Xabier Izaga
Gizon haundixa
Ia berrogei urte zituen atxilo hartu eta kartzelara eraman zutenean. Orain baditu... 25 eta erdi gehiago. Morroilope dago oraindik, espetxe tratamenduaren lehen graduan, preso arriskutsuei dagokien moduan. Eta arrazoi dute sailkapen hori aplikatuta, arriskutsu gisa sailkatuta, alegia. Ez kartzeleroei edo besteri erasotzeko joera duelako... hartarako dohain fisikoak baditu ere edo bazituen, gizon indartsu horrek, baina zenbait gaitz larrik jota dabil aspalditik, gurpil aulkian ibili behar izateraino, ohetik ezin jaikitzeraino, bisitara ezin ateratzeraino. Ez, alde horretatik ez da arriskutsua; aitzitik, gizon lasaia da, bakean lagata behintzat. Osasunez ondo zebilenean, orduak ematen zituen oinez patioan zehar, lagunekin berbetan, irakurtzen... Edonola ere, arrazoi du Estatuak. Gizon arriskutsua da. Horregatik ez zuten nahikoa hari legea ahalik zurrunena aplikatzea. Ezarri zioten zigorra osorik bete zuen berak, legez zegozkion onurak jaso gabe, eta orain, gainera, luzatu egin diote beste bost urtez, atzeraeraginezko izaera emanda legea makurtuta. Arriskutsua da, Rafael Vera ez bezala, esate baterako. Arriskutsua Peio Etxeberria, Koldo Hermosa eta Kandido Zubikarai legez, Ińaki de Juana, Jose Mari Sagardui eta Bautista Barandalla diren modu berean, 700erainoko izenak, izanak, legeztxe. Gazte eta ez hain gazte askoren eredu baitira. Borrokatzeak gaur ere zentzu betea duela erakusten baitute egunero. Ez dira heroiak, haiek ere ez lukete halakorik esatea onartuko; jende normala dira, jende xumea, isilean borrokatzen direnak. Baina haiek gabe galduxeago egongo litzateke herri hau. Arriskutsuak, benetan, estatuak dira, ordea. Gizon-emakumeen eta herrien bizikidetza eta bizirako. Mendekatiak, miserableak... nola esan, bestela, babesgabeen dagoena suntsitzen saiatzeari? Berdin bake zein gerra garaian. Espainia eta Frantziakoek halaxe erakutsi dute, eta haien izaera zitala jasan dutenek nabarmenago utzi dituzte estatuok beren gizatasun, elkartasun eta duintasun ikaragarriekin. Badaezpada, zalantzarik balego ere, dagoela argi lerro hauek apologia direla. Gizon haundixaren apologia, urte luzeetan, egunez egun eta segundoz segundo denboraren joan eternal hori bizkarrean pilatuta baina burua gora eramaten dakien lagun puskaren apologia. Jon Agirre Agiriano Aramaioko arrasatearraren gorazarre. -
|