BAIONA
Bazirudien ezinezkoa izango zela EPB enpresaren eta Frantziako Federazioaren arteko akordiorik, baina azkenean adostu egin dira.
Akordio horrek hiru puntu garrantzitsu batzen ditu. Horietako lehendabizikoa babeslearena da. Horren arabera, Federazioak dituen babesleak Bakarkako eta Binakako txapelketetan erabiliko dira. Hortik aurrera, EPB enpresak bereak erabiliko ditu.
Bigarrengoa pilotariena da. Banakakoa eta Binakakoa EPB enpresaren eta Federazioaren artean antolatuko dute. Berak nahi dituen pilotariak fitxatuko ditu EPBk, orain arte bezala, nahiz eta lehiaketa ofizial hauetara aurkezteko, Federazioarekin hitzartu beharko duen zeinek jokatu eta zeinek ez. Beste enpresa profesionalen bat sortzen bada, hark ere bi lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izango du.
Hirugarren puntuan, berriz, argi eta garbi geratzen da Federazioak ez duela inongo eskumenik izango EPB enpresak bere zirkuituaren barruan antolatzen dituen lehiaketetan esku hartzeko. Horiek orain arte bezala jarraituko dute funtzionatzen.
Pilotarien eta Federazioaren arteko gatazka orain dela hiru urte inguru sortu zen. Urte batean lehiaketa ofizialik ez zuten jokatu, eta bigarrengoan pilotari profesionalek Federazioko lizentziak entregatu zituzten eta EPBkoekin hasi ziren jokatzen, Federazioaren madarikazioak jaso arren. Orduan, EPB Aspe eta Asegarce enpresak bezalaxe hasi zen lanean.
Gainera, bide horrek trinketean ere ateak zabaldu ditu, eta badirudi beste enpresaren batek ere trinketeko esku pilota profesionalean sartzeko asmoa duela. Hori berri ona litzateke trinketeko esku pilotarako.
Erabakiarekin, bi aldeak gustura agertu ziren, batez ere EPBkoak, askok ez baitzuen uste Ipar Euskal Herrian pilota enpresa bat aurrera joan zitekeenik, baina Jean Michel Idiarten taldeak posible dela erakutsi du.