- Zaldi-mando probak
Aiako apustuko harria aztertuko dute
DONOSTIA
Joan den larunbatean Aian jokatu zuten zaldi-mando probak sekulako iskanbila sortu du. Harriaren azpialdea gastatuta zeukan, eta horrek iragartzen ziren baino marka handiagoak egitera eraman zituen.
Horrek zale askoren haserrea piztu du, baita ere probalariena ere. Ez galtzailearena bakarrik, irabazlea ere ez baitago oso gustura. Urkiagaren eta Olarrearen abereak neurtu ziren, eta azken horrek irabazi zuen aurrekoaren marka 29 minutu eta 15 segundoan onduta. Urkiagaren abereak 64 plaza egin zituen. Bi abereek uste baino askoz ere marka hobeak egin zituzten. 1.200 ikusle inguru batu ziren neurketa hori ikusteko, eta alde bakoitzak 3.000 euro jokatu zituen dirutan. Horiez gain, ordea, jendeak diru asko jokatu zuen, eta horrelakoetan susmoak eta errezeloak handitu egiten dira; are gehiago harriaren baldintza ikusita.
Harriaren egoera dela-eta, esamesa eta haserre ugari dago. Badirudi harria erakustaldi batean erabili zela, eta hortik omen dator arazoa. Harriaren azpiko aldea han gastatu zen, edo hori aitzakiatzat hartuta, norbaitek han eskua sartu zuen; hori dago jakiteko.
Guztia ongi aztertu eta amaieraraino iritsi nahi dute alde guztiek, eta atzo Aiako proben antolakuntzak bidali zuen ohar batek dioenez, larunbatean batuko dira bi probalariak, epaileak, antolatzaileak, Aiako Udala bai eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioa ere. Denen artean ikerketa zabaldu nahi dute, eta zer gertatu zen benetan jakin, ea harriaren egoera erakustaldi hartako arazoa den, edo norbaitek eskua sartu eta harriaren egoera aldatu ote duen jakiteko.
|