sarkisian irakasleak euskal-armeniar onomastikari buruzko txostena emango du. Aurreko biltzarrean ez zuen etortzerik izan baina argiaren eremu semantikoari buruzko ekarpena egin zuen.
Kantabriatik Jorge Mª Ribero-Meneses ikerlea etorriko da. Bere iritziaren arabera, Europako zibilizazio zaharra Kantabria-Euskal Herria-Akitania eremuan sortu eta hemendik gainerako eremuetara zabaldu zen. Eta aditzak nola entzun behar diren gaia hartuta, Pako Iriartek bigarren tailerra emango du. Amaieran ekarpenak egiteko aukera izango da.
Aurtengo biltzarrean, jatorriari buruzko liburu erakusketa ere izango da. Izan ere, liburu mota hau ez da eskuragarri izaten ohiko liburu dendetan eta aukera paregabea egongo da gai honen inguruko bibliografia ezagutzeko.
Jatorriari buruz, Arantzazun parte hartu zuten ikerleen teoria eta azalpenak denon eskuetan jarri ditugu, interneteko helbide honetan: www.euskararenjatorria.eu. Guztira hamabi txosten, bibliografia eta elkarte antolatzaileen informazioa eskura daiteke.
Laburbilduz, esan liteke hizkuntz autonomia badugula gaur egun eta, horrela, ez da harrigarria euskararen jatorriaren ikerketa ofizial guztiak latinean amaitzea, gaztelania eta frantsesaren amarengan. Horregatik, haratago joan behar dugu, aske, gure hizkuntzaren, historiaren eta idiosinkrasiaren jatorriaren bila.
Apal-apal gaude, euskararen jatorriaz dakiguna oso gutxi baita. Kapanagak bere liburuan, Barandiarani buruz ari dela, hau kontatzen du: «Joxemielekin solasaldi bat izan ondoren, baduzu ez dakigunaren ardura eta apaltasunaren sentipen».
Baina guk jakin badakigu gogoa, kemena eta elkarlana mahai gainean jarriz gero, urrutira heldu gaitezkeela eta, 10-20 urte barru, euskararen jatorriaz dakiguna askoz gehiago izango dela. Ekin diezaiogun beraz, euskararen paleolinguistikaren bide zoragarri honi! -
(*) Josu Naberanekin batera Patxi Alañak, Remo
Bianchinik, Urtzi Ihitzak eta Pako Iriartek ere sinatzen dute artikulu hau,
elkarte antolatzaileen izenean.