- Liga Federala
Hiru euskal talde izango ditu Lehenengo Mailak
·Donibane Lohizunek igoera fasean izan nahi du, eta Maulek eta Nafarroak, mailan segitu
DONOSTIA
Errugbian abiatu da Liga amateurra ere. Gaur egun, Estatu frantsesean bi liga handi daude. Liga Pofesionala, eta hor daude Top 14a, bertan Biarritz eta Aviron direla, eta Pro 2. Ondoren dator Liga Amateurra edo Liga Federala deitzen zaiona, hiru mailarekin, eta hor euskal talde dezente arituko dira.Maila nagusian, Lehen Mailan alegia, iaz baino bi euskal talde gehiago izango dira aurtengo sasoian. Iaztik Donibane Lohizunek jarraitu egiten du, ez baitzuen Liga Profesionalera pasatzerik lortu, eta aurten berriro ere Maule eta Nafarroa izango dira. Bi talde horiek orain dela bi urte ere maila horretan ziren, baina LehenMaila galdu ostean, iaz BigarrenMailan aritu ziren; egin beharrak ongi betez, gainera. Lehen Maila horretan, zortzi taldeko sei multzo daude, eta estreinako laurak bigarren fasera sailkatuko dira. Besteek ez jaistea jokatu beharko dute. Maule eta Nafarroa bosgarren multzoan arituko dira, eta horiekin batera, Blagnac, Tyrosse, Saint Paul Les Dax, Fleurance,La Teste eta Perigueux izango dira. Donibane Lohizune, berriz, seigarren multzoan arituko da eta Lurda, Olorue, Sarlat, Marmande, Cahors eta Lannemezan izango ditu aurrez aurre. Begirada batean, lapurtarrek beste bi euskal taldeek baino aurkari gogorragoak izango dituzte.
Euskal derbi bakarra
Aurten euskal derbi bakarra izango da maila honetan, Nafarroak eta Maulek jokatuko dutena. Azkar izango da, gainera, datorren igandean 15.00etan neurtuko baitira Donibane Garaziko zelaian.Ikusmina ere handia dago partida horretarako, neurketa ofizial batean lehen aldiz lehiatuko baitira bi euskal talde horiek. Laugarren denboraldia izango da Nafarroarentzat, Garazik eta Baigorrik bat egin ostean, eta inoiz ez da egon Mauleren multzoan. Lehenago, Maulek eta Garazik jokatzen zituzten partidak ere biziak izaten ziren, baina aspaldiko urteetan ezin izan dira zuberota- rrak Nafarroa Behereko hiriburuan ikusi. Nafar asko batuko da neurketa ikusteko, baina Zuberoatik ere jendetza izango da, eta Adolf Jauregi zelaia txiki geratuko da tradizio handia izan duen euskal derbia ikusteko. Bi taldeak, gainera, hasiera oso ezberdina izanda heltzen dira derbira. Lehen jardunaldian Maulek irabazi zuen, eta Nafarroak, aldiz, galdu; beraz, garrantzi handia izango du neurketak etxeko taldearentzat. Bestalde, multzoak ez dirudi Donibane Lohizunena bezain gogorra. Blagnac eta Perigueux izan daitezke aurkaririk gogorrenak. Donibane Lohizunek ez du horrenbeste zorterik izan, eta aurkari handi samarrak izango ditu multzoan. Lurda, Olorue, Marmande, Lannemezan oso talde indartsuak izan ohi dira urtero, eta aurten ere horrela izango dira.
Helburu ezberdinak
Lehen Maila horretan dauden hiru euskal taldeen helburuak oso ezberdinak izango dira. Donibane Lohizunek Pro 2rako igoera fasea jokatzea izango du helburutzat. Fitxatze asko ez ditu egin, baina egin dituenak asmo horrekin izan dira. Iaz oso lan ona egin zuten, eta aurtengo ez dute gutxiago nahi. Multzo gogorra dute, baina batzuk ongi ezagutzen dituzte, eta iaz ere izan zituzten aurrez aurre. Lapurtarrak berak ere gogorrak izango dira.Maulek eta Nafarroak bestelako helburuekin abiatu dute denboraldia. Bien nahia mailari eustea izango da, eta horretarako borrokatuko dira. Ez dute diru askorik, eta etxeko jendearekin jokatu behar izan dute. Maila amateurra izan arren, hiriburu handitako taldeak daude maila horretan, eta ongi kobratzen duten jokalari dezente dago, baina zuberotarrek eta Nafarroa Beherekoek ezin dute horiekin lehiatu; etxekoekin egiten dute aurrera. Jaitsiera saihesten baldin badute, biak konforme izango dira, eta, bestela, heldu den urtean ahaleginduko dira berriro ere igotzen. Maila horretako euskal taldeen artean, Maule da harmailetan jarraitzailerik gehien batzuen duen taldea, batez beste 2.000 ikusle izaten baititu etxean aritzen den neurketetan. Kontuan hartuta Maulen 3.000 lagun bizi direla, ez da batere zenbaki itsusia.
|