Indarkeria adierazpenek ez dutela mahaiaren osatzea atzeratu behar esan dio Erraztik Imazi
BILBO
EAJko buru Josu Jon Imazek herenegun esandako hitzak zuzendu zituen atzo EAko presidente Begońa Erraztik, eta indarkeria alderdien arteko akordio politikoak geldiaraziko duela ziurtatu zuen; kale erasoez aritu zen modu horretan. «Eraso hauek zuzenak ez direla denek dakigu, baina horrelako prozesu ba- tean gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen», argudiatu zuen. Herenegun egindako adierazpenetan, kale erasoak izaten diren bitartean EAJk ez duela alderdien mahaian ezer negoziatuko agertu zuen Imazek. EAko buruak, baina, kontrako iritzia nabarmendu zuen atzo Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketa batean. «Indarkeriaren adierazpenik ez egotea nahiko genuke, baina egoten badira ere, aurrera egin behar dugu. Kontrako aukera gizartea indarkerian mantentzea izango litzateke», azaldu zuen. «Kale erasoaren kontra egon arren, hura mantentzen delako gure herriak konponbidea ez duela merezi edota ez duela lortuko esatea arduragabekeria itzela izango litzateke. Aurrera egin behar dugu, eta horrelako egoera gehiagorik ez egotea lortu behar dugu alderdi guztien konpromisoa lortuta, bai eta Batasunarena ere», jakinarazi zuen Begońa Errazti EAko presidenteak. Horiek hala, alderdi guztiek arlo politikoan aurrera egiten badute, indarkeria adierazpen guztiak desagertuko direla ziurtatu zuen. «Baina lehenengo arazoak izatean alderdien arteko elkarrizketa ez badugu bultzatzen eta alderdien mahaiaren erabilera ezinezkoa egiten badugu, prozesua atzeratzen egongo gara, eta hori onartezina da», ohartarazi zuen, herenegun Imazek esandakoa modu argian aipatuz.
PSOE eta Batasuna Alderdien arteko foroa aipatu eta udazkenean jarri behar dutela martxan nabarmendu zuen EAko buruak. Hala ere, gaur egun konponbiderako prozesua ez aurrera ez atzera dagoela onartu zuen, eta horren errua, besteren artean, Gobernu espainolari egotzi zion. «PSOE egutegia bere nahietara moldatzen saiatu da», salatu zuen. Horretarako, ETAren su-etena «egiaztatzea» edota Batasuna berriz legeztatzea «aitzakia gisa» erabili izana leporatu zion Erraztik Zapateroren Gobernuari.
Horiek ahala, «multilateralitate nabarmena» izan behar dela adierazi zuen, eta horri ondokoa gehitu zion: «PSOE eta Batasuna egutegia euren nahietara moldatzen nola saiatzen ziren ikusi dugu, baina bide horretatik PSEren interesak besterik ez zirela lortuko konturatu da dagoeneko Batasuna. Multilateralitatea da bidea, eta horretan gaude, hura berreskuratzen».Datozen hilabeteetan, alderdien mahaia osatzeko akordio politikoa hartuko dela pentsatzen du EAko buruak, eta datorren urteko hauteskundeek mahai horren lana ez luketela zertan baldintzatu gaineratu zuen.
Hauteskundeak «Datozen hilabeteetan mahaia oraindik martxan ez jartzeak adieraziko du batzuek mahaia atzeratu nahi dutela, eta hori gatazkari irtenbidea emateko eta gure herrirako oso txarra dela uste dut», esan zuen Erraztik. Hori dela-eta, «gakoa hauteskundeek alderdien mahaia ez baldintzatzea» dela errepikatu zuen. «Hilabete asko falta direla ematen du, baina ez dira horrenbeste», gogorarazi zuen.
Gobernu espainolaren eta ETAren arteko elkarrizketak ere aipatu zituen Erraztik atzo. Horren gainean, bi aldeetan arazoak sortuko direla esan zuen eta, horiek hala, ez erakunde armatuak ez PSOEk «gatazka behin betiko konpontzea ezta normalizazio politikoa» ez dutela baldintzatu behar adierazi zuen.«Egin beharrekoa den lan politikoa alde biak nola atzeratzen saiatu diren sentitu dut, eta hori ezin dugu onartu; izan ere, hori onartzea indarkeria baliagarria izan dela edo hark politika baldintzatzen duela esatea izango litzateke, eta ez da horrela», amaitu zuen Begońa Erraztik.
|